2025 ABEN. 20 3 BEGIRADA: Psikearen hastapenak: iluntasun urtsua Bidaia hasi da. Hazi eta eraldatzen zoaz, zelulen sinfonian ugalduz. (GETTY IMAGES) Leire Lareki eta Eneko Mendiluze Psikopedagogoa eta psikologoa Zure historiak amaren umetokiko iluntasun urtsuan du hasiera, bizitzaren dantzak inguratzen zaituen lekuan. Igerilari bizkor bat, zure aitaren espermatozoide bat, elkartzeko eta izaki berri bat sortzeko irrikaz dagoena, zure amaren obulu pazientearekin elkartzen da. Denboraren aurkako lasterketa baten ondoren ematen den dantza frenetikoa da, eta, zure amaren eta zure aitaren zelulen arteko besarkada intimoa ematen ez bada, musikak ez du jarraipenik izango. Modu horretan, izaki bakar bilakatzen zara, espermatozoidea eta obulua, bizitzaren misterioa muinean izanik. Horrela, sua pizten da eta indarrez eta energiaz hedatzen hasi zara. Dantzak josten zaitu. Zure zelulak azkar bikoizten dira, zure gorputza izango denaren zimenduak eraikiz. Zure organoak, garapen goiztiarrean forma hartzen hasi dira, zehaztasun amaigabearekin, puzzle baten piezak balira bezala. Bidaia hasi da. Hazi eta eraldatzen zoaz, zelulen sinfonian ugalduz. Zure lehen taupadak azkarrak dira, oso azkarrak. Zure amaren gorputzean urruti, leun eta suabe entzuten dira. Taupada bakoitza itxaropena da, zure garapen geldiezina markatzen duen hotsa. Lehen hilabetea da eta zure bihotz txikia, momentuz, iluntasunean dagoen distira minimo bat besterik ez da. Zure nerbio sistemaren, zirkulazio aparatuaren eta digestio aparatuaren oinarriak sortzen eta eratzen hasi dira. Bigarren hilabetera iritsi zara eta organoek garatzen jarraitzen dute. Zure bihotzak hazten ari den zirkulazio aparatuaren bidez odola ponpatuz existentziaren konpasa markatzen du. Gorputz-adarren kimuak agerian geratzen dira, bai eta begien eta belarrien lehen trazuak ere. Zure bizitza biologikoaren koreografian, aste, egun, ordu, minutu eta segundo bakoitza, urrats berri bat da. Hirugarren hilabetea da eta birikak garatzen hasi dira. Garuna ere hedatzen da zure neurona-sare konplexuaren oinarriak sortuz. Besoak, hankak eta azazkalak garatzen ari dira ere, eta eskua ahora eramaten hasi zara. Laugarren hilabetearen hasieran, zure aurpegiaren ezaugarriak bereizten hasi dira, artista arduratsu baten trazu zehatzen moduan. Zure begiek eta belarriek beren lekua hartu dute, besoak eta hankak askatasun handiagoz mugitzen hasi diren bitartean. Gibela, urdaila, hesteak... Digestio aparatuak aurrera jarraitzen du eta zure sexua definitzen hasi da. Bosgarren hilabetean, are aktiboago zaude. Zure hezurrak gogortu eta muskuluak indartu dira. Barne-organoek garatzen jarraitzen dute, arnas aparatua hobetzen doa baina birikek oraindik prest egoteko denbora behar dute. Seigarren hilabeterako, larruazala pigmentatuagoa bihurtu da, ilea hazten hasi zaizu. Zure organoak umetokitik kanpo bizitzeko prestatzen ari dira. Birikek heltzen jarraitzen dute eta kanpoko estimuluei erantzuten hasi zara, hala nola, soinuei eta ahotsei. Estimuluekin lasaitzen edo urduritzen zara dagoeneko. Modu horretan beldur eta segurtasun sentsazioek indarra hartzen dute zure barnean. Une bakoitza, momentu bakoitza, aurkikuntza bakoitza, topaketa berri bat da. Zazpigarren hilabetean pisua azkar irabazi duzu eta zure organoak garatuta daude, nahiz eta osatzen jarraitu behar duzun. Zure immunologia, zirkulazio eta arnas aparatuak ia prest daude umetokitik kanpo funtzionatzeko. Hazten eta pisua hartzen jarraitzen duzu zortzigarren hilabetean. Zure birikak amaren sabel berotik kanpo arnasa hartzeko prestatzen dira eta ahoarekin hurrupatze-mugimenduak egiten hasi zara. Bederatzigarren hilabetean prest zaude kanpoko munduan bizitzen hasteko. Organoak nahiko osatuta eta indartsu dituzu eta horrela, gaur eta orain, ikusminez beteriko egun honetan, zure amaren gorputza eszenatoki estu bihurtu da. Estuegia. Zure bihotza bizkortu da eta zure amaren taupada azkartuak entzuten dituzu. Mundu ezezagun baterantz gerturatzen ari zara. Zure amaren umetokiaren lepoa argirantz doan igarobide estua bilakatu da. Zeharkatzen duzu, eta, soinurik gabeko oihu batekin, zure lehen arnasketa sentitzen duzu, zure birikak hedatzen dira eta zure begiak kanpoko munduaren distirara ireki dira. Zilbor hestearen etetearekin batera, utero psikologikoaren beharrean zaude. Ongi etorri mundura. •