2016 MAI. 28 Elkartasun deia dakarten joareak Koldo Sagasti Aurten hamar urte beteko dira zanpantzar zoro talde batek ikuskizun surrealista bezain epikoa eskaini zuela Palestinako Bil'in herrian. 2006ko uztaila zen eta Judimendiko Joaldunek ez zuten bitan pentsatu Ramallahko urteroko jaialdian parte hartzeko deia jaso zutenean. Palestinan Art Center erakundeak antolatzen du udaro munduko dantza herrikoien topaketa, eta orduko edizioan gasteiztarrak ziren parte hartzekoak. Bidaia gorabeheratsu baten ostean iritsi ziren Ramallahra. Eta han, ezustekoa. Israelek Libanoko hegoaldeari eraso berri zion, eta dantzaldia bertan behera utzi behar izan zuten, gainontzeko ordezkaritzek uko egin ziotelako joateari. Euskaldunek, aldiz, zailena egina zuten, eta prest agertu ziren antolakuntzakoek egokien zeritzoten lekuan jotzeko. Halaxe agertu ziren Bil'in-en, nekazarien herrixka batean, ehun bat lagunen protestaldiaren buruan jotzeko, joarez eta isopoz horniturik tropela gidatuz. GARAk ere azalera eraman zuen orduan balentria haren erretratua izenburu iradokitzaile batez: “Joaldunak Israelgo Armadari oldartu zaizkio”. Ekintzak arrasto luzea utzi zuen herrixkako biztanleen artean, baina bidaian parte hartu zutenek bazekiten, keinuez harago, elkartasunak eraginkorragoa behar duela Palestinako askapenean aurrerapausoak eman daitezen. Horregatik, hamar urte geroago, zanpantzar haiek Arabako Mendialdeko erakundeetan bilatu dute elkartasun keinu hura ekintza eraginkorragoa bilakatzeko giltza. Gauzak horrela, datorren ekainean BDZ (Israelen aurkako Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) kanpainarekiko atxikimendu ofiziala adierazteko eskakizuna aurkeztuko dute Kanpezuko Udal Batzarrean. Gainera, egitarau oparoa antolatu dute Palestinako egoera eta BDZ mugimendua auzotarren artean gizarteratzeko. Jardunaldiei jai egun batez emango diete amaiera, ekainaren 10ean. Bil'in-go ekintza xelebrea errepikaezina bada ere, hango zintzarrien oihartzunak bizirik dirau, hamarkada bat geroago. •