GAUR8 - mila leiho zabalik

Txikitasunaren muga


Orain hilabete batzuk Wikipedia hezkuntzan erabiltzeko ikastaro bat eskaini nuen Donostiako irakasle eskolan. Bertan, euskarak, bere txikitasunean, zuen entziklopedia digitalaren tamainaz hizketan aritu ginen. Ondoren gehiago hazi bada ere, ideia nagusia berdina da: inoiz euskaraz egin den entziklopedia zabal eta sakonena da, nahiz eta artikulu asko laburregiak diren beste hizkuntza batzuekin alderatuz gero.

Eta horri buruz ari ginela agertu zen mahaiaren gainera harrituta utzi ninduen argudioa: hobe da artikulu horiek laburrak izatea, entziklopedia kontsultatzen duten gehienak ikasleak dira (Bigarren Hezkuntzan oso ohikoa omen), eta horientzat praktikoagoa da sarrera labur bat ingelesez egiten diren 10 edo 20 orrialdeko lanak baino. Gehiago behar duenak, beti joko du ingelesera, baina hori naturalki ere egiten omen da, ez dutelako uste euskaraz eduki zabala izango dugunik.

Bitxia dela diot, normalean eztabaida sutsua egoten delako artikuluen kantitate eta kalitatearen inguruan. Askok uste dugu artikulu gehiago izatea erakargarriagoa dela, baina bada uste duenik artikulu gutxi baina oso luzeak eta sakonak izatea erakargarriagoa dela. Aukera dugu aurten 200.000 artikuluen muga igaro eta munduko 34. hizkuntza izateko. Horretarako robot batekin artikulu labur/informatibo asko egin behar ditugu. Norbaitzuek informazio horrekin nahikoa badute, niretzat helburu bat bete dugu: auzolanean, inongo erakunderen babesik gabe, inoiz euskaraz egin den obrarik handiena osatzea. •