2016 URT. 09 Ispiluaren aurrean Andoni Egia Kataluniako prozesuak dituen elementu interesgarrien artean interesgarriena, nire ustez, agente ekonomiko, politiko eta sozial guztien jarrerak, diskurtsoak eta estrategiak azaleratu dituela da, eta ez bakarrik agerikoak direnak, baizik eta –eta batez ere–, mozkorrak gaudenean bezala, barru-barruan daramagun hori bistaratu duela. Esan beharra daukat zazpi urte igaro ditudala Katalunian. Kostata izan bada ere, politika kataluniarrak dauzkan ardatz eta erpin ugari eta anitzak ikusarazi dizkidate, uler nitzan saiatuz. Horretarako egin behar izan nuen lehenengo pausua, gogorrena, euskaldun izateak ematen digun superioritate politikotik aldendu, mundua ulertu eta esplikatzeko erabiltzen ditugun betaurrekoak apurtu, eta hain urri daukagun sakoneko umiltasun ariketa bat egitea izan zen. Euskal gatazkak sortu duen “Gu” eta “Haiek” sinple hori alde batera utzi, eta “Gu” eta “Haiek” berri bat eraiki; zabala, anitza, konplexua. Horrela, prozesua modu oso pertsonalean bizi izan dut, nire herria omen den honen erraiak ikusteko aukera eman didala ohartu naiz. Eta galderak sortu zaizkit, bata bestearen atzean: «Nor gara gu? Zer dakigu guk? Zertan ari gara gu?». Suminduta nago, triste, haserre. Eskerrak euskaraz inork gutxi dakien, eta eskerrak Euskal Herrian bakarrik dakigun. Eskerrak gure kide katalanek ez duten ulertzen eta guk esandakoak hemen bakarrik gelditzen diren, lotsagarria baita, etsigarria. Gogorarazi nahiko nuke Euskal Herriaren askapenerako burutu diren estrategia eta ekintza guztiek porrot egin dutela nabarmen: bakegintzan, esperpentoa; arlo politikoan, blokeoa; eta, eremu sozialean, neutralizazioa. Iruditzen zait, onartzen hasi beharko genukeela frankismo amaieratik egin ditugun irakurketa politiko guztiak okerrak izan direla, eta orain arteko akats guztiek gauden tokira eraman gaituztela, gure kabuz eta gure erruz. Horrela bada, mesedez, utz diezaiegun beraien prozesua beste optika, beste estrategia eta beste aliantza batzuekin entseatzen. Arren, isil gaitezen, izan gaitezen umilagoak, izan gaitezen solidarioak. Elkartasun internazionalista hori baita, subjektu bakoitzaren estrategia eta praktikak ezbaian jarri gabe, behar den guztia eskaintzea, ondoan egotea, gainontzekoen erasoen aurrean babesa ematea. Eta azkenik, ikas dezagun, premia larria dugu-eta. •