2015 IRA. 26 «Kilometroak aitzakia perfektua izan da herrian kontzientzia feminista pizteko»» Amagoia Mujika Telleria Parekidetasuna. Horixe jaiari jarri diozuen hanketako bat. Zergatik? Hala da. Aurtengo Kilometroen antolakuntza eta jaia bera hiru ardatz edota hiru balioren gainean eraikitzen saiatu gara; horietako bat da parekidetasuna, jasangarritasun eta inklusibitatearekin batera. Balio hauek hezkuntza eta auzolanaren bidez hedatu eta lantzea beharrezkoa dela iruditzen zaigu; izan ere, festak eduki sinbolikoz beteak daude. Egungo gizarte eredua aztertzerakoan festak, orokorrean, bigarren mailako eremutzat hartuak izan dira, pasadizo hutsak izango balira bezala, proiekzio sozialik gabekoak eta dibertsiorako beste ezertarako balio ez dutenak. Eta ez da hala. Jaiak eduki sinbolikoa duten jendarte eta kultur adierazpenak dira, errealitateko balioen adierazleak. Azken finean, errealitatearen isla. Hauetan jendarte ordena erreproduzitzen da: hierarkiak, zapalkuntzak, botere harremanak, diskriminazioak, sexuen araberako lan banaketa eta genero rolak indartzen direla ikus daiteke. Finean, jaiak ez dira eguneroko errutinetatik eta arauetatik ateratzen, ez daude jendarte errealitatetik kanpo. Jendarte egitura ulertu eta aztertzerakoan, beste eremu batzuk lehentasunezkotzat hartu diren moduan, festei dagokien garrantzia eman nahi izan diegu aurtengo Kilometroen aitzakiapean. Beharrezkoa iruditzen zaigu jaietan ere ikuspegi feminista txertatzen joatea. Lehen urratsak baino ez dira hauek, baina ezinbestekoa da eskaini eta garatzen dugun jai ereduaren inguruko hausnarketa eta lanketa ikuspegi feminista batetik burutzea. Izan ere, jaietan ere kultura birsortu eta eraldatzeko gaitasuna dugu. Guk eraikitakoa guk alda dezakegu. Eta bide horretan, jai parekideen aldeko jardunari ekin nahi izan diogu. Eraiki nahi dugun gizartea parekidea izatea nahi badugu, eremu guztietan bermatu behar dugu. Ez da egun bateko jaia bakarrik, urte osoko lana eta gogoeta dakartza. Parekidetasunari dagokionez, zein lan egin duzue? Ongi ikasi dugu hori usurbildarrok aurten. Urte guztian zehar aritu gara lanean buru-belarri urriaren 4rako eta gauza guztietan bezala, gazitik ikasi eta gozotik gozatu dugu. Kilometroena aitzakia perfektua izan da parekidetasunaren alorrean herrian hainbat ekimen antolatu, herritarrengana hurbildu eta kontzientzia feminista pizteko. Aurtengo kantua osatzerakoan, adibidez, kontuan izan dugu zein hizkera nabarmendu Usurbilgo kaleetan horren entzuna dugun hikaren eta horren isil(du)a dugun nokaren aurrean, noka nabarmentzeari eman diogu lehentasuna. Bideokliparen bidez, egunerokotasunean hain barneratuta ditugun eta, ondorioz, arretarik eskaintzen ez diegun hainbat jokabide hautsi eta bistaratu nahi izan ditugu: genero rol edo joerei lotutako estereotipoak, hain zuzen ere. Horren adibide dira, besteak beste, lantegiko neska behargina, baratzean edota anguletan dabilena. Tradizionalki lan hauek “gizonezkoen lan” gisa definituak izan dira. Honez gain, Kilometroetako egunari eta antolaketari begira jai parekideen inguruko formakuntza tailerrak antolatu ditugu elkarlanean. Eta ez hori bakarrik, luzaketak egin eta Lilatoian ere parte hartu genuen “Kilometroak 2015 GaTTunk” taldearekin. Eremu ezberdinetan landu nahi izan dugu parekidetasuna, hala nola, antolakuntzan, egitarauan, komunikazioan eta indarkeria sexistaren sentsibilizazioan, honen prebentzioan eta erantzunean. Hau guztia elkarlanean egin nahi izan dugu, eragile feministekin eta instituzioekin bidea partekatuz. Motzean, pixkanaka-pixkanaka oinez hasi gara, baina badakigu bidea luzea dela eta oraindik urrats asko daudela egiteko. Hala ere, biderik luzeenak pauso batez hasten direla ez dugu ahaztu behar. Nola islatuko da parekidetasuna jaiaren egunean bertan? Egunean bertan hain ohikoak zaizkigun xehetasun txikietan ikusiko da islatuta, batzuk, akaso, ez dira konturatu ere egingo eta beste batzuei zer pentsatu emango die. Sexuen araberako lan banaketari amaiera eman nahi izan diogu, antolaketa guztian zehar eta jaialdian bertan. Batzuetan asmatu dugu, besteetan kostatu zaigu eta kasu gutxi batzuetan erreproduzitu egin ditugu (muntaketa lanetan esaterako gizonezkoek soilik hartu dute parte). Baina, kontzientzia pizten saiatu gara, kontuan hartu dugu eta ondorengo Kilometroen antolakuntza lanetan ere kontuan hartuko da. Berrikuntzetako bat eraso sexisten aurkako lanketa izan da. Gaiaren inguruan sentsibilizatu eta formatzeaz gain, prebentzioan eta erantzun protokoloaren gainean egin dugu lan. Jai giro aske eta parekideak bultzatu nahi izan ditugu hasieratik, guztiok errespetatuak izango garen espazio seguruak bermatu nahi izan ditugu. Ezinbestean, kontuan hartu behar dugu jai eremu eta egunetan, euforia eta droga ezberdinen kontsumoaren ondorioz, “dena libre” den aitzakiapean, sarriago gertatzen direla era ezberdinetako eraso sexistak. Esan, eraso sexista pairatu duenak gune bakoitzeko sorospen postura jo behar duela eta bertatik bideratuko dela kasu bakoitzari dagokion laguntza. Honen inguruan, adibidez, ligoteo sanoaren aldeko kanpaina abian jarri dugu. Ohituta gaude horrelako jaialdietan alkoholaren kontsumo neurtuarekiko mezuak jasotzeaz, baina “intentsitate baxuko” erasoen gai ikusezinaren inguruan ez. Honi bere garrantzia eman nahi izan diogu eta aurten zertxobait ikusi eta entzungo da.