2015 URT. 31 Maskarak Maider Iantzi Maskarak jartzen dira inauterietan gauzei buelta emateko, edonor edo edozer irudikatu eta posible egiteko, baita, jakina, nor garen ezkutatu eta gaiztakeriak egiteko ere. Maskaraz bete zen astelehenean Iturengo plaza, asteartean Zubietakoa bezala, maskaraz eta gaiztakeriaz.Baina itsusi eta nazkagarriak izan arren, pertsonaia horiek bazuten zerbait erakarri nindutena: animalia izaera basati hori, askatasun erabatekoa. Barrukoa ateratzen zuten, jo, saltatu... Libre, umeek bezala. Nahiz eta hamaika begi eta kamerak apuntatu, inor begira ez balute bezala. Zoragarria iruditu zitzaidan, eta ausartetan ausartena, Zubietako Potruk. Karroza sinple- sinplea: zulo bat goian, ikusteko, eta behean bertze bat, erakusteko, zer eta barrabilak! Jendeak egin zituen algarek ez dute preziorik. «Ez nuen uste benetakoak zirenik!», oihukatu zuen emakume batek malkotan. Ukitzera ausartu zenean, sorpresa zuloan gorde zen. Kanpoan halako besta bazegoen, barrenekoa ikustekoa izanen zen. Lagun hauek anonimoak ziren, mozorroei esker. Misteriotsuak: nor ziren Mozorrorik gabe ez ziren ausartuko.Aukerak ematen dituzte maskarek, transformatu egiten gaituzte, umetan aspertzen ez gintuen “The Mask” pelikulan bezala. Oraindik ikusten dut Jim Carrey mozorro berde hura aurpegira itsatsita zurrunbilo batean bueltaka, era guztietako imintziotan, boterea eskuratzen. Baina ateratzen dugun indar edo ausardia hori barrenean daramagu, gurea da.Iturengo plaza erdian hango zakarkeriei begira, «ibiliko al nintzateke horrela?» galdetu nion nire buruari, eta pentsatu nuen inoiz ez dudala barruko animalia libre utzi. Izaki beldurgarriak ziren, baina seguru sentitu nintzen haien ondoan, konfiantza nuen gehienez ikara bat emanen zidatela, edo zikinduko nindutela. Okerragoak dira maskara politak, arriskutsuagoak egunero hainbat maskara eta makillaje kaparen azpian gordetzen diren espiritu txarrak.