2015 AZA. 21 Gerraren aurkako gerra eta kafearen ordez ezki-ura Iñaki Soto Gerran gaude. Gizontxo batek seriotasun handiz iragarri du, parlamentarien aurrean, mundu osoko telebisten bidez, gerran gaudela. Garai likido, gaseoso, etereo hauetan, “gerra” hitzaren esanahia historikoki izan duenaren oso desberdina da. Zentzu batean larriagoa da, sofistikatuagoa. Beste zentzuan, banalagoa, baina ez horregatik arrisku gabea. Asteazkenean, Donibane Lohitzuneko Luis XIV.aren plazan kafe bat hartzen ari ginela, ez zen ez gerra girorik sumatzen, inondik inora. Baina serio, handi jarriz gero, garai bitxiotan kafe bat gerra ekintza bihur liteke, gerra propaganda ekimen bat. Une batez, “Bataclan belaunaldiko” kide ote ginen galdetu genion gure buruari eta selfie bat egiteko aukeraz hitz egin genuen, murrikaz, benetako gerra kroniketan ohikoa den umore beltzaren espresiorik pobre eta patetikoenean. Ez ginen, ez, George Orwell edo John Reed. Gure ekintza ez zen gerra ekintza, ezta gerraren aurkako ekintza ere. Plazer handiko eguneroko ekintza burges-txikia zen, besterik ez. Adi, nik dakidala, John Reedek eta George Orwellek ere terrazetan kafea hartzen zuten. Gerran egon bagaude, ordea, eta ez da broma. Kontzertu batera joan eta bertan akabatu bazaitzakete, epaiketarik gabe, ia-ia oharkabean, gerran zaude, zalantzarik gabe. Merkatuan zaudela bonba batek eztanda egin eta zure komunitatea txiki badezake, gerran zaude. Bizilagun batek susmagarria eta arriskutsua zarela esan duelako –zure erlijioagatik edo are eta zure bizarragatik–, Polizia zure etxean tiroka sar badaiteke eta zure eskubide guztiak bertan behera gera badaitezke, gerran zaude. Milaka kilometrotara hartutako erabaki baten ondorioz, drone batek zure etxea suntsi badezake, gerra egon bada. Zure agintariak, telebistaz, gerran zaudela erabaki badezake, horrek suposatzen duen guztiarekin, hobe duzu gerran zaudela onartzea. Mugimendu globala, estrategia lokalak Gerran gaudela ofiziala bada, eta hau gure aurkakoa ere bada, gure eskubideen aurkakoa, gerra guztiak diren bezalaxe hau ere jendearen aurkako gerra bada, gerraren kontra gaudela esateak ere ofiziala beharko luke. Hau ez da Mundu Gerra berri bat, hirugarrena, baina hein batean mundu mailako gerra bada. Eta bere aurkako mugimenduak mundu mailakoa behar du izan, globala. Badira horretarako baldintzak. Atzera begira, mundu mailan gerraren aurkako mugimendua izan da, hain zuzen ere, kalera jende gehien atera duen mugimendua. Hainbat herrialdetan ekimenok mugarri izan dira aldaketa politikoaren bidean (Irlandan eta Eskozian, adibidez). Mugimendua globala izan behar bada ere, gerraren aurkako estrategiek lokalak behar dute izan, nazionalak eta erregionalak. Euskal Herrian bada horretarako aukerarik, antimilitarismoak ondare oparoa utzi duelako. Euskal antimilitarismoaren indarra bere izaera politikoan dago, bakezaletasun naif eta moralistarekin zerikusirik ez duen nortasun politikoan. Zentzu horretan, iraultzailea da, biolentziaz egiten duen irakurketa ez da soilik morala eta boterea da bere diskurtso eta praktikaren ardatza. Komunitatea egituratzeko gaitasuna erakutsi du, baita irabazteko gaitasuna ere. Tradizio baten parte da. Bakezaletasun naif bat badagoen bezala, existitzen da gurean belikotasun naif bat ere. Terraza batean kafe bat hartzen duen bitartean, drone bat gidatzen ari denaren antzera jenerala izatera jolastu nahi duen jendea ikusten dut sare sozialetan. Iraultzaile txartelak ematen dituzte, beraiei wifi sarearen kodea eman dieten erraztasun berberarekin. Baioneta batek haragia mozten duen zorroztasun berberaz erasotzen dituzte arerio birtualak. Ninjak bezala ezkutatzen dira troleoaren gau ilunean. Geopolitikaz janzten dute diskurtso morala. Gehienak gerlariaren eta biktimaren kartak aldi berean erabiltzen iaioak dira, alegia, bakar-jokoan tranpak egiten trebeak. Hobe lukete kafearen ordez ezki-ura hartuko balute. Igualeko burges-txikia da, baina nerbioentzat osasungarriagoa. • Bakezaletasun naif bat badagoen bezala, existitzen da gurean belikotasun naif bat ere. Iraultzaile txartelak ematen dituzte, beraiei kafetegian wifi sarearen kodea eman dieten erraztasun berberarekin