2016 MAI. 07 AL-QAEDA Bin Laden hil zutenetik, berak sortutako sareak bide berriak zabaldu ditu Jihadismoak bi eredu nagusi eskaintzen ditu: gainbeheran dirudien Al-Qaeda eta propaganda egiteko garaian nagusi den Estatu Islamikoa. Makina bat lekutan bizi den miseriak, etorkizun ezak, bi ereduak elikatzen ditu, baina adituek uste dute Al-Qaedaren bidea jasangarriagoa dela, lekuan lekuko nahiak kontuan hartzen dituelako. joseangel.oria@gaur8.info Al Mukalla hiria Yemengo hegoaldean dago, Aden golkoan, eta Hadramawt probintziako hiriburua da. 200.000 biztanle inguru ditu. Bertako herritarrek urtebete egin dute Al-Qaedako milizianoen aginduak betetzen, bestela hil egingo zituztela jakinda. Amesgaiztoa iazko apirilaren 2an hasi zitzaien. AQAP Arabiar Penintsulako Al-Qaedak bertako espetxea bereganatu zuen egun hartan, ehunka preso aske uzteko, erakundeko bi buruzagi ohi barne. Hiriko banketxe bati egin zioten eraso, dirutza eramanez. Gainera, Al Mukallako jauregi presidentziala ere bereganatu zuten. Gaztelaniazko Wikipediak aste honetan bertan oraindik esaten duenez, AQAPekoen hiriburu bihurtuta zegoen eta emirerria eratu nahi zuten Hadramawten. Ingelesezko bertsioak informazio gaurkotuagoa eskaintzen du, Al-Qaedakoek ospa egin baitzuten apirilean hiritik, Yemengo Armadaren erasoaldi baten eraginez. «Al-Qaedako borrokalariek atxilotzeko edo beren indarretan esku hartzera behartzeko arriskuak beldurtuta eduki gaituzte», esplikatu zien kazetariei Mujahid al-Qaiqi 22 urteko gazteak. Jihadisten tokia Yemengo segurtasun indarrek hartu dute orain eta guztiek diote hiria erabat aldatu dela asteotan. Gerra testuingurua Al-Qaedak alde batetik eta ISIS Estatu Islamikoak bestetik gerra testuinguruak eskaintzen dien baldintzak baliatu dituzte lurralde gehiago bereganatzeko. Al Mukallan, Hadi presidentearen indarren eta huthi matxinoen arteko borrokek eragindako kaosa baliatu zuten hiria beren mendean hartu eta bertako ohiturak erabat aldatzen hasteko. Herritarrek kontatu dutena ISISek bereganatutako Irak edo Siriako herrietakoek kontatzen dutenaren tankerakoa da. Jihadistek Erlijio Polizia sortu zuten, leku publikoetan gizonak eta emakumeak elkarrekin egon ez zitezen. “Emakume fededunak, zuen gorputz garbiak estali, disimulurik gabeko begiradek eraso ez ditzaten”, irakur daiteke oraindik jihadistek hirian ipinitako txartel batean. Al-Qaedak hedatutako Poliziak kalean ikusten zuen edozein bikote gelditzen zuen, familiakoak zirela baieztatzeko. Bestela... Saleh Naserrek kontatu du urtarrilaren 4an emakume bat harrika hil zutela, adulterioa leporatu ondoren. Musika, debekatuta Abestea eta dantza egitea debekatu zuten. Baita ezkontzatan ere, nahiz eta Al Mukallan musikak beti sekulako garrantzia izan duen. «Egun batean nire dendara etorri ziren eta nituen zinema eta musika grabazio guztiak ezabatzeko agindu zidaten», adierazi die kazetariei Isa Ghaleb musika denda bateko jabeak. «Grabazio horien ordez, Al-Qaedak Afganistanen, Iraken eta Sirian egindako operazio militarren bideoak eskaintzeko esan zidaten». Islamak idolatria debekatzen duela esanez, hilobiak eta mausoleoak suntsitu zituzten Al-Qaedako jihadistek. Aldi berean, ur eta argindar hornikuntza bermatzen arrakastaz saiatu ziren jihadistak, Abdel Jabar Bajbir ikasleak onartu duenez. Al Mukallatik ihes egitean argitara eman zuten agiri batean esplikatu zuten hiriaren suntsiketa saihesteagatik hartu zutela erabakia, eta bertan egon diren bitartean zegoen «segurtasunari» esker «ekonomiak eta merkataritzak gora» egin zutela. Horrelako argudioek sekulako garrantzia dute egungo yemendarrentzat, gerra besterik ezagutu ez duten horientzat. Herritar batzuek esan dute Al-Qaedak alde egin eta Gobernua itzuli dela-eta, zerbitzu publikoek behera egingo dutelakoan daudela. Al Mukalla Al-Qaedakoek eraiki nahi duten gizartearen isla izan daiteke; Osama Bin Laden hil ondorengo Al-Qaedak erakutsi nahi duen ereduaren isla. 2011z geroztik, Bin Ladenek sortu zuen sareak eraso ikusgarriak egin izan ditu, esaterako, Pariseko “Charlie Hebdo” astekari satirikoaren aurkakoa. Aldi berean, epe luzera begiratzen du, ISISekoen indartzeari eta estatubatuarren bonbardaketei aurre egin nahian. Zein talde nagusituko da? Adituak ez dira bat etortzen. Batzuek diote Al-Qaeda atzean utzi dutela dagoeneko ISISekoek, eta une honetan gainbeheran dagoela Zawahiriren sarea. Beste batzuek, berriz, Estatu Islamikoak protagonismoa kendu diola sareari, baina bere epe luzeko estrategiari esker ISIS gailenduko duela azkenean, Abu Bakr al-Baghdadik sortutako estatu itxurako erakundeak sekulako presioa baitu Sirian eta Iraken eratu duen Kalifatoan. Al-Qaedak astindu izugarria eman zion munduari 2001eko irailaren 11n, lau bidaiari hegazkin bahitu eta New Yorken eta Washingtonen eraso ikusgarriak egin zituenean (laugarren hegazkina Pennsylvanian bota zuten estatubatuarrek, Etxe Zuria erasotzera zihoalakoan). Ia 3.000 hildako. Aitzakiarik onena AEBetako Armadak Ekialde Hurbilari su eman ziezaion. Baina Al-Qaedaren sua itzaltzen hasi zen, horrela zirudien behintzat, 2011ko maiatzaren 2an Pakistanen estatubatuarrek Bin Laden bera hil zutenean. Gainera, Al-Baghdadik Irakeko Al-Qaeda utzi eta Estatu Islamikoa (Kalifatoa deitzen diote) sortu zuen 2014an, oso erraz bereganatu zituen Irakeko eta Siriako eremu zabaletan. Geroztik badirudi ISIS Estatu Islamikoa jihadismoaren eredu arrakastatsua dela, eta Al-Qaeda, aldiz, porrotaren irudia. Propagandak, jakina, sekulako garrantzia izan zuen bilakaera horretan. Jean-Pierre Filiu frantses adituak uste du ISISekoek sortutako «gerra mediatikorako makinak» sekulako arrakasta izan zuela, eta Al-Qaedaren propaganda ia erabat ezkutatzea lortu zuela. ISISekoen basakeriek eragin zuten Ayman Zawahiri Al-Qaedako buru berria erabat itzaltzea. Filiuk egiten duen irakurketak Al-Qaedarekin herrialde ezberdinetan bat egin duten taldeak kontuan hartzen ditu. Berak dio Afrikako Sahel eskualdea alde batera utzita, gainerako leku guztietan Al-Qaeda ahuldu egin dela. «Atzera egin izana Zawahiriren erabakien ondorio da. Berak arabiar herrialdeetan sortutako giro iraultzailea baliatu nahi zuen, ISISekoek hasiera-hasieratik iraultzen aurkako jarrera hartu zuten bitartean. Horrek Sirian eta Yemenen diktadoreen laguntza baliatzeko aukera eman die, eta Libian, berriz, Gaddafi koronelaren jarraitzaile batzuk bereganatu ditu». William McCants Washingtongo Brookings Institution erakundeko adituak nabarmentzen du Siriako Al-Nusra Frontearen jarduera, ISISekoek lurralde asko kendu ondoren, egoera iraultzen hasia delako. Yemen eta Afrika McCantsek Yemen ere ekarri du gogora. Bertan AQPAk eremu zabalak ditu bere mende, nahiz eta azken asteotan leku batzuetatik (Al Mukalla hiritik, kasu) ihes egin behar izan duen. Gainera, milaka borrokalari ditu Yemenen, eta ISISek ehunka baino ez. Estatubatuarraren arabera, Zawahirik ezarritako ildoaren ondorio da Yemenen gertatzen ari dena: alde batetik lurraldeak bereganatzen ditu, bestetik Mendebaldeko interesen aurkako erasoak egiten dituen bitartean. AQMI Islamiar Magrebeko Al-Qaedak azken hilabeteotan hotel eta jatetxeen aurkako eraso ugari egin ditu, dozenaka turista atzerritar hilez. Soufan Group analisi institutuak martxoan egin zuen txostenaren arabera, Al-Qaedak batasun irudia eman nahi du Afrikako Mendebaldeko eraso horiekin, «zatiketa kaltegarrien ondoren», era horretan ISISekoen indarra ahulduko duelakoan. Bruselan egoitza duen ICG International Crisis Groupek uste du Al-Qaeda egoera berrira egokitu dela, eta bere adar batzuk indartsuak direla «lekuan lekuko matxinadetan esku hartzen dutelako». ISISek erakusten ez duen «pragmatismoa» du Al-Qaedak eta, esaterako, «musulmanak ez hiltzen saiatzen da, betiere lekuan lekuko sentsibilitatea kontuan hartuta». ISISek Yemenen xiiten meskitei eraso egin zienean, sareak gaitzetsi egin zituen atentatu horiek. AEB-ei lagundu zien medikuaren drama Osama Bin Laden Al-Qaeda sareko buruaren aurkako operazioak makina bat biktima utzi ditu bidean. Bakarren bat nabarmentzekotan, Shakil Afridi medikua aipatu behar da, bere laguntzarik gabe estatubatuarrek ez baitzuten lortuko Bin Laden harrapatzea. Une honetan preso daukate Pakistanen eta kartzelan bertan ere erabat beldurtuta bizi da; bere lehenengo abokatuak herrialdetik ihes egitea erabaki zuen, baina bisita bat egitera itzuli zenean erail egin zuten; eta oraingoak, Qamar Nadeemek, bi urte daramatza bezeroarekin hitz egiteko aukerarik gabe. Estatubatuarrei sekulako mesedea egin zien gizona inolako babesik gabe dago. «Erromak ez die traidoreei ordaintzen», esan omen zien orain 22 mende Kinto Servilio Zepion kontsulak Viriato lusitaniar tribuaren buruzagi nagusia hil zuten traidoreei. Hori gertatu ote zaio Afridi medikuari? Afridi doktoreak C hepatitisaren aurkako txertaketa kanpaina faltsu bat antolatu zuen AEBen ustez Osama Bin Laden bizi zen eskualdean, biztanleen DNA laginak lortzeko asmoarekin. Medikuak berak esan izan du estatubatuarrek ez ziotela jakinarazi noren bila zebiltzan. Lagin horiei esker Bin Laden Abbottabaden bizi zela baieztatu zutenean, Armadako indar bereziek hil zuten jihadista, Washingtonen bertsioaren arabera. CIA inteligentzia agentziak ihes egiteko eskatu zionean, berak ezetz erantzun omen zien. Pakistango agintariek iraintzat hartu zuten operazioa. Medikua atxilotu eta muturreko militanteekin lotura zuela leporatuta (sinesgarritasunik ez duen akusazioa), epaitu egin zuten: 33 urteko kartzela zigorra. Gerora 23 urtera murriztu zioten zigorra. Bata zuria jantzita dagoena, etsaitzat Shakil Afridi medikuari elkarrizketa bakarra egin zaio preso dagoenetik. 2012an egin zion AEBetako Fox News telebista kateak. Orduan onartu zuen operazioarekin zerikusirik izan zuela, handik pixka batera Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkari ohiak baieztatuko zuena. Nola jarri ziren harremanetan CIAko espioiak medikuarekin? Pakistango hedabide batzuek esan izan dute Save The Children gobernuz kanpoko erakundeko arduradun batzuek (medikuak horiekin egiten zuen lan) bitartekari lanak egin zituztela. Erakundeak berak ezetz dio, jakina! Edonola ere, eskualde hartan eta ingurukoetan ere, bata zuria jantzita ageri den edonor etsaitzat hartzen dute gaur egun eta prebentzio kanpainak aurrera ateratzea ezinezko bihurtu da, milaka lagunen kalterako. Shakil Afridiren abokatuek ez dute ezer lortzen, prozedura judiziala indar ikaragarri batek oztopatuko balu bezala. 2014an eman zitzaion hasiera teorikoa apelazio epaiketari, baina beti sortzen da aitzakiaren bat beste baterako uzteko. Horregatik giza eskubideen aldeko talde batzuek kasua salatu izan dute, agintariei gardentasuna eskatzeaz gain. «Egurra ematen diote medikuari, beren burua garbitzeko», adierazi du Zar Ali Khan Afridi ekintzaileak (ez da medikuaren familiakoa, abizen bera izan arren). Afridik ia ez du bisitarik izaten, nahiz eta Peshawarreko auzitegiak anai-arreben bisitak baimenduta dauzkan. Abokatuak dio AEBen presiorik gabe, bezeroaren egoera ez dela aldatuko. 2012an AEBetako Senatuak Islamabad estutu zuen, laguntzak murriztuz, baina Washingtonek Afganistango talibanekin egin beharreko negoziazioei eman zien lehentasuna, eta medikua erabat bakartuta utzi du. ISISek erakusten ez duen «pragmatismoa» du Al-Qaedak, eta, esaterako, «musulmanak ez hiltzen saiatzen da, betiere lekuan lekuko sentsibilitatea kontuan hartuta» William McCants Brookings Institutioneko adituak nabarmentzen du Siriako Al-Nusra Frontearen jarduera, ISISekoek lurralde asko kendu ondoren, egoera iraultzen hasia delako 2011 Maiatzaren 2an hil zuten Osama Bin Laden (Pakistango orduaren arabera), eta irailaren 30ean AEBetako Armadako drone batek Anuar al-Aulaqi (yemendarra) Arabiar Penintsulako Al-Qaedako buruetako bat hil zuen. Egun haietan, Pakistanen, Al-Qaedako beste kide garrantzitsu batzuk hil zituzten estatubatuarrek. Garai hartan diru gutxirekin zebilen sarea, baina nahikoa Afrikan eta Ekialde Hurbilean zituen taldeei erasoak egiteko agintzeko. 2012 Al-Qaedak 2001eko irailaren 11n egin zuen atentatu ikaragarriaren 11. urteurrenean, sarearekin lotura zuten talde batzuek AEBek Libiako Bengasi hirian zuten kontsulatuari eraso egin zioten (lau hildako, enbaxadorea barne). Handik hiru egunetara, arabiar herrialdeetan pelikula baten aurka protestaka ari zirela, AEBek Tunisian zuten enbaxadari egin zioten eraso. Irailaren 15ean Al-Qaedak AEBen interesen aurkako erasoekin segitzeko eskatu zuen. 2013 Urtarrilaren 11n frantses Estatuak eta bere aliatuek Islamiar Magrebeko Al-Qaeda kanporatu zuten Malitik. Hilaren 16an, mendekua: Aljeriako gas instalazioei eraso egin zien sareak (69 hildako). 2014tik aurrera Parisek Mauritania, Mali, Burkina Faso, Niger eta Txaden laguntza izan du Al-Qaedaren aurkako borrokan. Hala ere, AQMIk eraso gehiago egin ditu: 2015ean Bamako Maliko hiriburuan (20 hildako) eta aurten Burkina Fason (30 hildako hiriburuan) eta Boli Kostan (19). Sirian, berriz, Al-Nusra Fronteak bat egiten du Al-Qaedarekin. 2014 Irakeko Al-Qaedako makina bat kidek sarea utzi eta ISIS Estatu Islamikoa sortu zuten. Ekainean, Siriako eta Irakeko eremu zabalak bereganatuta, Kalifatoa aldarrikatu zuten. ISIS eta Al-Qaeda elkarri mokoka hasi ziren jarraian. Sareak jakinarazi zuen indiar azpikontinentean beste filial bat sortua zuela. 2015 Urtarrilaren 7an AQPAk bere gain hartu zuen “Charlie Hebdo” astekariaren aurkako erasoa. Apirilean arabiar penintsulako jihadistek Yemengo Mukala hiria bereganatu zuten (urtebete egin zuten bertan). AEBek AQPAko 71 borrokalari hil zituen 2016ko martxoan. Zawahirik ez zuen bat egin nahi izan ISISekin, nahiz eta batasuna eskatu. ARABIAR PENINTSULAKO AL-QAEDA Al-Qaedak Yemenen eta Saudi Arabian zituen taldeek bat egitean sortu zen AQPA Arabiar Penintsulako Al-Qaeda, 2009an (ordura arteko AEBen aurkako eraso ikusgarrienetako batzuk beraiek egin zituzten). Arabiar Udaberriarekin batera Yemenen egin ziren protestaldien harira (Gobernua xiiten aurka) asko indartu zen. Pariseko «Charlie Hebdo» astekariaren aurkako erasoa bere gain hartu zuen. INDIAR AZPIKONTINENTEKO AL-QAEDA Al-Qaedak 2014ko irailean iragarri zuen AQIS Indiar Azpikontinenteko Al-Qaedaren sorrera. Indian, Afganistanen, Pakistanen, Bangladeshen eta Birmanian du indarra: 600 borrokalari inguru ditu. Pakistango eta Afganistango talibanekin lotura du eta iaz Bangladeshen makina bat blogari hil zituen, erlijioaren aurka aritzeagatik. Homosexualak ere jomugan ditu. SIRIAKO AL-NUSRA FRONTEA Siriako Al-Nusra Frontea 2012ko urtarrilean sortu zen, Baxar al-Assad diktadorearen aurkako matxinadak lehen urtea bete gabe zuela. Adituek diote ISIS taldearen ondoren, Siriako indar jihadistarik indartsuena dela. Bi taldeak elkarren aurka borrokan ari dira. Adituen kalkuluen arabera, 8.000 borrokalari ditu. Idleb eta Alepo probintziatan du indarra. Azken su-etenetik kanpo geratu zen. ISLAMIARMAGREBEKOAL-QAEDA Aljerian indar islamistek hautestontzietan garaipena lortu zuten baina galtzaileek ez zuten emaitza onartu eta jihadismoaren bidea hartu zuten talde horietan zeuden batzuek. Hortik sortu zen AQMI Islamiar Magrebeko Al-Qaeda, 2007an. Mendebaldeko herritarrak bahitu izan ditu, erasoak egiteaz gain. Mojtar Belmojtar aljeriarraren Al-Mourabitoun taldeak iaz adierazi zuen Al-Qaedarekin bat egiten duela. SOMALIAKO AL-SHABAAB TALDEA Somaliako Al-Shabaab taldea herrialde hartako auzitegi islamiarren errautsetatik sortu zen. Al-Qaeda sarearekin egin zuten bat 2014an. 2016an bere jarduera armatuak gora egin du. Ahmed Umar Abu Ubaik zuzentzen du 9.000 borrokalari dituen taldea. Muqdisho Somaliako hiriburua bere mendean eduki zuen, Afrikar Batasuneko tropek bidali zuten arte. Kenyan ere eraso izugarriak egin ditu.