2016 UZT. 02 «Brexit 1» Gorka Elejabarrieta Brexit-ak Ingalaterra eta Galesen irabazi du, baina Irlandako iparraldean eta Eskozian galdu. Emaitzok lurrikara politikoa eragin dute Erresuma Batuan eta Europar Batasunean, eta horrek guztiak ekarriko dituen ondorioak ez daude oraindik oso argi. Gaurkoan Erresuma Batuko barne oreka eta harremanetan Brexit-ak izan ditzakeen ondorioak aztertuko ditut, hurrengorako utziz Erresuma Batuaren eta Europar Batasunaren arteko harremanen garapena nondik nora joan daitekeen. Erresuma Batuaren ikuspegitik, erreferendumak eta izandako emaitzek bertan bizi diren lau nazioen arteko harremanetan eragin zuzena izango du. Eskoziak eskatu du dagoeneko bigarren erreferenduma, eta inork gutxik argudia dezake datorren aldaketa estrukturalaren aurrean eskubidea ez duenik. Are gehiago, Eskozian Brexit erreferendumean izandako emaitzak ikusita, pauso nabarmena eman dute eskoziarrek independentziara bidean. Aurreko erreferendumean nazioarteak eta bereziki Europar Batasunak independentziaren kontrako kanpaina egin zuten, eta, orain, aldiz, Europar Batasunaren jarrera hori aldatu egin daiteke, posizio neutro batera, edo are gehiago, Eskoziari Europar Batasunaren kidetza ziurtatuz independentzia lortuz gero. Eskoziako bigarren erreferendum horrek, lehenengoak ez bezala, eztabaida eta talka sortuko du Europar Batasuneko estatukideen artean, Espainiar Estatuaren jarrera, esaterako, Eskozia onartzearen guztiz kontrakoa izango delako. Baina oraingoan Europar Batasuneko hainbat estaturen jarrera Eskozia onartzearen aldekoa izan daiteke, pragmatismo politikoak, interes ekonomiko eta politiko hutsen defentsak, hori eskatzen duelako. Espainiar Estatuaren kontrako arrazoien artean –ohikoa den bezala– barne arazoak demokratikoki kudeatzeko gaitasun eza besterik ez dagoelako, hots, horrek Kataluniako eta Euskal Herriko prozesu independentistetan izan dezakeen eragin positiboa. Irlandako iparraldean ere Brexit-ak galdu du, eta horrek ondorio politiko sakonak ekarriko dituela deritzot. Sinn Feinek Brexit-aren kontrako kanpaina eta DUPek Brexit-aren aldekoa egin dute, eta populazioaren gehiengoak –bertan gertatu ohi ez den bezala– bere jatorri eta kidetza kontuan hartu gabe bozkatu du, gehiengoak Brexit-ari sorbalda emanez. Sinn Feinek eskatu du dagoeneko irlaren batasunaren aldeko erreferenduma egiteko, Ostiral Santuko akordioak baimentzen duten erreferenduma hain zuzen. Argi dago, beraz, datozen hilabete eta urteetan eskoziar independentistek eta irlandar errepublikanoek euren helburuak lortzeko aukera paregabea izango dutela, eta nork esango luke, baina, maila handi batean, David Cameroni esker izango da. Baina ez gaitezen tronpatu, aukera berriok ez ditu Brexit-ak zabalduko, Brexit-aren kontrako irlandarren eta eskoziarren hautuak baizik. Nazioen autoafirmazio prozesuetan, nazio bakoitzak bere interesen aldeko bideak ibiltzen dituen heinean, nazioen eta estatuen arteko interesek nabarmen talka egiten dutenean, independentziari ateak irekitzen zaizkio. Jendearen gehiengoak bozkatu duen aukerak ez du bide erraza izango Bruselara iritsi arte. Erreferendumaren emaitzari Westminsterrek oniritzia eman behar dio lehenik, baina diputatuen gehiengoa Brexit-aren kontra dago eta Erresuma Batuko sistema elektoralak pisu nabarmena izango du diputatu bakoitzaren botoan. Era berean, ez dago argi Eskoziako Parlamentuak erabakia blokeatzeko botere legegilerik duen ala ez. Edozein kasutan, Eskoziako Parlamentuak erabaki horren kontra bozka dezake eta horrek bere horretan pisu politiko sinboliko handia izango luke. Erresuma Batuko nazioetako erabakitzeko eskubidearen mugak agerian utziko ditu prozesuak, eta, azken finean, egungo sisteman estatu propioa izateko beharra azpimarratuko du. Flandria, Euskal Herria eta Europako estaturik gabeko gainontzeko nazioetatik badugu zer egin, Eskozia, Irlanda edota Katalunia laguntzeko modurik hoberena gure herrietako prozesu independentistak aurrera eramatea baita, prozesu horietako aurrerapausoak gure bidean lagungarri izan daitezkeela jakinik. Lanera. • Christian Dutoit, abertzale flandestar militante eta lagunaren omenez Eskozian «Brexit» erreferendumean izandako emaitzekin, aurrerapausoa eman dute independentziara bidean eskoziarrek. Pragmatismoz, Europar Batasunak bere jarrera alda dezake orain