GAUR8 - mila leiho zabalik
Elkarrizketa
Saioa Iraola
Euskal Herriko Emakumeen mundu martxako kidea

«Mugimendu feministaren aktibaziorako tresna ezin hobea da Emakumeen Mundu Martxa»

Euskal Herriko Bilgune Feministako bozeramaile, azkenaldian buru-belarri ari da lanean astelehenean gurean sartuko den martxa prestatzen


Coimbran (Portugal) amaituko da Martxoaren 8an Kurdistanetik abiatu zen Emakumeen Mundu Martxa. Euskal Herrian datorren astean utziko du karabana feministak emakumeen eskubideen aldeko aldarria. Zazpi egunez egongo da gure artean, baina dakarren soka luzeagoa da. Prestaketa lana dakar, eta horretan aritze hutsak aktibaziorako tresna ezin hobea suposatzen du, Saioa Iraolak nabarmendu duen moduan: «Jada mugimendu feminista dagoen herrietan indartzeko eta ez dagoenetan antolatzeko».

Martxoaren 8an Kurdistanen abiatuta, herrialde desberdinetan emakumeek duten egoera eta haien aldarrikapenak ezagutzeko tresna da Martxa. Zer-nolako usaina hartzen diozu Euskal Herrian sartzear dagoen edizio honi? Inguruan eragiten ari da?

Mundu Martxaren helburua tokian tokitik eragitea da, baina baita globaletik ere. Horrez gain, mundu mailako saretze feminista bat sustatu behar du. Mundu Martxak ikusarazi eta salatu behar du Euskal Herrian hainbatetan salatu dugun indarkeria patriarkala, eta balio behar du ulertzeko eta ikusteko sistema oso bat dela, munduko txoko desberdinetan modu desberdinetan adierazten dena, baina orokorra dena. Hori egiten ari da, noski.

Kurdistanera gonbidatu gintuzten eta bertan ikusi genuen Martxa oso indartsu hasi zela. Denbora honetan guztian jaso ditugun irudi eta aipamenak ere onak izan dira. Noski, leku guztietan ez du indar berdina agertu. Kontuan hartu behar da mugimendu feminista eta hortik sortzen diren elkarlanerako espazioak oso desberdinak direla; esaterako, Austrian, Kurdistanen, Turkian edo Frantzian. Arrakasta mugimendu feministak herrialde horretan duen indarrari dago lotua. Austrian, adibidez, mugimendua sakabanatuago dago eta instituzionalizatuagoa da, eta horrek eragina du ezinbestean Martxaren joanean.

Metroz metroz aldarrikapen nagusi batzuei helduta dator Martxa, baina batean eta bestean adierazpen desberdinak hartuko ditu.

Bi urtez behin mundu mailako biltzarra egiten da, eta orain bi urte Brasilen egin zenak balio izan zuen Martxaren oinarriak finkatzeko. Kontuan hartu behar da emakumeek errealitate desberdinak bizi ditugula herrialde desberdinetan eta mugimendu feministak ere ezaugarri desberdinak dituela batean eta bestean. Garrantzitsua da ildo honetan, forma, adierazteko era edo aldarrikapen zehatz batzuk besteen gainetik jarri behar direla ez uste izatea. Bide horretan, aldarrikapen edo ekintza eremu nagusiak zehazten dira eta horren baitan herrialde bakoitzak bere definizioa egiten du.

Mundu Martxa 2000. urtean sortu zen eta lau lan ildo nagusi ezarri ziren: ongizatea eta elikadura burujabetza; bakea eta desmilitarizazioa; emakumeen kontrako indarkeria eta gorputza eta sexualitate askatasuna; eta emakumeek historikoki egin dituzten lanak erdigunean kokatzea. Lau eremu horiek, ordea, oso aldarrikapen eta errealitate desberdinetatik abiatzen dira. Abortu eskubideari dagokionez, esaterako, Hego Euskal Herrian ofentsiba berri bat jasan dugu, 16 eta 17 urte arteko neskek baimena behar dutelako; baina, adibidez, Mazedonian izugarrizko erasoa jasan dute eta abortua legala izatetik ilegal izateko bidean dago. Egoerak desberdinak dira eta gure gorputzetan aske bizitzeko aldarrikapenak errealitate desberdinei erantzun behar die. Horregatik, Mundu Martxan ekintza eremu nagusi bat adosten da, eta horren baitan aldarrikapenak egituratzen dira. Martxak guri balio digu eurozentrismo horretatik ihes egiteko eta ulertzeko adierazteko oso modu desberdinak daudela.

2000. urtean abiatu zen, saretzea erraztu al da ordutik etxean eta kanpoan?

Abiapuntua 1995ean Quebecen indarkeriaren aurka egin zuten Ogiaren eta Arrosen Martxa izan zen. 15.000 lagun elkartu ziren eta ikusarazi zuen zein garrantzitsua den mundu mailako aliantza sustatzea. 2000. urtean egin zen martxak Euskal Herrian ere izan zuen eragina eta handik sortu zen 2003ko Euskal Herriko Emakumeen Eskubideen Gutuna. Bertan zehaztu zen saretze hori nola egin. Baliabide teknikoak garrantzitsuak izan dira denbora honetan guztian saretzea erraztu dutelako, baina urtean behin kontinenteko bilera ere egiten dugu. Guk harreman gehiago garatu dugu Iberiar Penintsulako kideekin, Katalanekin, Galiziakoekin eta Portugalgoekin, baina bai, saretzea asko garatu da.

Lehen Martxa gogoratu duzu, Euskal Herrian ere saretze garrantzitsua suposatu zuen, nolakoa izan da haren garapena?

Euskal Herrian urteetan egin den lanaren ondorioz lortu da Mundu Martxa aliantzarako espazio izatea. Orain bi urte plataforman geunden eragile desberdinek prozesu garrantzitsu bat egin genuen, une honetan mugimendu feministan dagoen aniztasun hori guztia, kulturala, etnikoa, hizkuntzei lotutakoa... denak aktibatzeko eta koordinatzeko lana. Hilero egin ditugun asanbladak jendetsuak izan dira. Aniztasun horrek laguntzen dizu Euskal Herriko errealitatea beste ikuspegi batetik ikusten eta hori oso aberasgarria da.

Zein mezu zehatz ekarriko dituzue Euskal Herriko kaleetara karabana feministaren baitan?

Euskal Herrian birdefinizio prozesu bat egin dugu, plataforman ikusten genuelako ekintza eremu nagusi horiek Euskal Herriko errealitatera eta hemengo mugimenduaren egoerara egokitu behar genituela. Bost aldarrikapen nagusi egin ditugu. Horietako bat elikadura burujabetzaren aldarrikapena da, eta horri lotuta, hazien afera. Emakume baserritarrekin aliantzak sortzeko balio izan du, euren egoera ezagutzeko eta ezagutarazteko eta kontzientzia hartzeko zein garrantzitsua den bertako haziak izatea eta bertan sortutako produktuak kontsumitzea. Gure gorputzetan ez ezik, gure lurretan ere aske bizitzeko eta horien jabe izateko eskubidea aldarrikatu behar dugu. Elikadura burujabetza ezin da soilik nekazarien aldarrikapen bat izan, herri gisa aldarrikatu behar dugu, baita feministok ere.

Bigarren arlo garrantzitsua indarkeria sexista da. Sistema arteko indarkeria gisa definitu dugu aurtengo Mundu Martxari begira, emakume gisa indarkeria mota desberdinak jasaten ditugula uste dugu eta beste batzuekin gurutzatzen dela, gainera: pobreziari lotua dagoenarekin, arrazismoari lotua dagoenarekin.

Hirugarren aldarrikapena ondo bizitzearekin lotuta dago. Gure bizitza sostengagarri izateko badira erreproduktibo gisa ezagutzen diren lanak eta lan merkatuan errekonozimendua dutenak, baina badira inolako errekonozimendu sozial eta ekonomikorik ez dutenak, ezinbestekoak direnak bizitzeko eta erabat ikusezinak direnak. Horiek ikusaraztea garrantzitsua da eta horretan saiatuko gara.

Gorputzari eta sexualitateari lotutakoa da laugarrena. Mota desberdinetako erasoak jasaten ditugu emakume izateagatik eta gure gorputzetan Elizaren eragina, medikalizazioarena... jasaten ditugu. Emakumeak oso medikalizatuta bizi gara eta gure gorputzaren ezagutza falta handia dago. Eskaintzen zaizkigun alternatiba guztiak oso medikalak dira. Gorputzen inguruko aldarrikapen hori guztia eta osasunaren autogestioarena eta sexualitatea askatasunez bizitzeko aukera ildo gisa hartu ditugu.

Oinarri nagusi horietan beste bat sartu dugu guk, “saretzea eta aniztasunaren kudeaketa” deitu duguna. Ekintza eremu hori prozesuak berak sortu digun beharra izan da. Plataforman ikusi da bizi dugun aniztasun hori kudeatu behar dugula eta neurri desberdinak hartu behar direla bide horretan, bai mugimendu feminista bezala bai gure egunerokoan ere, eta hor sartzen da kultur aniztasunaren ildo guztia. Azken batean ulertu behar dugu emakume izateagatik soilik ez ditugula errealitate berdinak konpartitzen. Guztien artean komunikazio bat eta lanketa bat egon behar da.

Adostasunak lortzeko zailtasunak handiak dira?

Noski. Espazio bakarrean oso errealitate, bizipen eta adin desberdinetako pertsonak batzean sortzen dira hizkuntzari, lan moduei lotutako aldeak, besteak beste, oso praktika politiko desberdinak ditugulako. Horregatik garrantzitsua da praktika politiko desberdinak ezagutzea, errekonozitzea eta denak zilegi direla ulertzea. Hizkuntzari lotua zailtasuna izan da, adibidez, baina lortu dugu irizpideak adostea.

Batzen zaituztena bereizten zaituztena baino indartsuago dela ulertzea da gakoa?

Hori da. Horregatik ildo guztien berregokitze bat egin dugu. Badaude elkarte batzuk sexualitatearen inguruan lan egiten dutenak, beste batzuk gai desberdinen inguruan erantzun politiko desberdinak ematen ditugunak, badira autoestimuan edota oinarrizko baliabideak eskaintzeari lotuta ahalduntze prozesuak lantzen dituztenak... Lehentasun desberdinak ditugu, baina prozesu honek batu egin gaitu aldarrikapen orokor batzuen baitan. Indarrak batzeko prozesua da eta ikusarazteko herrialde desberdinetako eta Euskal Herriko emakumeak erresistentzian gaudela.

Emakumeen aniztasuna bertute bat da mugimendu feministaren baitan, baina are eta bertute handiagoa da aniztasun hori kudeatzeko kolektiboki eta pertsonalki jartzen ditugun borondate eta baliabideak.

Hitzordu hauek errealitatearen analisia egiteko baliatzen dituzue?

Halako prozesu batek ahalbidetzen digu errealitatearen inguruko analisia egitea baino mugimendu feministaren osasuna neurtzea. Aktibaziorako tresna ere bada. Azken batean, Mundu Martxa pasatzen den herrietan ekimenak egingo dira, baina pasatuko ez den herri zenbaitetan ere bai. Beharbada talde feminista jakin bat ez duten herrietan, herriko hainbat feminista elkartu eta zerbait antolatuko dute. Mundu Martxak antolatzea ahalbidetzen du, nahiz eta norbere herrian iraunkorki funtzionatzen duen talde bat ez izan. Jada mugimendu feminista dagoen herrietan indartzeko eta ez dagoenetan antolatzeko.

Emakumeen kontrako indarkeria da Martxaren oinarrietako bat. Aurtengo udan gertatu diren erasoek oihartzun handia hartu dute. Entzun da behin baino gehiagotan hobera beharrean okerrera goazela, hala uste duzu?

Nik uste dut erasoak ez direla areagotzen ari, areagotzen ari dena erantzun soziala da. Jaiei begira urteetan lanketa handia egin da prebentzioa eta erantzuna lantzeko. Zer den eraso bat identifikatzen jakitea ere oinarrizkoa da. Oraindik ere asko kostatzen zaigu eraso sexista bat zer den identifikatzea, baina emakumeak gero eta ahaldunduagoak gaude eta normaltzat jotzen ez ditugun egoera batzuk salatzeko gero eta indar gehiago dago; eta, bestetik, erantzun hori ez da soilik mugimendu feministarena, erantzuna jaiak antolatzen dituen subjektu anitz horrena da. Komunikabideen aldetik ere gero eta arreta gehiago ematen zaie erasoei, besteak beste, erantzun sozial horretan eragile gehiagok hartzen dutelako parte. Esate baterako, Iruñean, orain dela sei urte, eraso bat gertatzen zenean mugimendu feminista mobilizatzen zen, eta gaur egun, ordea, Gora Iruñea plataformak egiten du. Horrek indar handiagoa ematen dio salaketari.

Buru-belarri lanean ari zarete Martxa antolatzen, galiziarrei lekukoa ematen diezuenean zer?

Prozesuaren balorazio bateratu bat egin beharko dugu. Guretzat aurten berezia izan da; izan ere, gure prozesua ez da hasi honen antolaketarako. Prozesua Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren birdefinizio bat egiteko, parte-hartzea areagotzeko, talde desberdinak elkartzeko eta Mundu Martxak urtean zehar iraunkorki dituen ildoak indartzeko abiatu zen.

Hemendik aurrera aztertu beharko da zein forma hartuko duen plataforma honek, zehazteko zein modutan lan egin nahi dugun. Une honetan Euskal Herriko mugimendu feministaren koordinaziorako gune bakarra da. Iparraldeko eta hegoaldeko mugimendu feministaren aliantza plataformaren bitartez egiten dugu, ez dago beste espaziorik iraunkorki bateratzeko; eta hori oso positiboa da guretzat, noski.