2016 UZT. 09 SATURRARANGO KARTZELAKO HORMA ERAITSIEK ZER KONTATU ASKO DUTE Ondarroa eta Mutriku artean, Gipuzkoa eta Bizkaia tartean, luxuzko bainuetxe bezala eraikitakoa –aberatsen atseden leku bikaina paraje paregabean–, emakumeen kartzela tamalgarri eta beldurgarri bihurtu zuten frankistek 1937-1944 bitartean. Arkitektura modu maltzurrean erabilita, lekurik ederrena zokorik ilunena bihur baitaiteke. Eraikina eraitsi arren han gertaturikoa borratu ez dadin ikerketa egin du Garazi Lizaso Manterolak. Amagoia Mujika Telleria Saturrarango emakumeen kartzelaz ez da ezer geratzen. Hondartzako parkingean ez dago han izandako presondegi ilun haren arrastorik, eta, jendartearen memorian, apenas. Akaso zeozer inguruko bazterretan, arrasto lausoturen bat noizbait nonbait zerbait irakurri duenaren memorian, tragedia hartan oinarritutako filmen bat ikusi duenarenean... baina, orokorrean, gutxi, gutxiegi, gure herriaren historian hain latza eta hain iluna izan den kapituluarentzat. Horrekin kezkatuta, Garazi Lizaso Manterola usurbildarrak kartzela horretan jarri du fokua bere master amaierako lana osatzeko. Eraikitako Ondarearen eta Eraikinen Birgaitze, Zaharberritze eta Kudeaketa Unibertsitate Masterra deiturikoa Arkitektura Arkeologiarekin lotuta dago eta ezerezetik edo gelditzen den horretatik informazioa lortzea du helburu. Eta horretan aritu da Lizaso, eraitsitako eraikin horren inguruko ahalik eta informazio gehien biltzen, betirako gal ez dadin. “Birrindutakoa berpizten. Ahaztutako arkitekturak eta emakumeak: Saturrarango emakumezkoen espetxearen adibidea” izenburupean, berez luxuzko bainuetxe izateko eraikitako eraikin multzoa kartzelarik ankerrena, maltzurrena eta bizi baldintza makurrenak zituena nola bihur daitekeen agertu du ikertzaileak, «arkitektura neutroa dela esaten den arren erabileraren arabera tresna anker bihur daitekeelako». «Dokumentazio lana ez da erraza izan. Laguntza handia izan dut, eskerrak eman behar dizkiet Arantza Ugarte eta Xabier Basterretxea Mutrikuko historialariei eta baita Iñaki Egañari ere», zehaztu du. «Nik aldarrikatu nahi dut Saturrarango kartzela gure ondarearen parte dela, ondarea ez dela gauza inpartzial bat. Irizpide batzuen baitan erabaki egiten da zer den gerora gogoratu behar dena eta zer den ahaztu daitekeena. Saturrarango eraikinak eraitsi egin zituzten eta erabaki zuten ez zela gogoratzeko modukoa han gertatu zena. Uste dut Saturrarango kartzelan gertatu zena ezin dugula ahaztu. Nahiz eta eraikina ez egon, nahiz eta euskarri arkitektonikorik ez egon, ezin dugu ahaztu Saturraranen emandako errealitate latz eta gordina. Ez da kasualitatea historia idatzi duenak, garaileak, Saturrarango kartzela eraitsi eta historiatik borratu nahi izatea». Eraikinen historia eta erabilera XIX. mendearen lehen hamarkadetan hainbat baserri eta errota zeuden Saturrarango hondartza inguruan, Ondarroa eta Mutriku artean –berez Ondarroako herritik gertuago dago eta bertako herritarrek asko lagundu zieten presoei–. XIX. mendearen erdialdean, eta euskal kostaldeak izandako turismo gorakadaren arrastoan, Gran Hotel Balneario deituriko luxuzko hotel-bainuetxea eraiki zuten. Ondorioz, alboko eraikinak ostatu bihurtu ziren. 1921. urtetik aurrera beherakada hasi zen, turismoaren gainbehera, eta Gran Hotel Balneario eta alboko eraikinak Gasteizko gotzaindegiari dohaintzan eman zitzaizkion. «Behin gerran sartuta, tropa desberdinek erabili zuten kuartel modura. Leku batzuetan jaso denez, euskal gudarosteak ere erabili zuen. Badirudi EAJko gudari batzuek han hartu zutela aterpe. Baina ingurua frankisten esku geratu zenean, frankistek hartu zuten ostatu bertan. Orduan Francok dekretu espres baten bitartez Saturrarango eraikinak kartzela bezala erabiltzeko agindua eman zuen. 1937ko abenduaren 29an agindu zuen dekretua eta 1938ko urtarrilaren 3an jarri zen martxan», agertu du Garazi Lizasok. Saturrarango kartzelak 1944ko udaberrian itxi zituen ateak, nahiz eta data zehatza ez den jakina. Saturrarango espetxeko zigilua daraman azken dokumentu ofizialak 1944ko apirilaren 27ko data dauka eta Josefa Garcia Segretenaren baldintzapeko askatasunaren berri ematen du. Behin kartzela itxita, berriz seminario modura erabili zuen Elizak. Badirudi, baina, 1969-1983 bitartean hutsik egon zela, nahiz eta ez dagoen tarte horretako informazio askorik. 1983. urtean uholdeen ondorioz oso egoera kaskarrean geratu ziren eraikinak eta eraitsi egin zituzten. Ordurako Mutrikuko udaletxearen jabetza ziren. 1938 eta 1944 bitartean milaka emakume eta haur kartzelatu zituzten Saturraranen. Ez dago preso kopuruaren datu zehatzik, baina kalkulatzen da sei urtean 3.000-4.000 emakume pasatu zirela bertatik. Euskal Memoria Fundazioak iaz argitara eman zuen 1938 eta 1945 artean Saturraranen espetxeratuta egon ziren pertsonen zerrenda eta bertan 1.583 izen aurki daitezke. Historialari askoren ustean Saturrarango presoen errolda erre egin izan da urte askoan. 2010. urtean Iñaki Egaña historialariak Martuteneko artxiboan aurkitu zituen errolda horietako batzuk eta geroztik Oñatiko Artxibo Historikoan daude gordeta. Saturraran oso garrantzitsua izan zen preso kopuruan. 1940. urtean 1.500 presotik gora zituen, eta, hiru urte geroago, 1.050. Frankismoaren ereduzko presondegia Saturrarango kartzela oso erabilia izan zen frankismoaren aldetik, «eredutzat» hartzen zuelako. “Redención” astekarian ohikoak ziren Saturrarango sistemaren inguruko goraipamenak. 1939ko maiatzaren 25eko alean jasotzen denez, «haran txiki bat, eguzkia eta argi gardena; inolako itxiturarik gabe, luzatutako triangelu irregular formakoa [...] Begiratu nahi den lekura begiratuta ere, naturak ezarritako gatz onenen emaitza aurkituko da. Eraikuntzak itsasoko kresalera bideratutako ur gozoa daraman errekatxoaren alde batera eta bestera daude, noranzko desberdinetan. Modako hondartza, ikastetxe, gorrotoak eta gerrak gidatutako armada gorriaren kuartel nagusi izan zen. Egun alaitasuna, gaztetasuna eta poza itzuli dira; lehengo modako hondartza dakar gogora, espetxearen garraztasuna ezabatuz». Propaganda frankistaren azpian, baina, beltzetan beltzena zen errealitatea sufritu zuten bertan preso zeudenek. Saturrarana iritsitako lehen emakume presoek egoera tamalgarrian zeuden eraikinak topatu zituzten: sabaiak hondoratuta, hormak zikin eta pitzatuta, beirak hautsita hoditeriak buxatuta... Lizasoren esanean, «Saturrarangoa kartzela inprobisatua zen, ez zen espetxe izateko eraikia izan. Baina bere arkitekturaren nolakotasunak eta horri emandako erabilerak kartzelarik ankerrena diseinatzeko balio izan zuten». Mendi arteko eraikin multzo batek osatzen zuen Saturrarango kartzela, mendiz inguratutako haran bat zen, nahiz eta itxitura artifizialik ez izan. Triangelu baten forma zuen; alde batean itsasoa, eta, beste erpinean, zaindariak. Ez zen alde egiteko moduko tokia. Gainera, presoak modulutan banatuta zeuden eta ezin zuten modulu batetik bestera aske mugitu. Presoen arteko harremana eragozten zen horrela. Eraikuntza txikiena guardia zibilen eta soldaduen kuartela zen, gain batean zegoena eta kartzela zorrotz kontrolatzeko modua ematen zuena. Buena Vista izeneko eraikina zen hori. Gran Hotel Balneario zenaren eraikinean zeuden mojak eta emakume preso gehienak. Baita kapera eta erietxea ere. Astigarraga ostatua hartzen zuen eraikinean amen eta umeen modulua zegoen, eta, San Pelaion, adineko emakumeena. Eta Barrenengua izeneko eraikinean zeuden Saturrarango kartzelako zigor ziegak, tamalez bere krudelkeriagatik ezagun egin direnak. Ziegok errekaren altueran zeuden eta ondorioz beti zegoen ura zoruan altuera jakin bat arte. Baina marea igotzen zenean, ia metro bateko altuera hartzen zuen urak. Zigortzen zituzten presoak bertara eramaten zituzten eta isolatuta edukitzen zituzten egun luzeetan. Kontatzen da zenbait emakume beren haurrekin zigortu zituztela eta haurrek ez zutela bizirik iraun bertako baldintza gogorretan. Hartara, hildako beren haurrekin isolatuta egunak eman zituzten preso batzuek. Gran Hotel Balneario luxuzko bainuetxea hartzen zuen eraikina da definituen dagoena, bere planoak jasota baitaude, ez beste eraikinenak bezala (bertan preso egondako emakumeen testigantzetatik osatu dira existitzen ez diren planoak). Berez kartzela izateko diseinatuak izan ez arren, erabilera anker horretarako moldatu ziren izatez luxurako eta atsedenerako diseinatutako logelak. Logelak ziegak ziren eta eraikinaren korridore nagusia baliabide bikaina bihurtu zen presoen kontrolerako. Saturrarango baldintza latzak Kartzela berez da gogorra. Eta Saturraranen presoaldia are latzagoa egiten zuten baldintza dezente zeuden. Saturrarango espetxean sartu zituzten garaiko balioen moldetatik atera ziren emakumeak. Eta espetxean egonda, zigor hirukoitza izan zuten; zigor penala, zigor soziala –berez zegozkien rolak ez zituztelako bere egiten– eta zaintzari loturikoak. Izan ere, Saturraranen emakume asko seme-alabekin zeuden, asko jaioberriak eta adin oso txikikoak. Zaintza beren gain zegoen, nahiz eta espetxean egon. Jateko gutxi zegoen, haur asko hil ziren gosez eta gaixorik, eta horrek latzagoa egiten zuen amaren zigorra. Kontatzen da presoek kanpotik jasotzen zuten jatekoa –senideek emandakoa, Ondarroako arrantzaleek bidalitako arraina...– mojek konfiskatu eta kartzelako ekonomatoan jartzen zutela salgai. Izan ere, Saturrarango beste ezaugarri bat hori zen: mojak ziren zaindariak, militarrekin batera. Eta mojak onberatasunarekin lotzeko saiakera egiten den arren, Saturrarangoek gutxi zuten horretatik. Oso zitalak ziren. Gaizki tratatzen zituzten presoak eta horregatik pasatu dira Saturrarango historiaren orrialdeetara, beren ankerkeriagatik. Bigarren Errepublikan, Victoria Kent abokatu eta legegileak aldaketa sakonak ekarri zituen espetxe erreforma bultzatu zuen, irmo sinesten zuelako kartzelak birgizarteratzeko bidea zabaldu behar zuela. Aldaketa horietako bat izan zen mojak espetxeetatik ateratzea. Baina frankismoarekin mojak espetxeetara bueltatu ziren. Batetik, preso kopurua handia zen eta horri irtenbide bat eman behar zitzaion. Hartara, berez espetxe bezala eraikiak izan ez ziren hainbat eraikin Elizak frankismoaren esku utzi zituen, kartzela bezala erabil zitzan. Bestetik, mojak erregimenarentzat doako eskulana ziren, ez zuten gasturik ekartzen, eta presoekin doktrinamendu lan itzela egiten zuten. “Okerrak” ziren emakumeak zuzentzeko helburua zuten mojek, inposatutako rolak zintzo betetzen zituzten emakumeak eraikitzekoa. Eta horretara bideratzen zituzten tailerrak eta bestelakoak. Elizak kartzeletan katekizatzeko masa sozial handia zuen. Espetxeetako funtzionarioek ere egiten zuten ekarpen propioa kartzelako egunerokoa lazteko orduan. Horietako batzuk Erregimen Berriarekiko leialtasun faltagatik susmagarritzat jo zituzten eta espedienteak ireki zizkieten. Hala ere, garai hartako kartzeletako masifikazioa zela-eta sortutako beharragatik askok euren postua mantendu ahal izan zuten. Dena den, legez, sortutako funtzionario postu berriak “basakeria gorriaren” biktimen senitartekoentzat ziren, hau da, bando nazionaleko hildako edota zaurituen familiarrentzat. Hala, mendeku egarriaren ondorioz, ankerkeriaz ziharduten presoekin zuten eguneroko tratuan. Zoruan jan eta lo egin Saturrarango eraikinak berez luxuzko hotel eta bainuetxe izateko sortu baziren ere, urte batzuk geroago bertan preso egondako emakume eta haurrek ez zuten inolako erosotasunik ezagutu. Jantoki erabilera ematen zioten nabe antzeko bati eta, bertan, lekukoen arabera, ez zegoen ezer. «Zoruan jaten genuen», kontatzen dute. Gainera, eta kartzelako masifikazioa zela-eta, bi txandatan joan behar izaten zuten, ez zirelako kabitzen. Umeei lehenago ematen omen zieten jaten, jateko zegoen apur hori. Masifikazioa lo egiteko garaian ere sufritzen zuten. «Presoak gelatan biltzen zituzten. Lurrean egiten zuten lo, militarrenak izandako lastozko koltxoi-zaku zikin batzuen gainean. Preso bakoitzak lotarako 45 zentimetroko tartea zuela kalkulatzen da. Beraz, alboz lo egin behar izaten zuten, ahoz gora ez zirelako kabitzen», zehaztu du Garazi Lizasok. Higienea bera ukatu egiten zitzaien. Bertan preso egondako Balbina Lasheras Amezagaren hitzetan, «ehun eta hirurogeik egiten genuen lo elkarrekin, bi komun bakarrik genituen eta joan ginenean konketarik ez geneukan». Carmen Riera preso ohiaren esanean, berriz, «Saturraranera iritsi ginenean gela batean sartu gintuzten eta han komunik ez zegoenez, zinkezko bost edo sei kubo jarri zizkiguten gure beharrak egiteko. Gela hartan ez zegoen ez gortinarik ez hormarik ez ezer; guztiok gure beharrak egin behar izan genituen eta gau guztian egon ziren kubo haiek han, kakaz beteta, ume guztiak han zeudela». Higienea bera ukatu zitzaien emakume haiei, ez zuten ur berorik ezagutu eta pabilioi bakar batean ere ez zegoen dutxarik. Ahal bezala garbitzen ziren. «Eraikinen egoerak eta espetxearen egituraketak eragin zuzena zuten emakume presoen egoera animiko eta emozionalean», nabarmendu du Lizasok. Bistan da bizi baldintzak oso kaskarrak zirela Saturraranen eta, ondorioz, presoen osasuna makala zen. Espetxean bertan erietxe txiki bat zegoen, baina askotan eramaten zituzten gaixo larriak herrialdeko erietxera. Saturrarango espetxean 116 emakume eta 56 haur hil ziren. Bizi baldintzak txarrak ziren eta espetxeko medikua, Luis Arriola, ez zen oso profesional txukuna. Tifusaren kontrako txertoa hiru txandatan eman ordez bakarrean eman zien, eta horrek gaixo asko eragin zituen. 1940. urteko udan 36 haur eta lau emakume hil ziren tifusaren ondorioz, kutsatutako ura edan ondoren. Haur asko hil egin ziren, beraz, eta kontatzen da beste asko mojek kendu egin zizkietela amei, familietara saltzeko. Baina datu hori ez da ziurra, nahiz eta zantzuak badauden. Preso kopuruan Saturrarango kartzela Estatu espainoleko bigarrena izan zen. Zenbait informazioaren arabera, 1941-1942 inguruan estatuan preso zeuden emakumeen erdia Saturraranen zegoen. Preso kopuruan eta horiek sufritutako ankerkerietan latzegia izan zen Saturraran, eraikinak eraitsiagatik borratu ezin den orbaina. «Nik aldarrikatu nahi dut Saturrarango kartzela gure ondarearen parte dela, ondarea ez dela gauza inpartzial bat. Irizpide batzuen baitan erabaki egiten da zer den gerora gogoratu behar dena eta zer den ahaztu daitekeena» «Presoak gelatan biltzen zituzten. Lurrean egiten zuten lo, militarrenak izandako lastozko koltxoi-zaku zikin batzuen gainean. Preso bakoitzak lotarako 45 zentimetroko tartea zuela kalkulatzen da. Beraz, alboz lo egin beharra zuten» «Saturraranera iritsi ginenean gela batean sartu gintuzten eta han komunik ez zegoenez, zinkezko bost edo sei kubo jarri zizkiguten gure beharrak egiteko. Gela hartan ez zegoen ez gortinarik ez hormarik ez ezer» Berez luxuzko bainuetxe izateko eraikitako eraikin multzoa kartzelarik ankerrena eta bizi baldintza makurrenak zituena nola bihur daitekeen agertu du ikertzaileak, «arkitektura tresna ankerra bihur daitekeelako»