2015 AZA. 07 ROOM278, ETXEAK PANPOX Etxeak apaintzeko diseinu grafiko berezia lantzen du estudioak, euskarari ere leku eginez Room278 dekorazio grafikoko denda-estudioaren atzean Nerea Ortega donostiarra eta Ignasi Espelt bartzelonarra daude. Argazkilaritza eta interiorismoa uztartzen dituzte jendeak beren etxeak dekora ditzan. Euskal Herriko kulturari garrantzia ematen diote, baita euskarari berari ere. Azken proiektua, gure herria kolore bidez deskribatzea. Jon Urbe | Argazki Press Oihane Larretxea de la Granja Tentazioz beteta dago Room278. Paretak eta apalategiak produktuz gainezka, halako batean dena eraman nahiko zenuke etxera. Diseinuek bezeroaren arreta bereganatzen dute lehendabizi, eta, berehala, baita honen sinpatia ere. Bertakoari ezagunak eta, horrenbestez, kutunak egiten zaizkio erabiltzen dituzten ikonografia eta leloak; turistari, berriz, exotiko. Eta ikuspuntuak erabat kontrajarriak izan arren, bi publikoetan harrera ona izaten ari dira. Euskal Herriko kulturari, hizkuntzari eta oso gureak diren ohiturei –mendizaletasuna eta gastronomia kasu– garrantzia ematen diote Nerea Ortegak eta Ignasi Espeltek egiten dituzten diseinu grafikoetan. Etxeko sarreran “Epa!” dioen alfonbratxoa, mahaikideei “on egin” opa dieten mahai zapiak edo Txindoki, Anboto eta Ernio mendien izenak eta garaiera azaltzen dituzten kuxinak. Nork ez du, izan ere, mendi maiterik? Horrez gain, argazkilaritza ere lantzen dute, etxeetako paretak biluzik egon ez daitezen. Nerea Ortegak Arte Ederren lizentziatura du eta interiorismoa lantzen du. Ignasi Espelt senarra, berriz, diseinatzaile grafikoa eta argazkilaria da. Lau esparru horiek uztartuz, urte mordoa daramatzate sektorean lanean, baina Bartzelonatik Donostiara duela bi urte heldu ziren. Orduan zabaldu zuten Artzain Onaren katedralaren atzealdean duten denda-estudioa. Hastapenak Kataluniako hiriburuan izan ziren, hotel kate bateko obra departamentuan. Beren egitekoa, logelak dekoratzeko argazkiak eta irudiak egitea. «Hoteletako logeletan beti dago horma argazkilaritza. Beraz, geure irudi propioekin osatutako galeria sortu genuen eta horiek gero bezero genituen hoteletan eskaintzen genituen. Sentimenduak adierazten ez zituzten argazkiak eskatzen zizkiguten, egonaldi laburreko hotelak zirelako, bezero gehienek lan arrazoiengatik bisitatzen zituztenak. Dekorazio hutsezko elementuak izan behar ziren». Lisboa, Paris eta Bartzelonako hoteletan lan egin dute, besteak beste. Proiektu pertsonalizatuak egiten zituen estudio bilakatzea erabaki zuten, betiere horma dekorazioa egiteko, eta, hotelez gain, denda, jatetxe edo apartamentu turistikoak dekoratzeko aukera izan dute. 2006 eta 2013 artean makina ezberdinak erosi zituzten diseinatzen zuten guztia ekoitzi ahal izateko. Eta zergatik dendaren izen bitxia? «Argazki denda batean egiten nuen lan –gogoratu du Espeltek–, argazki laborategi ospetsu batetik haiekin lan egiteko aukera eskaini zidatenean. Erabaki beharra izan nuen. Aurrerapausoa zen, baina baita apustu handia ere gure kabuz lanean jartzea… Oporretan ginen erabakia hartu genuenean, 278. zenbakia zuen gelan». «Denda irekitzean eredu ezberdinak sortu genituen: laminak, kuxinak… hamaika gauza asmatu genituen, eta, azkenean, bilduma izaten amaitu dute», azaldu du Ortegak. Adibidez, Donostian ikoniko diren eraikin eta lekuen irudiak ageri dira horietan: Victoria Eugenia antzokia, Igeldoko funikularra, Kursaal jauregia, Alde Zaharreko pintxoak, danborrada… Bertan saltzen duten guztia barrualderako da. «Mundu guztiak jantzi behar ditu paretak, nahiz eta oro har ez dugun paretok gehiegi betetzea atsegin. Asko galduta ibiltzen da, adibidez, ohearen pareta nola dekoratu erabakitzeko garaian. Esan ohi diet ez dela argazki perfektua bilatu behar, baizik eta norberarentzat berezia dena», azaldu du Ortegak. «Lehen, 24 irudiko bobina batean segituan atzematen ziren argazki onenak zeintzuk ziren. Errebelatu eta handitu egiten genituen. Orain milaka egiten ditugu, et,a noski, aukeratzea izugarri zaila da», uste du Espeltek. Diseinua euskaraz Grafikoki estilo sinple eta eraginkorra dutela diote, eta tipografien garrantzia ere azpimarratu dute. Lemei dagokienez, euskarari ematen dioten tokia nabarmentzen da. Hala egitea ez zen «apustua» izan, baizik eta «zerbait naturala». «Donostiako turismoa maila handikoa da zentzu askotan, eta hona datorren jendea aldez aurretik informatuta dator, badagoela beste kultura bat, hitz egiten dela beste hizkuntza bat… Bertan egiten diren gauzak asko interesatzen zaizkie, eta gure kulturagatik jakin-mina erakusten dute». Hala erakutsi dio esperientziak bikote honi. Azaltzen dutenez, atzerritarren artean gehien saldutako laminak dira “Bazkaltzera”, “Goxo-goxo”, “Babarrun” edo “Kaixo!” diotenak. Zentzu horretan, Bartzelona eta Donostiako turismoa bereizten ditu Espeltek. Badaki zertaz ari den. «Hona datorrena jantziago dago. Bartzelonakoa masa turismoa da, berdin zaio ingelesa edo arabiera hitz egiten den. Bartzelona futbol taldea, Gaudi eta hondartza soilik bilatzen dute. Pena ematen du», salatu du. Tratatzen dituzten turisten artean, australiar eta eskandinaviarrak aipatu dituzte, baina beste hamaika herrialdeetatik ere bisitak jasotzen dituzte. «Arreta deitzen diete, bereziki, laminek, nahiz eta euskaraz izan; are gehiago, euskaraz bada, hobe –dio Ortegak–. Beste herrialde askotan ez dute geuk dugun berezitasuna, hizkuntzarena diot, eta uste dut badela hori komertzialki ustiatzeko bidea. Gainera, erosten digunak gure kultura eta lurraren pusketa bat darama etxera. Munduan zabaltzeko modua da». Ezaguna dena, kasu honetan Donostia, beste modu batean aurkezteko saiakera ondo baino hobeto bete dute Room278 estudioan. «Ondo jaten da eta oso polita da, baina hori badakigu, eta Kontxako badiaren argazki gehiago ere ezin saldu… Buelta bat eman behar zaio horri, beste irudi batzuk aurkeztu, diseinuak landu…». Atzerritarrentzat oroigarriak izan daitezke. Baina hots, oroigarri finak. «Diseinua atsegin baduzu, eta oroigarri bat bilatzen baduzu, leku aproposa da. Baina tamalez oso fama txarra dute souvenir-ek, objektu negargarri bilakatzen baitira sarri. Eta pena da, berez zoragarriak direlako», uste du Espeltek. Baina turistez gain, bertako bezero «asko» dago. Zergatik ez gosaldu Zurriolako hondartzaren katilu batekin? Gakoa betikoa modu ezberdinean aurkeztean datza. Dendan lanean daudenetik, jendearekin hartu-emana askoz ere estuagoa dela diote, eta oso harrigarria ere sarri. Ideiak, proposamenak, galderak, enkargu zehatzak… denetatik entzuten dute, eta hortik asko ikasten dutela diote biek ala biek. «Bezero bakoitzak bere ideiak ditu, eta oso polita da horiei irtenbidea ematea, alegia, posible egitea», izan ere, gauza gehienak pertsonalizatu egin daitezke. Adibidez, 5 urteko alabak egindako marrazkia kuxin batean estanpatzea nahi zuen ama batek. «Diseinu esklusiboak ere egiten ditugu, edo lamina batean dagoen irudia oihalean jarri». Euskal Herria, 9 koloretan Ezin sormenari ateak jarri. Nerea eta Ignasi, Ignasi eta Nerea, etengabe ari dira pentsatzen, lanean eta etxean, etxean eta lanean. Horietako hausnarketa batean, 2013an jada, otu zitzaien orain kaleratu berri duten eta hainbeste arrakasta izan duen proiektua: Euskal Herria zer den kolore bidez deskribatzea. Bederatzi atzeman dituzte, baina gehiago badaudela eta lehenago edo beranduago aterako dituztela diote. «Lagunekin poteoan elkartzen garen bakoitzean proposamen berriak ateratzen dira», diote irribarrez. Momentuz, hona hautatutakoak: Txuleta Dark Red, Txangurro Red, Sagardo Yellow, Txitxarro Silver Blue, Perretxiko Light Brown, Kantauri Blue, Ikatz Dark Grey, Gernika Pepper Green eta Bidasoa Salmon. Guztiak ere oihalezko poltsatan, kuxin zorroetan eta laminetan estanpatu dituzte. «Geure inguruan galdetu eta galdetu aritu ginen eta, kasualitatea edo ez, denek janariari egiten diote erreferentzia, Kantauri eta Ikatzek izan ezik, baina ezin dugu ukatu, edozeini ‘Euskal Herria’ esan eta gastronomian pentsatzen du; are gehiago, denek txuleta aipatzen dute lehendabizi; ondoren azaltzen dira beste ideia batzuk». Euskaldunok janariarekin dugun harreman estua aipatzen dute. «Jaki onak asko estimatzen ditugu, lan handia hartzen dugu sukaldean, eta pozik ordaintzen dugu. Janariak pozak baino ez ditu ematen», dio Ortegak barre artean. Eta arrazoia ez zaio falta. Hori islatzeko modua oso grafikoa izan da. Diseinuari dagokionez, ospe handiko kolore karta bati egiten dio erreferentzia. Proiektuak oso harrera ona izan duela aipatzen du pozik Espeltek; «akaso ez delako hain ikonikoa, eta zentzumenek paper garrantzitsua jokatzen dutelako», erantsi du Nereak. Aipatzen diren produktuen atzean, sagardoa, izokina, perretxikoa… mundu zabal bat ezkutatzen dela uste du Espeltek. «Txitxarroa arraia da, baina Euskal Herria ere bada. Eta txitxarroa, aldi berean, arrantzaleak, itsasoa, portuak… bizimodu bat ere bada. Eta horrekin guztiarekin estuki lotuta gaude». Kalean ere ikusi dute nor edo nor euren poltsa batekin eta oso hunkigarria dela diote. Oro har, «zeure dendara sartu eta zeuk egin duzun zerbait erosten dizuten bakoitzean bezala». Honako elementuetan oinarritutako koloreen bidez azaldu dute Euskal Herria: txuleta, ikatza, perretxikoak, sagardoa, itsasoa, txitxarroa, txangurroa, izokina eta Gernikako piperrak Euskara eta Euskal Herriko ikonografia asko erabiltzen dute, gastronomia, mendia… Bertako bezero asko dituzte. Zergatik ez gosaldu Zurriolako hondartzako katilu batekin? «Bazkaltzera», «Goxo-goxo», «Babarrun» edo «Kaixo!» lelodun laminak dira turisten artean salduenetako batzuk. Euskara estimatu eta gure kulturagatik jakin-mina erakusten dute Hoteletako logelak dekoratzeko argazki hormak egiten hasi ziren Bartzelonan, baina Parisen eta Lisboan ere egin dute lan. Izandako bilakaerak eraman ditu Room278 sortzera