2014 AZA. 01 Nekazaritza ekologikoa eta jantoki kolektiboak ENEEK Tokiko ekoizpen ekologikoa oinarri sendoz finkatzeko, jangela kolektiboak aliatu bikainak izan daitezkeela agerikoa da. Izan eskoletakoak, eguneko zentroetakoak, nagusien egoitzetakoak, erietxeetakoak zein lantegietakoak, egunero dozenaka, ehunka jale batzen dituen jantokia bezero aparta da nekazarientzat, inolako zalantzarik gabe. Asteroko kontsumo handi eta finkoak, urtean zehar ia etenik gabekoak, hain zuzen. Alegia, tokiko nekazarientzat diru-sarrera ziurra suposatu dezakete jantoki kolektiboek. Edozein jarduera ekonomikotan gertatzen den eran, nekazaritzan ere, bistan da, garrantzi handiko laguntza da hori. Jantoki kolektiboen gaia, ordea, ez litzateke arlo ekonomikoaren ikuspegitik soilik aztertu behar. Are gutxiago, zerbitzu hori publikoa bada (administrazioak eskainitakoa, alegia): janariaren kalitateak eta egokitasunak (hau da, tokiko ohitura gastronomikora lotuta egoteak) eta ingurumen irizpideek, gutxienez, alderdi ekonomikoaren pareko garrantzia izan beharko lukete. Azken finean, pertsonen elikaduraz ari gara. Gainera, jantoki kolektiboen hornidura tokiko ekoizpen ekologikoarekin lotuta hiru helburu lortzen ditu administrazioak. Lehenik, eskaintzen diren otorduen kalitatea bermatzen du, eremu hurbilean ekoiztutako lehengai ekologikoak baitira freskotasunaren eta kalitatearen bermerik onenak. Bigarrenik, tokiko lehen sektorea bultzatzeko dauzkan baliabideak egokiro aprobetxatzen ditu, bere eskumenekoak diren zerbitzuak eta nekazaritza ekoizpena uztartuz. Hirugarrenik, planteamendu osoa gertutasunezko harremanetan eta ekoizpen-eredu ekologiko eta jasangarri batean oinarrituta, ingurumenaren zaintzarako baldintzak betetzen ditu. Horrez gain, eskola-jantokiek, aipatutako alderdi guztiez aparte, badute beste funtzio bat eta hori da neska-mutilei elikatze-ohitura osasuntsuak erakustea. Gure kultura gastronomikoaz horren harro gauden herri honetan, argi dago heziketa horrek mantenugaien piramidea betetzeaz haratago joan behar duela, eta gertuko elikagaietan, sasoitasunean eta ekoizpen ereduaren ezagutzan oinarritu beharko lukeela. Zein da egoera EAEko eskola jantokietan? Bada, jantokien kudeaketa arautzen duen 2000. urteko martxoaren 22ko Aginduan ez dago menuen osaketari buruzko aipamenik, Munduko Osasun Erakundeak ezartzen dituen proteina, zuntz, gantz eta azukre kopuruen betearazpenaz haratago. Tokiko elikagaien erabilera ez da planteatzen, ez Aginduan, ezta kontratazioaren baldintzak ezartzen dituen AMH/01/11 Txostenean ere. Are gehiago, Aginduak ezartzen du kudeaketa eredu bakarra “Zuzena” dela, hau da, catering enpresa handi batek hartu behar duela zerbitzuaren ardura. Handi esaten da, baldintza pleguen arabera egunean 6.000-8.000 otordu prestatzeko ahalmena izan behar duelako enpresa horrek (egun, zazpi enpresa arduratzen dira EAEko eskola jantokietan egunero ematen diren 92.000 otorduak prestatzeaz). Zenbakiei erreparatuta, pentsatzekoa da enpresa bakoitzak hainbat tona elikagai kudeatzen dituela astero. Erabat zentralizatuta dagoen antolamendu horretan, euskal nekazari eta abeltzain ekologikoek eta beraien ekoizpen txikiek ez dute lekurik. Esleipenean, irizpide ekonomikoek dute indar handiena, nabarmen gainera. Badira, ordea, gertuko baserritarrekin harremanak dauzkaten eskola-jantokiak, beraien menuak sasoitasunera doitu dituztenak, zerbitzuaren kudeaketarako ingurumen irizpideak lehenesten dituztenak eta hezkuntza-programaren baitan txertatuta daukatenak. Kudeaketa propioa daukaten jantokiak sistema publikotik kanpo daude, bai ikastetxe pribatuak direlako (Ekolapiko proiektuaren baitan dauden zazpi ikastetxeak, kasu), edota, publikoak izanik, administrazioaren laguntzetatik kanpo daudelako, 2000. urteko Aginduaren baldintzak ez dituztelako betetzen (ez dutelako beraien sukaldearen kudeaketa catering enpresa handi baten esku utzi nahi izan). Soka luzea daukan gaia da eskola jantokiena. Indarrean den Agindua ezarri zenetik, hainbat eragilek egin dituzte araua aldatzeko aldarriak, EHIGEtik hasita ENEEK-eraino. 2014ko hastapenean, eragile askok (EHIGE buru zutela, VSF-Herrien Bidezko Elikadura, ENEEK, EHNE Bizkaia, Ekolapiko eta Ekoizpen Urduña) legez besteko proposamen bat luzatu zioten Hezkuntza Sailari, aipatutako Aginduan, kudeaketa “zuzenaz” gain, ikastetxeei sukaldearen eta jantokiaren kudeaketa propioa egiteko aukera txerta zezan. Eskariak ez du erantzunik jaso, baina igarotako tartean itxaropenerako albisterik egon da. Iragan ekainean, Eusko Legebiltzarrak legez besteko beste proposamen bat onartu zuen, EH Bilduk aurkeztuta: 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetan lau proiektu pilotu abiaraziko dira EAEko lau ikastetxetan, jantokien kudeaketa propioa aztertzeko, eta bertoko produktuen eta elikagai ekologikoen erabilera probatzeko. Jaurlaritzak oraindik ez du zehaztu proba hauek non kokatuko diren, baina garbi daukagu bertoko elikagai ekologikoak haurren menuetan txertatzea ez dela garestiago aterako. Ekolapikoren esperientziak, Larrabetzuko eskolakoarenak eta Erroman (Italia) egunero ematen dituzten 100.000 eskola-otorduek –lehengaien %85 Italian ekoiztuak dira, eta horietatik %69 ekologikoak— hala erakutsi dute.