2016 URT. 30 Hiru Mirari Martiarena Hirukote ezagunak egon dira historian: ipuinetan, marrazki bizidunetan, maitasun istorioetan... Interneten begira aritu naiz, eta azaldu zaizkit beste adibide batzuk ere. Musikariak: Los Panchos. Erregeak: Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Txiste kontalariak: Kike, Joxe Ramon eta Gillermo. Geometria klaseetan esan ziguten triangelu mota desberdinak zeudela: aldekidea, isoszelea, eskalenoa, zuzena, zorrotza eta kamutsa. Beste triangelu mota batzuk ere badaudela ikasi nuen: Bermudetako triangelua, elikaduraren triangelua edo kazetaritzako iraulitako triangelua. Eta badago katekesian eta mezetan hainbeste aipatutako Hirutasun Santua ahaztu duenik? Bada nik lehen pertsonan bizi dudan hirutasun bat; 1992ko urriaz geroztik dudana. Hiru ahizpena. Hiruna urteko adin tartea dugu batetik bestera. Nik 29 urte ditut, Arantzazuk 26 eta Nereak 23. Gazteenak urteak betetzen dituen egunean zahartzen naiz, oraindik iruditzen baitzait nik ditudala 23 urte. Ahizpa zaharrena izatea egokitu zait. Nahi gabe ere eredu izatea. Nahi gabe ama papera hartzea. Ardura asko, onerako eta txarrerako. Inork eman gabe hartu izan ditudanak gehienean. Atzera begira jarrita barre egiten dugu “konjuntatuta” janzten gintuzten egunekin. Zaharrenetik gazteenera herentziaz pasatako arropak. Ondorioz, kalkulatu gazteenak zenbat urte pasa zituen berdin jantzita. Elkarri lagundu izan diogu eskolako lanak egiten. Sesioak ere mundialak izan ohi ziren, normalean bi baten kontra. Edo bi bat zirikatuz haserrarazteko. Hiru neska baserri batean. Horrek ere eman dezake beste zutabe baterako. Gurasoek gazteena neska izango zela esan zutenean inguruan izan zen “izorra daitezela” esan zuenik. Ez gara historiako liburuetan azalduko “Pikoketako hiru ahizpak” izenburuarekin. Ez dakit zer motatako triangelu bezala definituko gintuzketen. Ahizpak gara, lagunak, konplizeak. Hirutasun Santua zer den ez zitzaidan oso argi geratu, baina hirutasuna zer den badakit. Hirutasuna gu gara. •