2016 MAI. 14 Ultzama ibaiko latsariak, Ardanazen begitik Juantxo EGAÑA Ezkabarte udalerriko kontzejua da Sorauren, Iruñetik gertukoa. Irudian, Erdi Aroko zubiaren ondoan, latsariak, Sorauren zeharkatzen duen Ultzama ibaian. Atzean, San Andres Apostolua eliza neogotikoa, iragan mendean eraikia. Donejakue bideko etapa bat, Orreaga eta Iruñea artekoa, Ezkabarte ibarrean barrena iragaten da. Udalerria «Soraguengo batailak» famatu zuen. 1813an Wellingtonen tropek soldadu frantsesak garaitu zituztenekoa. Argazkia Nicolas Ardanaz Iruñeko argazkilariak egin zuen, 1963an. Haren argazkiak hainbat hedabidek argitaratu zituzten; bertako zenbaitek, “Pregón” eta “Vida Vasca”-k, bai eta argazki elkarte batzuen aldizkariek ere, besteak beste, “Sombras” eta “Arte Fotográfico”-k.