GAUR8 - mila leiho zabalik

Balantze literarioa


Urteko garai horiek dira, jende guztiak balantzeak egiten ditu, atzera begira (aurrera begiratzea baino errazagoa delako gehienetan akaso?). Nik balantze literarioa egingo dut, azken hamabi hilabeteetan irakurri ditudan liburuen artean arrastoa utzi didaten bost aipatuko ditut: Emmanuel Carrèreren “Limonov”; Karl Ove Knausgaarden sei liburu autobiografikoetatik lehenengo biak; Naomi Wooden “Mrs Hemingway”, idazle ospetsuaren bizitzara begirada bere lau emazteen perspektibatik kontatua; Miren Agur Meaberen “Un ojo de cristal” (aurten gaztelerara egindako itzulpena irakurri dut, euskarazko bertsio originala 2013ko nire irakurketa preziatuenen artean egon ostean ); eta, Garbiñe Ubedaren “Hobe isilik”, II. Mundu Gerraren amaieran desagertutako aitonaren bilaketa hunkigarria.

Azken hiru liburuei buruz aritu naiz aurretik, orri hauetan azaldu dut nire iritzia. Gaurko zutabean beste biei, Carrère eta Knausgaarden lanei buruzko hausnarketa sakonagoa egingo dut.

“Limonov” izenburuko liburua bigarren aldiz irakurri dut 2014. urtean. Eduard Limonov politiko, Alderdi Nazional Boltxebikearen sortzaile, poeta nazionalista eta “Errusia Handia”-ren aldeko aktibista nostalgikoari buruzko kontaketa da. Artikulu batean, gaur egungo Kixote bezala definitzen zuten, edo Stalin eta Johnny Rotten, Sex Pixtols punk taldeko liderraren, arteko nahasketa gisa. Agidanez, Carrèrek 80ko hamarkadan Parisen ezagutu zuen Limonov estreinako aldiz, baina, handik hamabost urtera erreportaje bat egitera Errusiara joan zenean, ordurako Limonovek sortua zuen “pertsonaiak” erakarri eta bultzatu zuen berari buruzko liburu bat idaztera. Hala ere, protagonista polemikoak eragindako sentimendu kontrajarriengatik behin baino gehiagotan pasatu omen zitzaion burutik proiektua bertan behera uztea. Anekdota bitxi eta interesgarriz betetako narrazioak Limonoven bizitzan zehar eramaten du irakurlea; aldi berean, Errusiako historiaren gainean informatzeko ere aproposa da liburua.

Bigarren aipamena, Karle Ove Knausgaard idazle norvegiarraren lanari buruzkoa da; “Nire borroka” izenburupean argitaratutako sei liburu eta 3.600 orri inguruko kontaketa autobiografikoa hain zuzen. Ingelesera hiru izan dira itzuliak orain arte eta ni hirugarrenari helduta nago une honetan. Knausgaardek elkarrizketa batean zioen, askotan ez garela kontziente orain gauden lekuaz eta gure inguruan pasatzen denaz eta mundua desagertzen ikusten dugula konturatu gabe. Bere idatzietan, kontaketa oso intimoak eta barne-barneko sentimenduak azalerazten ditu; adibidez, aitarekin zuen harremana gardentasun osoz kontatzen du; ondoren aitaren heriotzak sortu zizkion sentsazioak gordintasun hotzenean deskribatzen ditu; aita izateak sortzen dizkion frustrazioak edo bere bikote bizitzako ñabardura pertsonalenak ere kontatzen ditu. Knausgaarden hitzetan, bere helburua, bere inguruko mundua desagertu aurretik, “oraina” eta “oraingo lekua” berreskuratzea zen, eta ariketa horretan bere burua aurkitu omen zuen, munduan zegokion lekua argitasun gehiagoz definituz. Nik irakurri ditudan bi liburuetan bere bizitza eta bere ingurukoena biluztean, hainbaten artean ezegonkortasun asko sortu zituen antza, eta kritika asko altxarazi. Hala ere, esaten da, bost norvegiarretik batek irakurri dituela bere liburuak eta munduko beste leku askotan ere arrakasta dastatzen hasi da azken urtean, hainbat hizkuntzetara egindako itzulpenei esker. Urtarrilaren amaieran Londresa dator idazlea hitzaldi bat ematera eta saiatuko naiz elkarrizketa bat egiten, ea liburuak sortu dizkidan sentsazioak aurrez aurre hizlari dudanean errepikatzen diren.

Aukeratu ditudan bost liburuek, denek daukate zerbait komunean: pertsonaia interesgarriak dituzte protagonista, eta haien bizitzetara gonbidatzen dute irakurlea; autobiografia, biografia fikzionalizatu edo autofikzio moduan idatzitako liburuak dira. Eta, denek sortu zidaten adikzio moduko bat, era ezberdinean. Baina, batez ere, idazlea ez da beldur arriskuak hartzeko, erosoak ez diren gaiak ukitzeko, egia desestaltzeko, barruan dauzkagun eta askotan esatera ausartzen ez garen gauza horiek guztiak kanporatzeko. Horregatik atsegin ditut, batez ere, liburu hauek. •