GAUR8 - mila leiho zabalik

Handikien politika galtzaile izan ohi da Euskal Herrian


Listo, eratu dira udalak, aldundiak, direnak eta ez direnak, eta, ia orotan, EAJ da jaun eta jabe. Zentraltasuna, egonkortasuna, ziurtasuna, transbertsalitatea… ziminoa ponpa handiko hitzekin jantzi eta funtzioa hasi da. Den-denak nahi ditu bere kontrolpean EAJk: Kutxabank, EiTB, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Ertzaintza, Athletic… “Herri bat, alderdi bat”, eta, logika horretatik eskapatzen direnak, anomalia, salbuespen, sendatu beharreko gaitz.

Hasteko, atzera begiratu eta udako eskoletarako etxeko lanak jarrita, kiroltasunez aitortu behar da EAJren marka. Eta ez bakarrik baina bai bereziki Gipuzkoan egin duen xake jokaldia; maisulana izan dela onartu behar da. Baliabide asko eta eskrupulu gutxi izan dituela egia den arren, aztertu egin behar da bere jokaldi hori. Eta lezioak atera. Joko zakarra, giro pitzatua, plastiko beltzak kaleetan eta urdinak balkoietan, koipua arratoi erraldoien izurri baten seinale… nahi direnak gogora daitezke, baina, betiere, ahaztu gabe nolako patxadan esaten zen «jendea ez dute engainatzen», «jendea ez da tuntuna eta ez ditu halakoak irensten», azkenean zer eta oso ongi funtzionatu duela aitortzeko. Zast! Majo bota diote lazoa lepora EH Bilduri eta niretzat oso argi dago ez diotela horren azkar ihes egiten utziko. Oraindik asko estutuko dute lazoa, eta, ahal badute, itolarrian ez ezik arnasketa lagunduan utzi nahiko dute ezkerreko independentismoa, inoiz ezagutu duen krisi existentzial eta politiko latzenean. Guardia zibilaren operazio baten izena baino, “Xake mate” datozen garai hurbiletan ezkerreko abertzaletasunaren aurkako jokaldia izatea nahiko lukete.

Hauteskundeek utzi duten zapore mingotsa, bost estadioen apustu handikiak utzitakoa, Herrikoen konfiskazioak suposatzen duen kolpe sinboliko eta psikologikoa, betiko garai onenetan ez datozen hauteskunde orokorrak... Indartuko gaituen kiribila ez da aise ikusten. Beste kolpe bateria bat, ETArik gabe baina ETA balego bezala funtzionatzea nahi dutenen normaltasun ditxosozkoa, Estatu erreforma –haustura?– ate joka, barne kohesioaren eta “elkarrekin sartu ginen elkarrekin aterako gara” ideiaren kontrako mugimenduak (presoen inguruan, armagabetzea, iraganeko irakurketa diktatuak...). Urduri ez baina oso adi, serio eta zorrotz hartu beharrekoa da panorama. Hala ere, badaude baikortasunerako arrazoiak. EAJ, berriz ere, handikien politikan sartuta delako. Markel Olanok esan dezake nahi duena, ez dutela boterea autoritarismoz erabiliko eta abar, baina tentazioa handiegia da eta ikusten da jadanik. Begira diezaiola “Bizkaiko jauna” deitu zuten Jose Luis Bilbaoren Herri Kontuen Euskal Epaitegirako izendapenari. Marka da! 500 euroko billete sortak garbitu eta paradisuetan turismo fiskala egiten dutenak ezagutzen dituela agurreko bere diskurtsoan bota, eta, EAJk, emandako zerbitzuen ordain, diru publikoaren zaindari izendatu. Sentzilloki, makarrismo politikoa. Balaztei gehiegi sakatuz errebuelta hartzea. Eta, beste behin ere, pasatu egingo dira. Etorriko zaie, etorriko zaienez, buelta. Izan ere, zerbait erakutsi badu herri honek, batez ere, herri antiautoritarioa dela da.

EAJk nahi duena egin dezake, nahi duenarekin egin ditzake hitzarmenak. Nola ez! Ez dirudi, baina, Andoni Ortuzarrek erantzuteke duen hala-holako gutunari eman beharreko erantzunak gauzak asko aldatuko dituenik. EH Bilduk ez luke horretan itsututa segi behar. Zorionez, EAJ-PSE paktuan kabitzen ez den herria da gurea, demontreak eta ahalmenak ugari dituenak, bai, baina baita ibilbide bat, nortasun bat, aspirazio kolektibo bat. EAJk segi dezala putreen funtsei Euskaltel saltzen, Kutxabank pribatizatzen, megaerraustegiak eta megatrenak eraikitzaileei eskaintzen... puntu makarra hori ateratzen.

Handikien politika, baina, galtzaile izan ohi da Euskal Herrian. “Frenadaz pasatzea” istripu politikoen kausa izan ohi da. Eta itxura denez EAJ paparra puztuta eta ia-ia gainontzekoei bizitza barkatuz dator. Hori da dagoena. Abisatuta gaude. Presta gaitezen. •