2025 AZA. 22 PANTAILA TXIKIAN Deserosotasunaren lurralde labainkorrean Idatzi bi izenburu hauek: «The Chair Company» eta «The Rehearsal». Tira, gogora itzazu bereziki proposamen desberdinak, apurtzaileak eta, batez ere, deserosotasuna sortzen dutenak maite badituzu. Jarraian, bi telesail deskribaezin horiek aztertu eta zergatik diren hain bereziak azalduko dut. Deserosotasunaren lurralde labainkorrean murgiltzeko prest? Gaizka Izagirre Aurten milaka telesail estreinatu dira, eta, zoritxarrez, bata bestearengandik geroz eta berdinagoak. Askok algoritmoen eskutik jaiotako izenburuak dirudite, produktu prefabrikatuak balira bezala. Itsaso zabal horretan zerbait sakona eta koherentea egin nahi duten sortzaileentzat ez da erraza izaten nabarmendu eta bereiztea: batzuetan istorioak harrapatzen du ikuslea, beste batzuetan estetikak liluratzen du, eta zenbaitetan, aktoreen lana bihurtzen da argia iluntasunean. NARRATIBA APURTZAILEEN MUNDUA 2025ean, estiloari eta tonuari dagokionez, guztien gainetik nabarmendu diren bi izenburu jaio dira: “The Chair Company” eta “The Rehearsal”. Proposamen bitxiak eta desberdinak dira, eta akaso ez dira ikusle guztientzat gustukoak izango. Baina zin dagizuet: aurten eta, ziurrenik, denbora luzez, ez duzuela proposamen hauen antzekorik ikusiko. Nahiz eta “The Rehearsal” eta “The Chair Company” oso telesail desberdinak iruditu, biek dute alor liluragarri bat: deserosoak dira, ustekabekoak, eta sorkuntzari buruzko hausnarketa biziki interesgarria plazaratzen dute. “The Rehearsal”-en, Nathan Fielderrek mundu hiperrealistak eraikitzen ditu bizitza errealeko erabakiak entseatzeko; kontrolaren eta zaurgarritasunaren, errealitatearen eta simulazioaren arteko tentsioa arakatuz. Bestalde, “The Chair Company”-k desafio egiten dio ikusleari, espektatibak iraultzen dituzten pertsonaien eta egoeren bidez. Bi telesailek formatu tradizionalekin apurtzeko anbizioa partekatzen dute: narratibarekin eta formarekin esperimentatzen dute, ikusleak ikusten duena eta hautematen duena zalantzan jartzera behartuz. «THE REHEARSAL»: ERREALITATEAREKIN ETA FIKZIOAREKIN JOLASEAN Irudikatu honako egoera: familiako kide edo lagun bati albiste txar edo desatsegin bat emateko zorian zaude, baina ez duzu zeure burua prest ikusten. Urduri zaude, eta zalantzati; elkarrizketa horren ondorioak ezin iragarrizkoak dira, eta ez dakizu nola erreakzionatuko duen. “The Rehearsal” telesailak (euskaraz, “entseguak” esan nahi du) erabat lausotzen ditu errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak, eta mota horretako egoerei aurre egin behar dieten benetako pertsonak ditu protagonista. Nathan Fielder komediante, gidoilari, ekoizle eta zuzendari kanadarra ezaguna da bere umore berezi eta deserosoagatik; “The Rehearsal” ekoizpenarekin beste maila batera eraman du bere obra. Fielderrek elkarrizketak edo bizitza errealeko egoera zailak entseatzen laguntzen dio jende arruntari. Horretarako, agertokiak xehetasunez birsortu, eta elkarrizketa horietan sor daitezkeen egoera posible guztiak entseatuko ditu. Aurretik idatzitako gidoi baten bidez, egoera bakoitzerako askotariko irtenbideak planteatuko dizkie gonbidatuei, eguneroko bizitzan zama handikoak bihur daitezkeen egoerei aurre egiteko. Docureality-aren kontzeptua beste maila batera eramaten du telesail bitxi honek. Telesailaren alderdirik liluragarriena ez da gertatzen den hori, baizik eta gertatzen den horrek nola behartzen duen ikuslea saiakeraren beraren helburua ezbaian jartzera. Zenbateraino kontrolatu daitezke erabaki edota ekintza jakin batzuen ondorioak? Zertarako balio du aldagai bakoitza planifikatzeak gizatasuna, berez, aurresanezina bada? Bisualki, telesaila hotza da, eta, hizkuntza zinematografikoaren ikuspuntutik, ezin sinpleagoa, baina beste forma bat erabiltzea zentzugabea izango zatekeen. Tonua oso bitxia da, planteatzen diren egoerak maiz serioak diren arren umore oso deserosoa baitu helduleku nagusia. Telebistako produktu arrunt baten itxura du, baina dirudien baino askoz sakonagoa da obra berdingabe hau, deseroso sentiarazteko beldurrik ez duen esperimentu bat; reality-aren, dramaren eta komediaren egiturekin jolastu, eta zerbait guztiz berritzailea eraiki du Fielderrek. Ez da ikusle guztientzako moduko edukia, baina telesaileko jokoan sartzen diren ikusleak ohartuko dira pantaila txikiko gaur egungo eskaintza zabaleko esperientzia probokatzaile eta ahaztezinenetako bat dela. Liluragarria bezain zentzugabea da. Aurten estreinatu den bigarren denboraldiak Fielderrek lehen zatian ezarri zuen kontzeptuari jarraitzen dio: errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak arakatzea. Baina oraingoan ez du bakarrik parte-hartzaileen psikologian sakontzen; Fielderrek berak narrazioan duen eraginari ere arreta jartzen zaio, eta, batzuetan, bere eremu pertsonalera jauzi egiten du. «THE CHAIR COMPANY»: ISTORIOA EGOERA HUTSAL BATETIK JAIOTZEN DENEKOA Laneko gertakari deseroso baten ondoren, William Ronald Trosper irismen handiko konspirazio bat ikertzen hasi da. Thriller eta suspense kutsua duen premisa hori irakurri ondoren, telesail serio eta bizi bat ikusiko duzula pentsa dezakezu, ezta? Egia da elementu horiek badituela, baina muinean, istorioa absurdoa eta zentzugabea da; bertatik jaiotzen da seriearen umore bereizgarria, deskribaezina, bizarroa eta batez ere absurdoa. Aurkezpen jendetsu batean, eszenatokian dagoen eserlekuan esertzera doanean, krak!, aulkia hautsi eta protagonista lurrera erortzen da, ehunka pertsona begira dituela. Gertaera horrek sortzen dion lotsa, ezinegona, inpotentzia, frustrazioa hain da handia, ezen aulki hori fabrikatu duen enpresa ikertzea erabakiko duen, atzean konspirazio bat dagoela sinetsita. Guztia, absurdukeria etengabetik irten gabe, iluntzen eta korapilatzen joango da. Tim Robinson, “The Chair Company” telesailaren aktore protagonista, gidoilaria eta sortzailea nor den azaltzea garrantzitsua da: komediagile, aktore eta gidoilari estatubatuarra da, eta gero eta presentzia handiagoa du komedia garaikidean. Deserosotasunaren, absurdoaren eta molde konbentzionaletik ateratzen den komedia maite baduzu, gorde ongi bere izena. Aldiz, umore mota hori gustuko ez dutenek, gorrotatu egingo dute. “The Chair Company”-k komedia deserosoaren eta thriller konspiratiboaren egitura uztartzen ditu, eta horrek sentsazio hibrido interesgarria sortzen du: barrea eragiten du, baina, aldi berean, oso bitxia eta kezkagarria da. Deserosoa izateko beldurrik ez duen komedia berritzailea eta berezia da, desorientazioarekin jolasten duena eta hutsala dena balizko paranoia bihurtzen duena.