2015 MAI. 30 Hauteskundeak. Azala eta mamia Xabier Mikel Errekondo Hauteskundeak ez dira matematika, baina ia. Alderdi batek ateratako emaitzek ez diote kasualitateari erantzuten, baizik eta norberak egindakoari eta, gero eta gehiago, arerioek egindakoei ere. Maila guztietan egindakoa, oposiziotik ala gobernutik, zuzenean herritarrekin eta, batez ere, komunikabideetan. Ikasgaiak ugariak izan badira ere, hona bi argiak: bozka herritarrek dute ematen, ez herriak. Herritarren eguneroko beharrak herriarenaren aurretik daude. Bestalde, asmoak azaltzea, agindutakoak egitea eta egindakoak komunikatzea-saltzea ezinbestekoak dira, baina eznahikoak herritarren gehiengoaren bozka lortzeko. Jendartea pastel-mosaikoa da. Eta, «nolako» jendarte-zatia erakarri nahi den, preseski «halakoari» komunikatzeko prestatu behar dira lider, estilo, lehentasun eta mezuak. Nago pragmatikoagoa dela hori jendartea zure programara ekartzea baino. Kontua da, horretarako mosaikoaren zati bakoitzaren ezaugarriak ongi ezagutu behar direla; alegia, ikerketetan inbertitu eta ondoren taldearen helburu eta estrategiak ondorioetara moldatu, malgutu. Beraz, herritarren pertzepzioez ari gara, azalaz mamiaz baino gehiago. Ikuspegi sexual batetik esateko, kontua ez da zein neska edo mutil den ederrena baizik eta nor uste dugun dela ederrena. Bartzelona munduko futbol talderik onena bada, ez da Messik eta enparauek beste inork baino joko ikusgarriago eta gol gehiago dituztelako sartzen, baizik eta beren irudia mundura saltzen asmatzen dutelako. Katalanak aurretik doaz futbolean ere, (gaur gauekoaren baimenarekin…) baina “Champions”-a jokatzera ausartzen den alderdi politikoak talderik onena osatu behar duela argi izan behar du, jokatzen eta saltzen bietan maila emateko. Bitartean, bada kirolak iltzatu didan ikasgai betikotua: galduaz ikasten dela irabazten. Hori bai, ikasteak zentzua du noizbait aplikatzen bada… •