2016 IRA. 03 Konpartitzeko ausardia Iker Barandiaran Askatasun ikur edo ereduak izatea eta horiek gauzatzea erabat garrantzitsua da belaunaldi guztientzat. Askatasuna, mugimendu askea, mugarik eza... Batzuentzat errepidea, distantzia, horizontea... azken finean bidea izatea egiteko, ezagutzeko eta probatzeko. “Easy rider” delakoa iturburu AEBetako errepide erraldoietan barrena motorrean ibiltzea izan daiteke aukera; Pirinioetako mendi eta haran bakartietan norbera galdu eta horixe arnastea beste bat. Betiere ausart, ilusioz eta konbentzimenduz, ezerk traba egingo ez digulakoan. Bukatu berri diren oporretako lehen egunean autobideko restop batean autostop egiten ari ziren bi gazte guiri hartu nituen. Urtebetez Erdialdeko Amerikan zehar era horretan bidaiatu ostean hegaldia Madrilera hartu eta berriro atzamarra lagun Frantziara bidean zihoazen. Aitortu zidaten, europarrekin alderatuta, Ameriketan askoz auto eta kamioi gidari gehiago egoten zirela prest beraiekin bidaia konpartitzeko; eta ez zutela, pazientzia beti bizkarrean noski, inongo esperientzia txarrik izan. Bada hamarkada pasa autostopik egin ez dudala, baina iraganean ordu asko pasa nituen errepide bazterrean eta besteen ibilgailuetan. Ikastetxera, bainulekura, parrandara, kontzertuetara, unibertsitatera, oporretara, etxera bueltan... esker oneko jende ugari aurkitzen nuen bidean, eta bizi izandako pasarteak ugari dira, ia-ia guztiak onak. Eta ez pentsa, garai hartan asko ginen hala mugitzen ginenok; ondorioz, askotan ilaran jarri behar izaten ginen! Ahaztu duzue estanpa hori? Ez al zaizue urruna baina ezaguna egiten? Halakoetan bizi izandako pasarteetatik bi ditut gogoan. Bata, Andoainen, Bap!! taldeak eman zuen azken kontzertua. Beste aukerarik ezean Realaren partidua ikustera zihoan autobusean «kamuflatuta» Donostialdera hurbildu, Andoainen kontzertua erabat gozatu, eta berau bukatu eta jende guztiak alde egin zuenean ohartu nintzen zita egina nuen Soraluzeko lagunak ere ezin izan zuela autorik ekarri –ez, orduan ez zegoen ez Whattsappik ez sakelako telefonorik–. Ondorioz, ilargi beteaz baliatuta Deskarga mendatea erdi oinez igaro genuen, auto bat agertu eta gutako bakoitza etxera eraman gintuen arte. A ze detailea gurekin izan zuena! Beste pasartea ere Soraluzerekin lotuta dago: La Banda Trapera del Rio talde kataluniarrak gaztetxean oso publiko gutxirentzat egindako kontzertu ahaztezinaren ostean ez zen inor herritik autoan irteten; eta azkenean bertako batek autoa utzi zigun astelehena baino lehenago itzultzeko konpromisoarekin. Bai, gazteagoak ginen, jakina. Gure bailaran trenik ez da antzina egon eta bestelako garraio publikoa eskasa izan da orain urte gutxi arte. Gainera, genuen diru apurretik garraioa aurreztea –ez sakelakorik, ez Whattsappik, ez dirurik...– hobeto administratzeko modua ere bazen. Hala, beste aukera errazagorik ezean, gogo pixka bat jarrita eta saiatuta nahi genuena eta ahal genuena egiten genuen. Gaur egun hori, beste gauza asko bezala, erabat aldatu da. Izan ere, gaur egun oso-oso jende gutxik, ia inork, egiten du autostopa, bai behintzat ni ibiltzen naizen inguruetan. Berekoiagoak gara, konpartitzeko gogo gutxiago izaten dugu eta, gainera, beldurrez bizi gara, hartuko gaituenarekiko baino, hartuko dugunarekiko esango nuke nik. Edo agian ez gaude denbora xahutzeko prest edo ez dugu denbora beste batzuen borondatearen esperoan igarotzeko inolako asmorik. Nik, luzaroan alde batera eta bestera eraman nindutenen esker onez nolabait, gelditzeko ohitura dut. Baina, azken urteotan, ikasle gutxi batzuk salbu, ez dut beste inorekin topo egin. Badut 50 urte pasatxo dituen lagun bat, irakaslea; ez du gidabaimena inoiz eskuratzeko asmorik eta bizpahiru urte arte errepide bazterrean izaten zen lanera joateko esperoan. Azkenean utzi dio ohiturari, eta, bere esanetan, «auto gidariek ez diote itxura onik hartzen nire adinean oraindik gidabaimena atera gabe dagoen jendeari». Baliteke arrazoia izatea, baina gazteagoak direnek ere ez dute aukera horren alde egiten. • Aspaldi ez dut autostopik egin. Baina lehen asko ginen hala mugitzen ginenok; ondorioz, askotan ilaran jarri behar izaten ginen! Ahaztu duzue estanpa hori? Ez zaizue urruna baina ezaguna egiten?