GAUR8 - mila leiho zabalik

Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Sariak banatu dituzte Bilbon

Beñat Garaio, Eneko Iradier, Iñigo Arrazola, Manu Araolaza eta Maitane Basasorok jaso dituzte Euskarazko Tesien VIII. Koldo Mitxelena Sariak. Azken bi urteetan UPV/EHUn euskaraz aurkeztutako 86 tesietako 44 aurkeztu dira sarietara.

Saridunak eta erakunde antolatzaileetako ordezkariak, Bilbon. (Euskaltzaindia)

Beñat Garaio, Artea eta Giza Zientzien arloan; Eneko Iradier, Ingeniaritza eta Arkitekturan; Iñigo Arrazola, Zientzietan; Manu Araolaza, Osasun Zientzietan; eta Maitane Basasoro, Gizarte eta Lege Zientzien arloan dira Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Sarien azken edizioaren irabazleak.

Euskaltzandiaren Bilboko egoitzan ospatutako sari-emate ekitaldian Eva Ferreira UPV/EHUko errektorea, Jesus Mari Makazaga UPV/EHUko Euskarazko Aholkularitza eta Testugintzaren arloko zuzendaria, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Adolfo Arejita Euskaltzaindiaren idazkaria izan dira.

Euskarazko ikerketa bultzatzea eta ikertzaile gazteen lana aitortzea helburu duten sariak orain 16 urte eman ziren estreinakoz. Zehaztu dutenez, EHUn 2020ko irailetik 2022ko uztailera arteko tartean euskaraz idatzi eta defendaturiko doktorego-tesiak dira gaur nabarmendu direnak.

Saridunek diploma eta 2.000 euro jaso dituzte, baina lanetako batzuk argitaratu ere egiten direla gogoratu du Andres Urrutiak. Adibide gisa Miren Ibarluzearen ‘Euskal literatura itzuliaren egitura eta islak’ edo Eneko Zuloagaren ‘Mendebaldeko euskara zaharra: ezaugarriak, kronologia eta geografia’ lanak aipatu ditu euskaltzainburuak.

%90 baino gehiago EHUn

Tesien euskarazko produkzioaren harira, Eva Ferreirak nabarmendu du «euskaraz egindako doktorego-tesien %90 baino gehiago Euskal Herriko Unibertsitatean egin» dela; «%93, bakarrik Euskal Autonomia Erkidegoaz ari bagara».

Azken edizo honetan aurkeztutako lanen arloei begira, Zientziena izan da tesi gehien izan dituena, 13 guztira; beste 12 tesi Osasun Zientzien arlokoak izan dira; 8 Artea eta Giza Zientzietan; 7 Gizarte eta Lege Zientzien ingurukoak, eta lau, Ingeniaritza eta Arkitekturaren arloan.