2016 UZT. 02 Goazen! Andoni Egia Ekainaren 26ko hauteskundeak Kataluniako eta Euskal Herriko ezker independentistak irabazi zituen, Britainia Handian Europar Batasunaren inguruan egin zen erreferenduma Eskoziako independentismoak irabazi zuen modu berean. Hauteskundeak ez baititu inoiz boto gehien lortu dituenak irabazten, bai ordea bere helburuak lortzeko aukera gehien irekitzen zaizkion horrek. Hauteskunde hauetan jokoan zegoena, eta galdu dena, 1936-39 eta 1978an bezala, estatu eredua bera izan da, ez Estatuaren Gobernua. Prozesu eratzailea edo erreforma konstituzionala. Eta hori inon sinetsi bada Euskal Herrian eta Katalunian izan da, ezbairik gabe. Horrek guztiak, eta PP hazkunde nabari batekin gailendu izanak, izugarrizko frustrazioa eragin du/eragingo du espainiar jendartearen ehuneko zabal batean, eta euskal eta kataluniar jendartearen ehuneko are eta zabalago batean, espainiar Estatuan hain urgentea den eraldaketa sozialerako ezintasuna, objetiboki demostratzen den bitartean. Agertoki berria. Aukeraz beteriko agertokia. Kataluniako prozesu independentistari hauspoa emango diona. Edonola ere, agertokia guztientzat da berria. Krisi ekonomikoak aurretik eraman dituen gauzen artean, “betikoekiko” baldintzarik gabeko leialtasuna dago. Politika, identitatearen planotik praktikotasunaren planora pasatu da. Beraz, proposamenak, identitatetik jaiotzetik, jendearen eguneroko ezintasunetatik jaiotzera pasatu behar dira. Batez ere eraldaketa nahi dutenen eremu politikoan, eta horrek ez du atzera bueltarik. Azkar ibiltzeko garaiak dira, Estatuko eta nazioarteko ezegonkortasunak adierazten duen bezala, ziklo historiko berri baten atarian gaude eta ziklo berri horren gakoak interpretatzeko unea da. Proiektu independentistak ezegonkortasun hori elikatzen duten elementuak ase behar ditu, gehiengoaren behar eta desioak. Eta ez bihar, estatua edukitzerakoan, baizik eta gaur, elementuok asetzeko erremintak sortuz, instituzioetan eta kalean. Prozesu eratzailea abiatzea da independentzia lortzeko bide bakarra, eta autoeraketa da gehiengoaren behar eta desioak asetzeko modu bakarra. •