2015 ABEN. 19 Armada langile eskirolak babesten Azken eguneraketa: 2015 ABEN. 19 - 00:21h Juantxo EGAÑA Baionako garaiko komunikabideetan jasoa geratu denez, 1911 hasieran portuko zamaketariek greba abiatu zuten. Zamaketariek piketeak osatu zituzten portuan mugimendurik egon ez zedin eta manifestazioa ere egin zuten Baionako kaleetan barna lan baldintzen hobekuntza eskatzeko; hamar orduko lanegunak eta atsedena igande eta jaiegunetan, besteren artean. Istilu gogorrak gertatu ziren manifestarien eta Poliziaren artean, eta atxilotu ugari izan ziren. Goiko irudia 1911ko apirilaren 7an Baionako Aubert argazkilariak egindakoa da. Ikus daitekeenez, Worms etxearentzat lan egiten zuen langile eskirol talde bat “Fronsac” itsasontzia deskargatzen ari da, Armada frantsesaren tropek babestuta. Greba zela-eta bidali zuten Armada Baionara.