GAUR8 - mila leiho zabalik

Jantziak


Auto barruan harrapatu nau 2016ak Europako Kultur Hiriburuan, aurrekoari bozinaka eta atzekoaren amorrua jasoz, leihoak eta ateak itxita, oihuka. Garbera merkataritza zentroaren atariko aparkalekuan autoa utzi nahi eta ezinean. Urduri nago eta irratia itzali dut. Musikak ez dit argi erabakitzen uzten ze zirrikitutatik aurreratuko dudan pareko autoa nire atzekoari ni gainditzeko tarterik utzi gabe eta aldameneko Renault Clioaren leihotik gizon bat ikusi dut leihoari oihuka, kopilotuaren aulkian haur batek izu-laborriz begiratzen diola eta haizetako garbigailuek ezetz esaten dioten bitartean; ez duela aparkatuko, ez dela Toys R Us saltokira joango; aurten ere semeari Errege Magoek ez diotela gutunetan eskatutako auto telegidaturik ekarriko, eta betiko geratuko dela Garbera pareko aparkalekuan. Bizikidetzaz eta familiaz pentsatzen ari nintzela leku bat libratu da eta autoa bertan sartu dudanerako ahaztu egin zait zertaz pentsatzen ari nintzen ere. Euria ari du gure hiriburu postalezkoan eta autoak erabat zibilizatuki ari dira elkarri bozinaka. Lasai hartzea pentsatu dut, berokia janztea. Irratian 2015eko kultur eskaintzaz ari dira eta otu zait kultura horixe dela: euria ari duenean janzten dugun berokia, material eta kolore sorta konpartitu bat; eta nire meditazio sakonean murgilduta nengoela auto batetik emakume haserretu batek keinu are haserretuago bat egin dit, ea ateratzera noan edo ze demonio ari naizen hainbeste denboran berari esperantza faltsuak sortzen. Ezetz erantzun diodanerako beste auto bati errietan ari zen.

Presaka joan naiz sarrera nagusiraino. Oinezkook ez daukagu bozinarik baina une batez zalantza egin dut denda eta denda arteko jende olde presati hartara ausartu edo ez. Eta ohartzerako nire hankak ere ibili ero horretan sartuak ziren; eta mugikorra joka hasi zait; lagunen bat izango da «urteberrion» esateko edo «geratuko kafe bat?» edo batek daki zer, baina ez naiz ausartu eskuarekin ezkerreko poltsikoan Richter eskalan hamarren bat gradutan dardarka ari den mugikorra hartzera, kontzentratuegi noa Springfield eta Bershka eta H&M eta Forum eta Pull and Bear eta ume-autoak eta opariak eta kafetegiak eta supermerkatua eta poltsak eta oinetakoen lokarriak lotzera makurtu den mutikoa eta mugikorretik hizketan ari den emakumea eta denda batean ezkutatu naiz arnasa hartzeko.

Oinezkoen ibiliaren erritmo eta bolumena hartua du musikak. Zentzumenak piztuta dauzkat, begiak erne eta eskuak fin artile, pana, bakero, zeta eta gainontzekoak ukitu eta ukitu koadrodun alkandora bat esku artean nerabilela autoko burutazioak itzuli zaizkit; kultura ere horixe dela akaso, jostea eta bustitzea ere bai, eta nire ideia zaparradaren lausoan Txirritarekin akordatu naiz, eta bere bi alkandorekin, koadrodunak ote ziren esku artean dudanaren moduan? Modatik pasatakoa moda bilakatzen da bat-batean berriro; alkandora esan nahi dut, Txirrita moda ote da edo ote zen?, kultura bai agian?, eta alkandora ez baina galtzak erosi ditut; ezkertiar antikapitalista antiinperialista honek auskalo nork auskalo non eta auskalo nola egindako galtzak erosi ditu nire kontraesanengatik baino nire kontra esango dituztenengatik kezkatuago.

Garai lausoak bizi ditugu: supermerkatuetan erosten ditugu gure liburu eta diskoak; makarroien, arrozen, letxugen eta haragiaren poltsa berean sartzen dugu kultura, agian janaria ere badelako kultura, edo kultura ere badelako janari.

Eta euripean aspaldiko hitz haiekin gogoratu naiz berriz ere. Baietz esan diot nire buruari, multinazionaletan erosi arren euskaltzalea naizela, eta ezkerrekoa, eta antikapitalista, egiten dudanak egiten nauen arren, hitz handien gainean ere euria ari duen arren, janzten dudanak janzten nauen arren. •