GAUR8 - mila leiho zabalik

Emakume Abertzaleen Topaketa Feministak

Feminismoa Euskal Herria izeneko komunitate batean eraiki nahi duen emakume orok hitzordua du gaur zortzi Ondarroan. Haiek guztiek josten dute sarea eta Emakume Abertzaleen Topaketa Feministak dira amaraun horren epizentro

Topaketak aurkezteko agerraldia

Datorren larunbatean VI. Emakume Abertzaleen Topaketa Feministak izango dira Ondarroan. Aurreko hitzorduen antzera, testuinguruan errotu eta inflexio puntu izan nahi dute. Izan ere, feminismoak eta Euskal Herriaren egoera sozio-politikoak berak aldaketa dezente izan dituzte azken garaian bai diskurtsoan bai praktikan.

Euskal Herrian eraldatu den estrategia soberanista eta krisiak sakondu duen diskriminazio egoera izango dira hausnarketen abiapuntu. Helmuga jakina da: Euskal Herri feminista. Eta harat heltzeko ibili behar den trantsizio feminista zer-nolakoa izango den zehaztea da topaketa hauen egitekoa. «Konpartitze masibo bat izan nahi du. Aldaketa feminista lortzeko ibilbide orria ez da soilik Euskal Herriko Bilgune Feministarena izango. Denon artean erabaki eta ibili behar dugu», nabarmendu du Bilgune Feministako egungo eledun Saioa Iraolak.

Emakume Abertzaleen Topaketak prestatzeko lanean ondoan ditu Kizkitza Gil de San Vicente eta Izaskun Guarrotxena, historikotzat jo daitezkeen bi feminista. Hirurekin elkartu da GAUR8. Aurtengo hitzordurako dituzten aurreikuspen eta asmoak iragarri dizkigute, eta, azken hamahiru urteotan topaketek jarritako bost mugarrietan aurreratutakoa ere azaldu digute.

 

2001, Leitza

«Bilgune Feministaren eratze prozesuak ez zuen prozedura arrunta izan». Hasi da azaltzen Kizkitza Gil de San Vicente. Milurteko berriaren hastapenean emakume abertzale eta feministek kezka berezia zutela gogoan du, izan ere, haren ustez, feminismoa dinamika politikoan txertatzeko eta mugimendu feminista autonomo eta abertzalea sortzeko gaitasun eza nabaria zen.

Euskal Herrian Lizarra-Garaziko Akordioak zabaldutako garaia zen hura eta askapen mugimenduak, dinamika parainstituzionala garatzen zuen. Finean, «Estatu batek bete beharko lituzkeen funtzioak bere eginez». Feminismoa, baina, ez da estrategia horretan existitzen.

Gabezi horri eutsi eta egoera astindu nahi zuten hainbat emakume batu eta Leitzara eramango zuten bidea ibiltzen hasi ziren. «Eremu ezberdinetako emakumeek gune bat osatu eta manifestu bat aurkeztu zuten bitartean, nazio eraikuntzaren estrategiari begira sektore estrategikoetan feminismoa garatu nahi zuten emakumeei proposamen feministak eskainiko zizkien plan estrategiko bat osatzen joan ginen», zerrendatu du Gil de San Vicentek.

«Emakume abertzale eta feministen beharrei erantzungo zien antolakuntza eta dinamika propio eta berritzailea lortu nahi genuen», ekarri du gogora Izaskun Guarrotxenak, abentura hartan Kizkitzaren bidaide izandakoa. Ohartu gabe, Bilgune Feministaren hazia landatzen ari ziren.

Talde txikian egindako diagnostikoa mugimendu feministako kide eta ezker abertzaleko emakumeekin partekatzeko asmoak sortu zituen Emakume Abertzaleen Topaketak. «Inflexio puntu bat izan ziren lehen topaketak, eta ondorengoak ere hala izango ziren. Diagnostiko feminista eta sarea eguneratu genituen», ekarri du gogora Guarrotxenak.

Subjektu feministaren «apurketa» bat eman zela nabarmendu nahi izan du Gil de San Vicentek: «Guretzako subjektua ez ziren taldeak, euren eremu eta antolakundeetan feminismoa garatu nahi zuen emakume oro baizik». Hari horri tira eginda josi dute sarea eta topaketak, beraz, amaraun horren epizentro dira.

«Guk aukera bat egin genuen, denborak esango du egokia izan zen edo ez. Patriarkatua orokorra eta estrategikoa bada, feminismoak hala erantzungo dio, plan estrategiko batekin. Oso berritzailea zen hori garai horretan», dio Gil de San Vicente donostiarrak.

2001ean, elurrak bakartutako Leitzan, 400 emakume elkartu ziren eta begi onez jaso zituzten Guarrotxenak, San Vicentek eta beste hamaika emakumek paperera eramandako hausnarketak. Bildutakoek ez dituzte azkar ahaztuko lehen topaketok; «elurteengatik ezin iritsi egon ginen, inprobisazio handia egon zen, baina ederrak izan ziren», diote. Izan ere, bertaratutako emakumeek bertan sentitu zituzten erditu aurreko uzkurdurak. Erditze luze baten ostean 2002ko apirilean Euskal Herriko Bilgune Feminista jaioko da.

 

2003, Eibar

Sozioekonomia, hezkuntza, kultura eta komunikabideak. Feminismoaren sektore estrategikoak Leitzan zehaztu zituzten arren, Eibarren egindako II. Topaketa Feministetan konkrezioetan sakondu zuten. Eremu nagusi horietan emakumeek zein zapalkuntza bizi zituzten identifikatu eta haiei aurre egiteko lan ildoak zehaztu zituzten. Izaskun Guarrotxenak «espezifikoagotzat» jo ditu topaketa haiek, eta hortik aurrera egin zitekeenaren «erakustaldia» egin nahi izan zutela ekarri du gogora. 300 bat emakume elkartu ziren hitzordu hartan eta Euskal Herriko Bilgune Feministaren bizkar hezurra sendotzeko ariketa izan zen. «Finean –gaineratu nahi izan du Guarrotxenak berak– euren sektoretan egiten zuten ekarpenari balore politikoa eman eta bertan lan egiteko ahaldundu nahi genituen emakumeak».

 

2005, Euskalduna

Oso bestelakoak izan ziren 2005ean Bilboko Euskalduna jauregian ospatutako III. Topaketak. Oroitzapenei hautsa kendu eta orduan Euskal Herrian bizi zen bake prozesua ekarri du gogora Guarretxonak: «Oso une berezia zen, eta momentuak galdegiten zuen hausnarketa egin nahi izan genuen bertan». Monografikoa izan zen jardunaldi hura, eta, bertan, Euskal Herriak bizi duen gatazkaren konponbidean emakumeen ekarpenak zer-nolakoa izan behar duen definitu nahi izan zuten.

Nazioartetik ere aldeko enbata zetorren, izan ere, Nazio Batuek garai horretan onartu zuten bake eta erresoluzio prozesuetan emakumeen parte hartzea sustatzen duen 1.325 erresoluzioa.

Orduko panorama politikoko alderdi gehientsuenetako emakumeak bildu zituzten mahaiaren inguruan eta horrek, parte hartzaileen profila aintzat hartuz, topaketa «anitzena» bihurtu zuen.

Urte hartako martxoan, Euskal Herriko 28 eragile politiko, sindikal eta sozialen ordezkariek Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa sinatu zuten. Bilgune Feminista sinadura ekitaldi hartan egon bazen ere, Topaketetan egin zuen bere benetako ekarpena, Euskal Herrian ireki beharreko prozesuan emakumeen aukera berdintasuna eta parte hartzea bermatu, eta ikuspegi feminista txertatzeko asmoa konpromisoetan aletuta.

Ondorengo hilabete eta urteetan hausnarketa hark eragindako ondorioek argia ikusi zuten. Batetik, 2006. urtean Ahotsak jaioko zen, sentsibilitate desberdinetako emakumeak batu eta prozesutik tira egin nahi zuen bilgunea.

Era berean, testuinguru politikoari bizkar emanda zebilen mugimendu feminista gerturatzeko abagune izan ziren Topaketak. «Bestelako eragile feministak hurbiltzen genituen lehen aldia izan zen hura. Nazio eraikuntzara erakarri nahi izan genituen 2000. urtean, baina ezin. Oso mugimendu autonomoa izan da beti eta lehen aldiz ekarri genuen dinamika politikora», nabarmendu du Guarrotxenak.

 

2009, Tolosa

Lau urte igaro ziren Topaketa berri batzuetan bildu arte. Tartekoak, baina, urte oparoak izan ziren mugimendu feministarentzat. Hamalau urteko lehortearen ondoren jardunaldi feminista arrakastatsu batzuk ospatu baitzituzten 2008an Portugaleten. Gil de San Vicentek analisirako duen gaitasun bikainarekin mugimendu feministaren bilakaera ekarri du gogora: «Hamarkada bakarrean, eraldaketa bizia izan du. Oso bestelakoa zen 2000. urtean, oso atomizatua, aldarrikapen oso zehatzen baitan elkartzeko gaitasuna zuena, berdintasun planak ere orduan hasten ari ziren...».

Feminismoan une horretan gori-gorian zeuden eztabaidei eutsi nahi izan zieten 2009. urtean: identitateen inguruko polemika eta erakundeen papera.

Transfeminismoa, Queer teoria... bolo-bolo zebiltzan garaian identitateen eztabaida euskal feminismora ekarri eta subjektu feministen gaineko birkokapena egiteko baliatu zuten hitzordu hura. «Sexu identitateak erabat markatzen ditu bestelako mugimendu feministek defendatzen dituzten subjektuak. Errealitatea begiratzeko guk dugun prisman, ordea, hiru identitate eta zapalkuntza daude elkar eraginean: sexu identitate, klase eta nazio ikuspegiari erantzuten dio euskal feminismoak sustatzen duen subjektu feministak», nabarmendu du Saioa Iraolak, hiruretan gazteena eta orduko topaketetan estreinatu zena. Finean, zapalketa hirukoitzaren birkokapen teoriko bat izan zen ariketa hura.

Mugimendu feministako talde guztiek parte hartu zuten hitzordu hartan eta feminismoaren instituzionalizazioaren arriskuez ere aritu ziren Tolosan elkartutakoak. Izan ere, erakundeetan Berdintasun batzordeak moda modan zeuden garaia zen hura.

Bilbon dinamika politikari keinu egin bazioten, Tolosako hitzorduan feminismoaren eztabaida gakoek mugitu zuten balantza.

 

2012, Leitza

Hamar kandelekin batera iritsi ziren V. Topaketa Feministak. Gil de San Vicentek urruntasunetik bizi izan ditu lehenaz geroztik egindako Topaketa guztiak. Sasitik, espetxetik eta orain Ipar Euskal Herritik, baina, hitzordu guzti-guztiak jarraitzen saiatu da beti. Distantzia horretatik Bilgune Feministaren baitan heldutasuna sumatu du. «Bere lehentasun, diskurtso eta teorizazio propioekin aurrera egin du, mugimendu feministaren aitortza ere eskuratuz. Garaian garaira kokatzen eta zapalkuntza hirukoitzaren hausnarketa modernizatzen egin du aurrera», dio bere ondorengoen lana goraipatuz.

Sorlekura itzuliz ospatu nahi izan zuten urtemuga borobila eta emakumeez gainezka zegoen Leitza batean, sarea berriz bildu eta hauspotu egin zuten. Gil de San Vicenteren arabera Leitzan hasi eta Leitzan itxi zuten zikloa: «Bai feminismoa eta baita Euskal Herria ere ziklo aldaketa baten atarian zegoen 2012. urtean. Krisi ekonomikoak eta murrizketek eraldaketaren beharra bizkortu egin dute gainera, baita Alderdi Popularrak agerian jarri duen diskurtso kontserbadoreak ere. Feminismoa ulertzeko modu bat, aldiz, krisian aurkitzen zen une hartan, garatzeko tope errealak aurkituta. Leitzako Topaketak aldaketa garaian kokatzeko eta aldaketa horren norabidean ikuspegi feminista lantzeko aliantza ezinbestekoa dela irudikatzeko balio izan zuen». Haren ustez hamar urteko ibilbidean proiektu politiko gisa bilakatzeko aurrerapen handiak egin ditu feminismoak. Izan ere, duintasunaren eta berdintasunaren aldeko aldarrikapena izatetik, bere proiektu eta jendarte eredu propioa artikulatu nahi duen proiektua izatera heldu da feminismoa.

Alor askotariko tailerren bidez ildo desberdinen erakusleiho bihurtu zuten Leitza, kazetari feministen bilkuratik hasi eta emakume presoen edo prostituzioaren gaiak landuz. Hurrengo urteetarako erronka nagusiak markatu eta plan estrategikoa berretsi zuten bertan.