2022 ABEN. 02 Jone Bilbao eta Elena Muñoz dira 2022ko Txiotesia lehiaketako irabazleak Jone Bilbao eta Elena Muñoz izan dira Txiotesia lehiaketako azken edizioko irabazleak. Urdaibaiko estuarioko urak eta hesteetako hanturazko gaixotasunaren tratamendurako 3Dn egindako hidrogelak izan dira tesia sei txiotan laburtzeko artearen protagonistak. Txiotesia lehiaketako irabazleak, Eibarren egindako sari banaketan. (UEU) GAUR8 Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatzen duen Txiotesia lehiaketaren VI. edizioak baditu irabazleak: Jone Bilbao eta Elena Muñoz dira lehen sariak eskuratu dituzten gazteak. Egiten ari diren edo defendatuta duten tesia sei txiotan laburbildu behar izan dute lehiaketaren edizio honetara aurkeztu diren 106 ikertzaileek. Epaimahaiaren ebazpenaren arabera, Jone Bilbao izan da «txiolari ulergarriena» eta Elena Muñoz, originalena. Urdaibaiko estuarioko uraren kalitatea eta hesteetako hanturazko gaixotasunaren tratamendurako 3Dn egindako hidrogelen gaineko ikerketa izan dira txio horien protagonistak. Jone Bilbaok Ingurugiro Zientziak ikasi ditu eta tesiko azken urtean ari da UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ibai Ekologia Taldean. 1⃣ "Urdaibaiko estuarioko saneamendu-lanen efektua aztertzen fitoplankton eta aldagai fisiko-kimikoen analisien bidez" izeneko tesian murgilduta ibili naiz azken 3 urteetan. Baina, zergatik fitoplanktona❓ Eta zergatik Urdaibai❓ Adi! 👀🧵 #txiotesia6 pic.twitter.com/Qxq65Bzq4o — Jone Bilbao (@jonebil) November 22, 2022 Elena Muñoz Farmazia Fakultatean, NanobioCel taldean egiten ari da tesiaren bigarren urtea. 1, Atzo nire amak nire tesiaren izenburua galdetu zidan. Nik erantzun nion: Hesteetako hanturazko gaixotasuna tratatzeko zelula ama mesenkimaletako serkretomaz kargatutako hidrogeletan oinarritutako ondeste-formulazioen 3D inprimaketa. Bere aurpegia hemen behean: #txiotesia6 pic.twitter.com/8IpWicOp8X — Elena Muñoz Pérez (@ElenaMuozPrez1) November 22, 2022 Uxoa Iñurrietak, Oskar Gonzalezek, Miren Berasategik, Jon Mentxakatorrek eta Eider Urkolak osatu dute edizio honen epaimahaia. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 1ean egin zuten Eibarko Markesona Jauretxean, gonbidatu berezi batekin: Doktoregoak Txileko Andres Beelo Unibertsitatera eraman zuen Aitor Cevidanes Miranda. “Euskara buruan ikertu munduan. Euskal Zientzialari gazte baten gorabeherak” hitzaldia eskaini zuen.