2015 ABU. 01 Eskatu gabeko atximurrak Saioa Iraola Bizkarrean atximurkada bat sentitu dut, soinean daramadan kamisetari atzetik norbait tiraka ariko balitz bezala. Zer ote da? Zein ote da? Burua itzuli, begiratu eta bi gizon daude nire atzealdean barran trago bana eskuetan dutela, eta disimulu aurpegia jarrita edo ezer pasa ez balitz bezala begiratu naute. Gaztetxeko barran nago lagun batzuekin hizketan, larunbata da eta goizeko ordu txikiak dira. Begirada aurreratu dut hizketaldiari jarraipena eman nahian. Itzuli naiz, bada, lagunartera eta berriro ere “ttak” sentitu dut, norbait nire kamiseta larruazaletik urrundu nahian atximurkada ari zaidala. Berriro itzuli naiz eta atzealdean gertuen nuen gizonezkoak begiratu egin nau eta... «Zer pasatzen da? Zergatik ukitzen nauzu? Utzi iezadazu bakean, ez duzu ikusten nire lagunekin lasai nagoela edo? Utzi nire espazioa!», esan diot. «Mozkortuta nago» izan da jaso dudan erantzuna. «Eta zer?» erantzun diot. Atarira atera, arnasa sakon hartu eta erabaki dut ez didala lagunarte goxoa oztopatuko, eta ikusezin bilakatu dut. Nire jarrera ikusita, barkamena eskatzera etorri zait, mozkorraldiaren ondorio dela justifikatzeko asmoz, eta, berriro ere nire mespretxua adierazi ondoren, bakean utzi nau. Anekdota bat izan zitekeen, baina zoritxarrez ez da hala. Ez larunbatean Leitzan gertatu zitzaidana, ez eta gure herrietako jai eta ez-jaietan gertatzen zaizkigun egoera deseroso eta bortitzak ere. Gizonezko batzuek sentitzen duten gainbotereak sutzen nau, sutzen gaitu. Emakumeok beraien ondasun sentitzen gaituzte, hartu, erabili eta botatzeko zaborrak. Baina ez gara zabor, bagara nornahi, izan nahi dugunak izateko etengabeko sokatiran gabiltzanak gara eta gero eta gehiago gara, gainera. Gero eta ahaldunduago gaude, begirada zikinen, ukitzea nahi ez ditugun bizkar, titi, ipurdi edo alu erasotakoen zein babosoen aurrean errebelatzen garenak, Iruñean, Pasaian, Ordizian, Zumaian, Trintxerpen, Barakaldon, Gasteizen eta eraso bat jasaten dugun kale kantoi eta txoko bakoitzean. Ez garelako ez bat, ez bi, ez hiru... ahalduntzen ari garelako bidean, botere inposizioari eta gizonen statu quo-ari atximurkada egin eta ukabilkadak emateko gai eta lain bagarelako. •