GAUR8 - mila leiho zabalik
MUNDAKAKO LAMINAK

Itsasbazterreko emakumeen etorrera alaia

(Ilustrazioa: Amaia CARRERE)

Inauteriak aipatzean, nagusiki landa eremuko herriak irudikatu ohi ditugu. Bizkaiko kostaldean, baina, badira ibilbide luzea duten aratusteak, Lekeition esaterako, zein berrikiago abian emandakoak ere, Bakioko Anarru eguna kasu. Mundakan Frankismoko urteetan ere mantendu ziren aratusteak. Zuriz beztitutako atorrek, estudiantina moduan antolaturiko gizon gazteek, musika instrumentuak eskuetan hartuta, propio aratusteetarako konposatutako kantu eta koplak kantatuz, Mundakako portua alaitzen dute domeka goizez.

Franco hil ondoren, ospakizuna berreskuratu, indartu, baina bereziki gaurkotu egin zen. Horren adibide da 1977an emakume gazte talde batek, inauterietan parte hartzeko gogoak akuilatuta, laminen pertsonaia sortu izana: emakumezkoek gorpuzten dute lamina, aurpegi zurian begi-hondoak beltz, beltzez jantzita, abarkak oinetan eta artilezko ileorde hori luzez apainduta, iji-ajaka musika joz; herriko kaleetan dantzan eta kantuan ibiltzen dira arratsalde partean, goizeko atorrekin kontrastean.

Euskal mitologiako pertsonaiaren aratusteetako presentziak, erreketan ez ezik, itsasbazterretan ere laminen inguruko kondairak badirela gogorarazten digu. Mundakan bertan bada Lamiaran izeneko baseliza bat, izen bereko auzoan. Mundakan, beste hainbat herritan bezala, kontrajarritako dikotomien logikaren barruan ardazten da inauteria: ordena eta anabasa egunaren antolaketan zein koloreen kontrastean gorpuzten dira, baina irizpide nagusia generoaren arabera berezitako pertsonaietan haragitzean datza.

Laminen pertsonaiak inauteri ospakizunetan emakumeen lekuaz galdekatzen gaitu, iraganean hartutako erabakiak mahai gaineratuz lehenik, baina baita gaur egungo eztabaidek izan dituzten erantzunak aintzat hartuz ere. Hainbatetan isildu edo gutxietsi izan da emakumeen parte hartzea inauterietan, baita parte hartze hori gertatu izan den kasuetan ere. Are, zenbait rol edo mozorrotan parte hartzea ukatu ere egin zaio emakumeari, bereziki azken hamarkadetan eta ustezko tradizioaren izenean. Egun, jantzien inguruan hausnarketa interesgarriak daude euskal dantzaren eremuan eta inauterien testuinguruan. Usu, mozorro edo jantzi berberen bidez bermatu da emakumeen parte hartzea gizonezkoen ondoan, bai eta genero iruditeriari loturiko jantzien bidez ere (gonak vs galtzak), edo, bestela, Mundakan bezala, berezko pertsonaiak sortuz.