GAUR8 - mila leiho zabalik

Edertasuna oroitzea


Duela 85 urte jaioa, Audrey Hepburnek balleta dantzatu zuen haurtzaroan eta nerabezaroan eta ezkutuan dirua biltzen ibili zen Herbehereetako erresistentziari laguntzeko. Nazien aldekoa zuen aita; baroia, aitona bat. Aktore karreraren amaieran, Unicefeko enbaxadore berezi izendatu zuten, eta, minbiziarekin hil baino lehentxeago, Askatasunaren Domina irabazi zuen. Baina bere edertasuna da oroitzen duguna.

Belaunaldiz belaunaldi segitu ditu jendarteak edertasun ereduak, teoria ebolutiboetatik hasi –bertze animaliek bezala, bikotekidea umeak izan eta zaintzeko ezaugarri fisikoen arabera hautatzen dugula diotenak– eta metrosexualenganaino. Tartean pasatu ditugu bular eta aldaka zabaleko Venus, begi handi eta gorputz garaiko Nefertiti, aberastasunaren seinale ziren zuritasuna eta borobiltasuna, gero argaltasuna eta azala zimurtu arte eguzkia hartzeko moda, berriro zuria, zaintzearekin lotua... Eta oraindik ez da desagertu txikitan erabili erabiltzen genuen baina bere itxura arraro eta ezinezkoagatik sobera gustuko ez genuen Barbie. Are gehiago, Hello Barbie jaio da, adimen artifizialeko jostailurik konpletoena. Merkaturatu ez zedin kanpaina egin arren, Mattel etxeak aitzinera egin du eta dendetan dugu Eguberri hauetan. Kritika batzuek diote haurren gustuak ikertzea bilatzen dutela jostailu perfektua lortzeko, “The Simpsons” telesaileko kapitulu batean bezala, panpina gerri mehe honek wifi konexioa baitu eta haurrekin solas egin eta elkarrizketak grabatzen baititu. Barbie espioia da.

Alde guztietatik iristen zaigu irudi bonbardaketa gure gustuak bideratuz. Zutabe osoa ez, egunkari osoa eta gehiago mereziko luke publizitatea aztertzeak. Matxismoaren gailurrean dabil, emakumeak kirurgia estetikoa egitera animatuz eta kortse itxi batean itoz. Ez naiz «edertasuna barruan dago» topikoan eroriko, baina edertasun fisikoa ezin da izan oroitzen dugun gauza nagusia. •