2015 ABEN. 19 Elkarrizketa Oihana Iguaran Barandiaran villabona-amasa, 1991 «Kantatu nahiko nuke astez aste. Nire ahots hori bilatu nahi dut» Azken eguneraketa: 2015 ABEN. 19 - 00:21h Maider Iantzi Maider Iantzi Goienetxe Villabonako 24 urteko gaztea berria da finalean, baita txapelketa honetan ere. Ez hori bakarrik: lehenbizikoz sartu da Illunbe zezen plazara. Diskurtso interesgarria du, bertsoetan bezala, ideia argiekin. Ze sentsazio izan zenituen Tolosako finalaurrekoan kantatzean eta ze asmorekin zoaz finalera? Lehenengoz iritsi nintzen finalaurreko batera eta oso momentu polita izan zen. Ilusio askorekin iritsi nintzen eta kezka neukan halako plaza handia izanda eta nik halako barruko zurrunbiloa edukita jakingo ote nuen zentratzen. Erronka hori izan zen eta finalean uste dut askoz handiagoa izango dela. Baina nire asmoa berdina da, ilusioz etortzea, jendearekin kontaktatzen saiatzea eta esan nahi dudan horretan asmatzea. Teknikoki zortzikote hau oso potentea da; nik oraindik asko daukat lantzeko, orduan saiatuko naiz nire gaztetasunetik beste ahots bat ematen, beste kolore bat. Esateko zerbait ezberdina badaukadala uste dut. Freskotasuna emanen diozu saioari. Ahalegina hortik doa. Oraindik estiloa asko definitzeko daukat, baina uste dut ezberdina izan daitekeela eta publikoarekin kontaktatzeko balio izan didala. Tolosan hala sentitu nuen eta horixe sentitu nahi dut Illunben. Umoretsu ere ibili zinen. Oso garbi eduki nuen hortik jo behar nuela. Iruditu zitzaidan publikoak eskertzen zuela eta heriotzaren gaiaren aurrean bide hori hartu nuen, Unaik [Agirre] ere segituan heldu zion. Haurdunaldiaren gaian ere, biktima paperean sartzen ari ginela ikusi nuenean, erabaki nuen haurdun egonagatik jenio txarra izan eta aktibo izan zaitezkeela. Publikoak bereziki txalotzen zintuela sentitu zenuen? Konturatu nintzena da umorea saritzen zuela; seiko motzean bereziki sentitu nuen, bixitasun hori harrapatu genuenean, asko txalotu gintuzten. Ze sentipen izan dituzu Illunben sartzean? Lehenengo aldiz sartu naiz. Duela lau urteko finalean kanpoan nintzen, ikasketekin, eta Internet bidez ikusi nuen. Inpresio dexente egiten duen lekua da, eta, era berean, oso bildua, oso goxoa ematen du. Atsegina izango da kantatzeko, baina zentratzeko erronka handia eskatuko dit. Maiatzean txapelketa hasi zenuenetik finalera bitarteko bidea luze egin zaizu? Tentsioa luze doa. Arituz taldetik [Tolosaldeko bertsozale taldea] zortzi lagun atera ginen bertso eskola beretik. Sailkapen fasean bi saio ziren, hura seik gainditu genuen, eta gero saioz saio joan gara. Finalaurrekoetara hiru iritsi ginen eta gero ni. Oso pribilegiatua sentitzen naiz. Oso jende ona kanpoan geratu da eta zor diogu saio polit bat osatzea. Talde bezala, tentsio konpartitu bat ere izan da, kantatzen ez nuen saioetan ere besteengatik izan dut bultzatzeko grina hori, eta oso polita baina oso intentsoa izan da. Kanpoan gelditu diren gazteen ordezkari sentitzen zara? Ez dut sentitu nahi ordezkari, bai nahi dut saio on bat egin, zerbait ona eskaini. Jakitun naiz oso jende ona dagoela eta espero dudan gauza bakarra da gero plazan lekua izatea denok eta hor elkartzea. Noiz eta nolatan hasi zinen bertsotan? Ze bide egin duzu? 10-11 urterekin hasi nintzen bertso eskolan Amaia Agirrerekin, Villabonan bertan. Hasieran taldetxo bat geneukan, aurrera egin ahala desegiten joan zena. Baina Amaiak beti heldu gintuen gogoa geneukanok eta bertso eskola batetik bestera eraman gintuen, eta gaur da eguna non berekin ibilitakoak gehi Tolosaldeko bertsolariak elkartu garen eta gure talde propioa osatu dugun [Arituz]. Eskolartekoetan izena eman izan dut, gazte sariketa batzuetan ere abestu izan dut; ez dut bereziki ibilbide arrakastatsua egin, alegia, ez naiz ezaguna, jakitun naiz. Baina uste dut bide polit bat egiten ari garela bertso eskolan, bereziki azken urtean salto polita eman dugu gora, eta, era berean, uste dut oraindik asko daukagula egiteko. Ilusio horrekin gaude. Nola joan zara txapelketa prestatzen? Ariketak dexente aldatzen joan dira saioz saio. Neurriz aldatzen joan dira. Bertso eskolan egin duguna saio bakoitza prestatzea izan da. Gainontzean bakoitza gure estiloa bilatzen eta hobetzen saiatu gara. Zer eskatzen diozu bertsolaritzari? Argiago daukat zer eman nahi diodan. Txapelketan izena eman nuen plazetan abestu nahi dudalako. Kantatu nahiko nuke astez aste; ez dakit berria den esateko daukadana baina esateko gogoa daukat, nire ahots hori bilatu nahi dut. Uste dut beste kolore bat izan naitekeela eta momentuz bertsolaritzak eman didana da aukera izugarria. Jaso dudan hori guztia bueltan ematen baldin badut finalean, izugarria izango da. Horretara etorriko gara. «Bertsolaritzak eman didana da aukera izugarria. Jaso dudan hori guztia bueltan ematen baldin badut finalean, izugarria izango da»