2015 IRA. 19 Gaztetxeen hirigintza-eredua Unai Fernandez de Betoño Arkitektoa Donostiako Kortxoenea gaztetxean egunotan jazotakoak Bilboko Kukutzaren eraisketa autoritarioa, jada lau urte betetzear dagoena, ekarri digu gogora. Eta paralelismoak egon badaude. Baina gertaerak Tabakalera distiratsuaren irekierarekin bat egin duenez, kasualitatez edo ez, antzekotasunak beste gaztetxe gogoangarri baten desegitearekin ere bilatu behar ditugu: 1992ko amaieran zerratutako Bilboko Alde Zaharrekoarekin. Izan ere, Josu Ortuondo alkateak gazteek «behetik» kudeatutako Espainiako Bankua kaleko gaztetxea hustu eta lau urtera, Udalak berak «goitik» kudeatutako kontzertu-areto bat ireki baitzuen handik 400 metrora: BilboRock. Autokudeaketaren eta horizontaltasunaren ereduaren aurrean, hortaz, hierarkia instituzionalak gaina hartu zuen, jabego ukiezinaren betiko aitzakiapean. Zeren eta Mesedeetako elizak ere bazuen jaberik, baina hori ez zen oztopo izan Udalak hura erosteko eta bertan Bilborock ezartzeko. Kortxoenea dagoen Indianoene kaletik 1.200 metrora ireki duten Tabakalera «kultur ekosistema» apailatzeko eraikina ere Altadis enpresari erosi egin behar izan zioten Donostiako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, 8,5 milioi euroren truke. Udal-erosketaren formula hori erabil liteke Espainiako Bankua kaleko zein Kukutza edo Kortxoenea gaztetxeen kasuetan ere. Akaso, ez da hoberena izango, baina aukera bat da. Gasteizko gaztetxearekin bere garaian egin bezala. Bi kultur ereduak baitira beharrezkoak gure hirietan: ofiziala zein alternatiboa. Kortxoenea eraisteko berriz ere jabego pribatu santuaren aitzakia erabili baita. Eta, bide batez, aurreko udal gobernuari bota zaio guztiaren errua: «Kortxoenearen eraistea aurreko legealdian onartutako hirigintza-proiektuaren ondorio» dela lau haizetara zabaldu du Eneko Goiaren gobernu taldeak. Baina ez da egia. 2010ean onetsitako Plan Orokorrean jada onartuta baitzegoen partzela horretan 1.812 m2ko etxebizitza eraikin bat egitea. Luxuzko 21 etxe, guztira. Donostiako Udalak, gainera, 623.748 euro jaso ditu, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arabera, Kortxoenea biltzen duen Ordoñez-Manteo eremua birpartzelatzeko eskubidea emateagatik. Zergatik ezin da dirutza hori gazteen autokudeaketan oinarrituko den kultur ekipamendu publiko bat osatzera bideratu? Gaztetxeen sareak egikaritzen duen hirigintza-eredua ez zaiolako batere erosoa eskuineko botere demokrata kristau erregionalistari. Bereziki, kapitalismoaren ereduarekiko oso kritikoa delako. Norbaitek esan bezala, benetako ekosistemaz hitz egin ahal izango dugu Kortxoenearen eta Tabakaleraren moduko ekipamendu soziokultural anitzek herri berean batera bizitzeko aukera duten egunean. Eta hori ez da berez sortzen. Landu egin behar da. 2016ko kultur hiriburutzak horretarako aukera egokia zirudien. Bestela, zer nolako sinesgarritasuna edukiko dute «kultura alternatiboa eta oinarritik sortutakoa bultzatzera bideratutako 100 ekintza artistiko» bezalako ekimenek? •