2016 UZT. 02 Ez ote da gure barruko N-1etako seinaleak apurtzeko garaia? Beñat Gaztelumendi Bertsolaria Hemen haur izatea nolakoa zen galdetzen digute; hemen zer egiten genuen uda hasierako egunetan, kurtsoa bukatu eta eskumuturretako erlojuak eranzten genituenean; hemen, errepide ertz honetan; zer egiten genuen gure adineko haurrak hondartzan edo parkean edo zineman zebiltzanean, zer egiten genuen hondartzarik edo parkerik edo zinemarik gabeko errepide ertz honetan; hemen haur izatea posible ez balitz bezala begiratzen ziguten gure adineko nerabeek. Umetatik ikasi genuen zer zen normala ez izatea, arautik kanpo egotea. Institutu garaian ezagutu genuen Donostia hark ez zuen buzo urdinik ikusi; ez zekien zer zen auzo bateko bizitza fabrika baten sirena hotsaren bueltan antolatzea, noiz gosaldu, noiz bazkaldu, noiz txanda aldaketa eta autoak autoak eta autoak etenik gabe; eta guk kontatzen genien paradisu txiki bat zela guretzat beren auto dotoreetako kristalen babesetik ikusten zuten hura; paradisua zela arratsaldeak hemen igarotzea, autoei begira, eta kamioiren bat baldin bazetorren besoa altxa eta bozina jotzeko eskatzea, hiru bozina labur, puu-puu-puu, eta berriz ere hurrengo kamioiaren zain; bizikletan Añorga Txikitik Añorgara gindoazela auto eta porlan hautsez betetzen zitzaigula mihia. Eta inork nahi ez zuen hori dena zela guk nahi genuena, geneukan bakarra. Txiste forma hartutako isekak entzun genituen umetatik, esan gabeko distantzia bat geneukan nerabezaroan ezagututako Donostiako gaztetxo askorenganako; guk ez genuen opor txundigarririk, ez opari esklusiborik, jaio ginen lekuak markatzen gintuen. Eta, hala ere, jaio ginen lekuan jaio ginen arren edo, akaso horregatik, ikasi genuen mundua gure beharren arabera ordenatzen, denek itsusitzat, ikusezintzat edo bazterrekotzat zuten hori gure egiten. Eta gaur ere hemen nago, zubipe honetan, iristen ez den autobus baten zain. Ordulariak urtu ditu ekainak; ez dabil jende askorik inguruko poligonoetan. Begirada ilundu batzuk beilategitik hara-honakoan, baina oinezko gutxi ausartzen da lau gurpilekoen eremu honetara. Egunkari bat daukat esku artean, baina ez naiz irekitzera ausartzen: odola dario, burundanga dario, isiltasuna dario eta ez dakit zer egin, eta hemen nago, geltoki honetan, doazen eta datozen autoei begira-begira. Eta joan zen asteko lau hildakoekin gogoratu naiz, eta “zergatik” galdetu diot nire buruari; amorruz estutu dut egunkaria, errua berea balitz bezala, gertakari baten atzean gertakaria bera soilik balego bezala; eta autoei begira nengoela pentsatu dut, akaso, heriotzari ere hala begiratzen diogula, edo barra ertzean eserita lasai zegoen neskaren belarrira gehiegi hurbildu den gure lagunari, edo arautik ateratzen dena ikustean sabelean sortzen zaigun harridura horri; denari begiratzen diogula autoei bezala, naturala balitz bezala, beti hala izan balitz bezala. Eta ingelesekin gogoratu naiz, ezkerretik gidatzen duen jende horrekin; eta pentsatu dut egiten gaituen mundua guk egina ere badela, norbaitek erabaki zuela eskuinetik eta ez ezkerretik gidatzea, norbaitek egin zizkiola marrak errepideari, ohituraren oinarrian beti dagoela erabaki bat. Eta zanpatu ditudanez oroitu naiz, ni ere, salbuespena baino gehiagotan bainaiz araua, jaiolekuz bazterreko naizena erdigunekoa bainaiz hankartez; bileretan hitza zanpatu diodanaz, parrandan berak begirada makurtu arte begiratu diodanaz, zaintzen asmatu ez dudanaz –“borreroak baditu milaka aurpegi”, nirea ere bai tarteka–, eta pentsatu dut jokaera-pentsaera-emozioak kudeatzeko era ahots bakarreko honetan ere ez ote den Breixit bat posible: ez ote den egunkariek baino gure barruak irakurtzeko garaia, gure barruko N-1etako seinaleak apurtzekoa. Baina eskuak odoletan dauzkan zapaltzaileari baino errazagoa da arratsaldeak autoei begira igarotzen zituen haur hari hitz egitea. •