2016 UZT. 02 Keixeta eta Agiñeta aizkolariak, parez pare, 1929. urtean Donostian Juantxo EGAÑA 1929ko uztailaren 13tik 21era bitartean hirugarren Euskal Astea izan zen Donostian. Garaiko prentsak ekimenaren berri ematen zuen eta bereziki nabarmentzen zituen Nafarroa Behereko eta Zuberoako dantzarien emanaldia eta uztailaren 19ko Txistulari Eguna. Euskal Herriko bazter guztietatik heldutako 200 txistularik hartu zituzten Donostiako kaleak. Gipuzkoako Aizkolari Txapelketaren kanporaketa bat ere jokatu zen, uztailaren 17an, eta zein baino zein aritu ziren Keixeta, Urrestillakoa, eta Agiñeta, azkoitiarra. Agiñeta gailendu zen azkenerako, zortzi enborrak 14 minutu eta 10 segundoan ebakiz. Keixetak bost segundo gehiago behar izan zituen. Lehia oso estua izan zela kontatzen du garaiko prentsak. Keixetak eskuko hiru hatz falta zituen, mendian zerra mekaniko batekin lanean ari zela galdu baitzituen lehenagotik.