2014 UZT. 26 Eskuak erabiltzen Mikel Olasagasti Orain urte eta erdi bekadun bat hartu zuten lanean, gure taldea osatzeko asmoz. Lehen asteetan, gure lan egiteko teknikak erakusteko helburuari jarraituz, nire ondoan izan nuen. Hasieratik galdera mordoa egiten zizkidan, baina galdera batek txundituta utzi ninduen: zuk dena teklatuarekin egin behar duzu derrigorrez? Barregura sortu zidan galderak eta baiezkoa bota nion, ahal dudan neurrian eskuak teklatutik mugitzen ez ditudala azaltzen nion bitartean. Galdera bitxia iruditu zitzaidanez, hurrengo egunetan bere lan egiteko modua aztertu nuen eta oso traketsa zela ohartu nintzen. Mekanografia jakiteaz gain erabiltzen ditudan aplikazioen laster teklak zeintzuk diren ikasten saiatzen naiz. Gainera, ordenagailu eramangarri batekin egiten dut lan eta azpialdean dakarren sagu edo trackpad-a nahikoa da niretzat gauzak ziztu bizian egin ahal izateko. Aldiz, gure bekadunak mekanografia ezagutza falta zuen eta saguarekiko dependentzia itzela. Mekanografia ordenagailu batekin lan egiten duen norbaitentzat zerbait beharrezkoa dela deritzot. Idazten dena irakurtzen joateko aukerak eta teklatura begiratu gabe lan egiteak lana askoz errazagoa eta arinagoa bilakatzen dute. Gainera, hamar hatzekin idaztea birekin edo norberak asmatutako teknika batekin idaztea baino askoz erosoagoa da. Nik 8-9 urterekin ikasi nuen eskolan mekanografia, eta, garai haietan behintzat ohikoa ez zenez, beti eskertu izan dudan zerbait izan da. Klasean genituen IBM zahar batzuk erabiliz, diskete batetik kargatzen genuen AccuType izeneko programa. Ariketa hori eguneroko lan edo ohiko ariketa bezala aurkezten zen. Astean zehar, txandaka, ikasle guztiek egiten genituen saio bat edo bi, bakoitzak bere erritmoan noski. Ordenagailu primitibo haietan sortzen genituen arazoen aurrean Axun, Bernardo eta Justok erakusten zuten egonarria ikusita, irakasleon pazientziak amaiezina zirudien. Teklatuak ematen dituen aukera ezberdinen erabilera mekanografiaren eskutik dator. Tira, teklatuak baino, aplikazioek teklatuarekin ematen dituzten aukerak dira. Interneten nabigatzerakoan bilaketa bat egiteko ez da sagurik erabili behar, ezta fitxa berri bat ireki edo fitxaz aldatu nahi denean, ctrl+t, ctrl+k edo ctrl+zenbakia nahikoa dira. Sistema eragilean ere alt+tab edo win+eskubi/ezker bezalako konbinazioak erabiltzea nahikoa izaten da leihoak kudeatzerakoan sagurik ukitu behar ez izateko. Sagua erabiltzea ez da txarra, baina etengabe eskuak teklatutik kendu eta sagua erabili beharrak asko motel dezake norberaren lan erritmoa: askotan inprimaki bat betetzerakoan eremu batetik bestera, TAB sakatu beharrean, saguarekin klik egiten joaten ikusi dut baino gehiago! Egia da konbinazio horiek ez direla inon garbi azaltzen, baina nahikoa izaten da aplikazioaren inguruan bilaketa bat egitea milaka aukera ikasteko. Nire aldetik mundu guztia mekanografia ikasi eta praktikatzera animatuko nuke. Teknika epe laburrean ikasten da eta emaitzak berehala ikus daitezke. Bestalde, egunero aplikazio berdina erabiltzen duenari, izan Office, LibreOffice, Firefox edo Photoshop, oso lagungarri suertatuko zaio laster teklak ikastea: egin beharrekoak errazago eta bizkorrago burutzeko aukera izango du. •