GAUR8 - mila leiho zabalik

Poesiaren indarra


Barrenean ahots batek esan zien ametsen atzetik joateko… “Daedalus” poema irakurri zuenean maitemindu zen Elizabeth Smart George Barker idazlearekin. Londresko liburu denda batean aurkitu zuen idazlearen poesia liburua eta han jarri zion bere buruari idazlearekin ezkontzeko helburua. Eta, han hasi zen abentura irrazionala. Barker Japonian bizi zen orduan, emaztearekin. Idazle jardunaldi batzuetara gonbidatu zuen Barker eta berak ordaindu zizkien hegazkin txartelak, Japoniatik Kaliforniara. Barkerri eta bere emazteari, biei. Monterrey hiriko autobus geltokira iritsi zirenean, han zegoen zain Smart, eta emaztea izan zen autobusetik jaisten lehenengoa. Liburuko kapitulu batean kontatzen da enkontru hura.

Han, Kalifornian, elkar ezagutu eta egun gutxitara hasi zen hemezortzi urte iraun zuen afera eta lau seme-alaba izan zituzten elkarrekin. Hala ere, Smartek ez zuen bere helburua lortu. Barkerrek ez zuen inoiz bere emaztea utzi. Barker ez zen inoiz Smartekin ezkondu. Are gehiago, Barkerrek hamabost seme-alaba izan zituen emakume ezberdinekin.

1945. urtean idatzi zuen zuen liburua Smartek. Erlazio korapilatsu horretako hamar une, batzuetan abstraktu itxurakoak, biltzen dira bertan. Bi mila kopia argitaratu ziren lehenengo edizioan, eta gehienak Smarten amak erosi eta erre egin zituen, bere alaba gizon ezkondu batekin zegoelako lotsatua. Hirurogeigarren hamarkadan, beste autore entzutetsu batzuk prosa poetikoa bultzatzen hasi zirenean, estilo horretan mundu mailan erreferentzia bihurtu zen liburua.“By Grand Central Station I Sat Down and Wept” da liburuaren jatorrizko izenburua. Gaztelaniara itzulita dago, Periferica argitaletxearen eskutik.

Berrogeigarren hamarkadan argitaratu zen beste liburu batera pasatuko naiz hurrena. Madeleine Bourdouxhe idazle belgikarrarena da eta “En busca de Marie” deitzen da gaztelaniara egindako itzulpena. Historian zehar eragina izan duten emakume idazleen artean aurkitu nuen liburua, Londresko liburu-denda bateko mahai hartan. Bourdouxhe XX. mendeko mugimendu feministak bultzatzen ibili zen, Parisen batez ere; bertan Simone de Beauvoirren lagun egin zen eta haren influentzia eta komunean izan zuten ideologia nabarmenak dira bere lanean. Liburuan kontatzen den istorioaren ardatz nagusia afera bat da, ezkonduta dagoen protagonistak, bera baino gazteagoa den mutil bat topatzen du hondartzan dagoen egun batean. Maitasun istorioa bera baino gehiago, protagonistak aurretik ezagutzen ez zuen bere nortasun eta alter-ego hori aurkitzeko egiten duen bidaia interesatu zitzaidan, optimismo eta energiaz betetako bidaia bat hain zuzen.

Musikak betetako bidaia batean akaso ezagunago egingo zaizue hurrengo protagonista: Xabier Leteren ondoan, pianoaren atzean, sarritan ikusiko zenuten Karlos Gimenez. Baina bizitzako bidaia guztietan daude sorpresak, eta oraingo honetan Gimenezen beste alde bat ezagutu dut “La voz rendida” poesia bilduman. Musikaren erritmoa nabari da hitzen artean edo agian nire irudimenean bakarrik izango da, baina gogoeta hunkigarriak aurkitzen dira liburu onest honetan. Bere barrenera, norabait, egindako hainbat bidaia. Introspekzio gardenak. Lotsarik gabekoak.

Elkarrizketa batean esan zuen bihotzak esaten zion hori jarri duela paperean. Terraza batean hasi zen idazten eta urte askotako lanaren emaitza da hau.

Ametsak hasi zituzten. Liburu dendan. Hondartzan. Terraza hartan. Eta, ametsak bete zituzten. «Tu déjame que te sueñe. Tan solo eso. El resto lo pongo yo», Gimenezen poesia batek dioen bezala. Poesiaren edo prosa poetikoaren indarra nabarmena da denetan. Guztiak oporretarako irakurketa gomendagarriak. •