GAUR8 - mila leiho zabalik
Elkarrizketa
MAIALEN HIRIBARREN
XILABAKO TXAPEL EMAILEA

«Bertsoa azkar ikusten badut, euskara ahul ikusten dut»

Euskararen militantea da. Seaskan aritu da irakasle 42 urtez, euskarari erroak ematen. Eta Bertsularien Lagunak elkartean ere aritu da, bertsoari hegoak ematen. Berak jantziko dio txapela txapeldunari.

(Guillaume FAUVEAU)

Maialen Hiribarrenen (1957, Itsasu) egitekoa izango da Xilabako finalean txapeldunari txapela janztea. Euskarari eskutik emanda egin du bere bidea; Seaskan irakasle aritu da berrogei urtetik gora, Baionan eta Angelun. 1990-2010 bitartean Bertsularien Lagunak elkartean ere aritu zen boluntario, bertsoari eta euskarari bultzada eta arnasa emateko sinesmenarekin.

Txapeldun berria izango du Xilabak eta Maialen Hiribarrenek jantziko dio txapela.

Txapeldunari txapela jantziko diozu. Egiteko garrantzitsua da.

Urduritzen hasi naiz. Elkarrizketa anitz eta agerpen anitz izaten ari naiz; ez da nire ohituretan eta ez naiz zale handia egia esan. Ez nuen aitzin ikusia hainbeste eskatua izanen nintzela.

Proposamena nola jaso zenuen?

Ezusteko handia izan zen lehenik eta poza ondotik. Hain nintzen harritua ez bainuen zalantza handirik izan, gero damutu bazait ere, edo erdi damutu bederen.

Zein lotura duzu bertsolaritzarekin?

Bertsularien Lagunak elkartean aritu naiz bulegoan lanean eta transmisio lanean boluntario gisa. Hamabost bat urtez, 1990-2010 bitarte horretan. Garaia zen non Iparraldean, Hendaian salbu, ez zen deusik eta bertsoa hilzorian zen. Nik hala bizi nuen. Ni Seaskako irakasle egon naiz 42 urtez eta nahiz eta irakaskuntza arautuan zerbait bazen, ez zen bertso eskola antolaturik eta ez zen beraz bertsolari handirik ateratzen. Hor hasi zirelarik, berpizte bat izan da maila horretan.

Lehen Xilabaren antolaketan ere aritu zinen.

Bai, hor nintzen. Xilaba aitzin Hernandorena saria izan zen, taldekako txapelketa batzuk, hemengo gazte batzuek Nafarroakoan parte hartu izan dute... eta orduan sortu genuen Xilaba, hiru lurraldeetarako.

Bertsolaritza suspertu da, horren seinale aurtengo Xilabaren argazkia. Zertan asmatu da?

Zertan asmatu den ez dakit zuzen, baina zerbaitetan asmatu dela bai. Zinez urrun heldu dena baita. Dakigularik 30 bertso eskola daude haur eta gazte mailan eta bertsozale andana izan da bertso saioetan. Uste dut urrats bat eman dela aitzina.

Aurtengo finaleko seikoteari begira, nabarmentzekoa da emakume bertsolariek egin duten bidea. Bederatzi parte-hartzailetik, bost finalista.

Hori ederra da. Bertsoak aitzinamenduak egin ditu eta emazteek ere egin dituzte. Ondoko urteetan ere aitzina joango dira.

Miren Artetxe eta Irantzu Idoateren artean, hogei urteko aldea. Ederra da belaunaldi desberdinak elkarren ondoan ikustea.

Hor ikusten da egin den lana. Batetik, ikusten da gazte-gaztetatik badutela gogoa, gaitasuna eta fedea bertsotan egiteko. Eta, bestetik, ikusten da horrek irauten duela. Irantzuren 20 urteek gaztetasuna erakusten dute eta Mirenen 40 urteek, iraupena. Hori oso ederra da, biak behar-beharrezkoak baititugu.

Erretreta hartuta zaude. Bertsoaren plaza gehiago jarraitzen al duzu?

Denbora gehiago dudalarik, plazer hartzen du bertsolaritzarekin bai.

Asteroko plaza horiek maiteago omen dituzu txapelketak baino.

Egia da hori. Nik ez dut txapelketa izpiritu hori biziki argi. Aldiz, gustukoago ditut bertsoak dakarren gozamena, euskararen entzutea, sortzen duen giroa... Txapelketak preziatzen ditut, saioak biziki gustura entzuten ditut, baina maitez, maiteago dut bestea.

Lehen 30 bertso eskola aipatu dituzu. Euskararentzat ekosistema indartsua da hori, ezta?

Bai, hori da. Bertsolariak sortzen ditu bertso eskolak eta horiek beharrezkoak dira. Baina ez dira denak plazetan ateratzeko gai eta orduan horiek bertsozale bilakatzen dira. Eta bertsozale bat ez da euskaltzale baizik izan ahal. Bertsoaren entzuteko eta gozatzeko euskara behar da barne-barnetik sentitu eta gozatu. Enetzat biak elkarri josiak dira, ezin bereizizkoak dira.

Urratsak egin diren arren, nola ikusten duzu euskara Ipar Euskal Herrian?

Bertsoa azkar ikusten badut, euskara ahul ikusten dut. Iduritzen zait gero eta gutxiago mintzatzen dela eta hor badela zinez arrangura handi handi bat. Pentsatzen dut bertsoak zerbait ekarriko diola, baina ez da aski izanen bertsoarekin ere. Denek zinez berriz lotu behar dugu euskarara, dena egiteko gelditzen da oraindik. Aitzinamenduak ikusi baldin baditugu, iruditzen zait geldian dagoela euskara gaur egun eta badela anitz egiteko. Zerbait pentsatu beharko da.

Zu nola lotu zinen euskarara?

Euskaraz bakarrik hitz egin nuen bost urte bete arte. Gero, ahaztua izan nuen nerabezarora arte. Ni herri ttipi batekoa naiz eta eskolara Baionara joan nintzelarik, ohartu nintzen banuela hizkuntza bat eta balio zuela hizkuntza horrek. Hor kontzientzia hartzen hasi nintzen. Gero Seaskan sartu nintzen eta hor buru-belarri aritu naiz euskararen alde lanean.

Kontzientzia aipatu duzu. Ezagutza ez ezik, kontzientzia ere beharko du euskarak aurrera egiteko, ezta?

Bai, eta uste dut bata ez doala bestea gabe. Euskara gaur egun ez da naturalki eta ohiturez ematen, beraz, kontzientziatik pasatu beharko da.