2016 API. 09 Aberri Egunaz: aberriaz eta egunez Maria Gonzalez Gorosarri - @albistetan Kazetaria eta ikertzailea Egutegiak denbora zenbatzeko tresnak dira. Denborari gure bizitza kolektiboaren uneen izenak ematen dizkiogu: gogoratzen ditugun neurrian, herri bezala existitzen garelakoan. Egutegiek, hortaz, hasiera mitologikoa ohi dute oinarri. Erromako lehen egutegiaren hasierako urtea, adibidez, Romulo errege izan omen zenekoa zen. Judutarrak Genesiaren Egunean (munduaren sorrera) hasi ziren denbora zenbatzen, hau da, gure K.a. 3760. urteko urriaren 7an (igandea ei zen). Aurten 5777. urtea dute. Egutegi islamiarrak Mahomak Mekatik alde egin zuen urtea du lehen urtetzat: gure 622. urtea, alegia (aurten 1394. urtea dute). Gurean gregoriotar egutegia erabiltzen da, Gregorio XIII.a aita santuak 1582an agindu zuelako. Jesukristo ustez jaio zen urtea 1. urtea da. Euskaldunok ondoko zibilizazioen eragina izan dugu. Horrela, euskal astea Erromaren ondorioz, hiru egunetik (astelehen, astearte eta asteazken) izatetik zazpira pasatu zen. Kristautasunaren ondorioz, gainera, martxo-apiril bitartean “Astea Santua” ospatzen dugu. Hilabeteak kristauen Pazkoa zehazten du eta, horrek, Aberri Eguna, EAJk 1932an lehenengoz ospatu zuenetik. Irlandan gertatzen den antzera, gurean ere herri izaerak katolizismoari lotuta jarraitzen du. Irlanda 1916ko Pazko Astean bere independentziagatik borrokatu zen. Herri izaera erlijiosoari esker, Irlandan abortua oraindik delitu da. Arrazoi beragatik, Ingalaterraren menpe jarraitzen duen Ipar Irlandan abortua legez kanpokoa da, Ingalaterran legezkoa izan arren. Etxean isilpean abortatzeko pozoia hartu zuen 21 urteko andrea asteon epaitu dute: • «Bere buruari abortua egin zion Ipar Irlandako emakumeak espetxez besteko zigorra bete beharko du» (“The Guardian”, 2016/04/04). Hortaz, Aberri Eguna katolikoek Jesukristo berpiztu zela ospatzen duten egunean bertan izaten da. Podemos-Ahal Duguk aurten parte hartu izanak zeresana sortu du. Alderdia, orduan, herri bezala gogoratzeko modukoak iruditzen zaizkion beste bi egun ospatzearen alde ere agertu da: • «Podemos propone equiparar el Aberri con el Día del Estatuto y el aniversario del primer Gobierno vasco» (“El Correo”, 2016/03/27). Hiru egun horietatik Aste Santukoa baino ez da beti jaieguna izan. Aurten, lehen Eusko Jaurlaritzaren 80. urteurrenean, jaieguna izango dugu lehen aldiz EAEn urriaren 7an (maiatzaren 1a –Langileen Eguna– eta abenduaren 25a –Gabon eguna– igandeak direlako): • «El 7 de octubre de 2016 será festivo por el 80 aniversario del primer Gobierno vasco» (GARA, 2015/06/30). Gernikako Estatutuaren onarpena gogoratzen zuen eguna jaiegun izendatu zuen Patxi López lehendakariak eta “Euskadiren Eguna” izena eman zion, 30 urte geroago, Estatutuan jasotzen diren konpetentzien erdia Espainiak oraindik EAEri eman ez arren: • «El País Vasco estrena hoy la festividad del Día de Euskadi con plantes» (“El Mundo”, 2011/10/25). Hauteskundeak irabazi ondoren, baina lehendakari izendatu aurretik, Iñigo Urkulluk Euskadiren Eguna ospatu zuen: • «Urkullu coincidirá con Patxi López en la festividad del País Vasco» (“ABC”, 2012/10/25). Ondoren, legealdiaren bigarren urtean, Gernikako Estatutu betegabearen eguna bertan behera utzi zuten EAJk eta EH Bilduk. Jeltzaleek aukeratu zuten jaiegun berria mairurik gabeko Espainia kristauaren sinboloa izan zen, Santiago eguna: • «El 25 de julio de 2014 será festivo en sustitución del derogado Día de Euskadi» (“El Correo”, 2013/12/03). EH Bilduk proposatu zuen jaieguna Nafarroaren Eguna eta Euskararen Eguna zen: San Frantzisko Xabierkoaren eguna, hain zuzen. • «EH Bilduk Euskararen Eguna proposatu du Euskadiren Eguna ordezkatzeko» (“Berria”, 2013/07/19). Gure jaiegunen bitartez ere erlijioak gure bizitza kolektiboa menderatzen du. Karl Marxena da «erlijioa herriaren opioa da» aipua. Zenbait langilek erlijiora konponbide bila jotzen zuela azaldu nahi zuen. Irtenbiderik eman beharrean, erlijioak bizitza kaxkar hori onartzeko konbentzitzen zituen. Herri izaera imajinatzean ere, herri ez izateko konbentzitzen gaituzte jaiegun erlijiosoek, ateoak eta gainerako erlijioetako kideak herri honetatik kanpo geratzen garelako. •