GAUR8 - mila leiho zabalik

Ez dakit zer sentituko duen...


Ez dakit zer sentituko duen sexu erasoak salatzeko egin diren elkarretaratze handi horiek ikusita. Ez dakit horien berri izango duen ere. Ez dakit. Akaso modu bortitzean erasoa izan den emakumeak entzuteari eta ikusteari uzten dio. Akaso egun batzuetan, akaso betirako. Bere burua entzuten eta ikusten nahiko lan izango du, kanpora begira jartzeko ere. Total, elkarretaratze horiek igual beste batzuentzat balioko dute. Beretzat ez, bera ja hautsita dago.

Akaso bere gorputza desberdin sentituko du, berea ez balitz bezala. Besterena delakoan. Beldurra, amorrua, tristura, gogorik eza sentituko ditu agian. Negargura, tristura, inpotentzia eta negargura, berriz. Ez du goserik izango akaso, edo modu konpultsiboan jango du. Lo egiteko arazoak izango ditu, etengabe esnatuko delako builaka eta negarrez. Gerta daiteke. Ez da gustura sentituko lagunekin, etxekoekin, bikotearekin. Ez da gustura sentituko bakarrik. Gertatu dena benetakoa ote den galdetuko dio etengabe bere buruari, amesgaizto bat izan eta esnatzeko ahalegin desesperatuan, itolarri itogarrian. Segur aski alerta egoera bortitzean egongo da; urduri, haserrekor, beldurti. Eta asko kostatuko zaio zerbaitekin kontzentrazioa lortzea. Gerta daiteke errudun sentitzea, hau edo hura egin izan balu, bide hau edo hura hartu izan balu, gehiago defendatu izan balitz, gutxiago defendatu izan balitz... Egunerokoa astuna, ikaragarria, jasanezina, latza, beltza, itogarria gertatuko zaio akaso. Igual sentituko du inoiz ez dela gai izango bere egunerokora bueltatu eta horri aurre egiteko. Segur aski sentituko du betirako geratuko dela horrela, puskatuta.

Festara, ondo pasatzera, dantzara, barre lasai egitera, arima eta gorputza gozatzera atera den emakume bat era horretan birrintzea baimentzen duen jendarteak oso serio begiratu behar du bere burua ispiluan. Gustatzen zaigu ikusten duguna? Zer egiteko prest gaude hori aldatzeko? Elkarretaratzeak baino gehiago beharko da... •