2016 URT. 30 Sariak Ander Gortazar Balerdi - @derzu_uzala Arkitektoa Sari bat da X-ek Y-ri (non X erakunde bat den eta Y pertsona bat, normalean) egiten dion gorazarre publiko bat, bikaina kontsideratzen den lan edo ibilbide batengatik. Sariez ari garelarik sari-hartzaileari buruz hitz egiten dugu asko, eta gutxi, aldiz, sari-emaileari buruz. Baina saria gorazarre konpartitua da egiazki, bumeran itxurako oparia, sariaren hartzailea goratu eta bide batez sari-emailea laudatzen eta legitimatzen duena. X eta Y, bigarrenaren meritua eta lehenengoaren interesa, komeni da biei erreparatzea. Ez da erraza sari-emailearen papera: abangoardiak sumatu behar ditu baina ez goizegi, modei erreparatu behar die baina ez beranduegi. Bere irudiaren –eta testuinguruaren arabera eman nahi duenaren– tamainakoa behar du izan saridunak, eta horrek puntu kontserbadore bat duen arren, ezin dio berrikuntzari eta sorpresari uko egin. Harea mugikorretan igerian, eremu difuso horretan bizi da sari-emailea. Duela bi aste eman zuen Hyatt fundazioak aurtengo Pritzker sariaren berri. Alejandro Aravenari emango diote munduko arkitektura-sari nagusia, «diseinu bikaintzat dugun horretan sakontzeagatik. Bere obrak gutxien dutenei aukerak ematen dizkie, hondamendi naturalen efektuak arintzen ditu, energia-kontsumoa murrizten du eta espazio publiko atsegina eskaintzen du». Hitz-jario soziala du Pritzker sariaren prentsa-oharrak. Sarituak hitzok merezi ote dituen, eta merezi ote duen, oro har, tamaina honetako saria, ez dira gutxi izan auzitan jarri dutenak. Eraikin onak izan baditu Aravenak. Traza hartu diet Espainiako boom-aren garaian egin zen arkitektura onarena, arkitektura-aldizkarietan ikus zitezkeen adibide horiena, lurraldea eraikin kaskarrez (des)josten ari zen bitartean. Arkitektura ona, baina besteen gainetik gehiegi nabarmendu gabe. Adinak ere azal dezake hori, gazte –48 urte– eman baitiote saria Aravena arkitekto txiletarrari.–Proiektu sozialak ere baditu. Quinta Monroy babes ofizialeko etxebizitzak dira, seguruenik, ospetsuenak. Lurraren kostua altua zen hirigune batean, txaboletan bizi ziren familien sare ekonomiko eta sozialak lekuan bertan mantentzea hobetsi zuten, periferiara bidali gabe, baina aldi berean kalitatezko etxebizitzari uko egin gabe. Merkatuko ohiko tipologiekin bi baldintzak betetzerik ez zegoela iritzita, “etxe erdia” tipologia asmatu zuen Aravenaren bulegoak. Etxe erdi horiek familiek euren kaxa eraiki ezingo zituzten kalitatezko piezak dira, familien ahalmen ekonomikoa hobetu ahala etxebizitzaren hedapena –bigarren erdia, alegia– errazten duena. Polita da emaitza, erritmo garbia duten eraikin ezberdinak, elkarri atxikiak. Sariekin jarraituz, Turner sariak ere banatu zituzten duela aste batzuk. Assemble kolektiboari eman zioten Erresuma Batuko arte-sari garrantzitsuena, “ez-artista” bati ematen zaion lehen aldia. Kideetariko batek modu ezin zehatzagoan esan duen moduan, «arkitektoak-edo, edo ez, agian-edo». Auzo-zaharberritze proiektu sozial batek irabazi du sari ospetsu eta tradizionalki polemikoa, pentsa, urte batzuk lehenago erditik zatitutako behi eta zekor disekatu banak irabazitako sari bera –lau erdi guztira, bitrina banatan formaldehido likidoan urperatuta–. Konparazioak gorrotagarriak bezain zailak dira, eta batek baino gehiagok esan du zaharberritze urbano bat, soziala eta pintoreskoa izanda ere, ez dela arte modernoa. Assemblekoek eraisteko zorian zeuden Liverpool hiriko hamar etxebizitza konpondu dituzte auzolanean, «korporazio handien gentrifikazio dinamiketatik at. Assemblek ekimen artistiko eta kolektiboen tradiziotik edaten du, diseinua eta arkitekturarekin esperimentatuz eta praktika artistikoek premiazko arazoei irtenbidea emateko duten garrantzia erakutsiz», Turner dixit. Kausalitatea ala kasualitatea, ohar mentala beraz 2015-2016 kurtsoaren errepasoa egiten dugunerako: mainstream sariek kutsu soziala izan zutenekoa. •