GAUR8 - mila leiho zabalik

Lehenengo eguneko kontuak


Ezagutu dut hezitzaile bat irailaren 1ean, lehen lan egunean, hezigunera joaterakoan ingurukoek dakarten aurpegia behatzen duena. Esan didanez, urteak daramatza amaitzear duen hezitzaile ibilbide luzean ariketa hori eginez. Eta lehenengo egun horretan, oporren eta lanaren arteko langa horretan, «ongi bizi» eta «gaizki bizi» arteko muga marraztu dugun egunean, bere inguruan aurpegi irribarretsuak aurkitzen omen ditu, ilusioz beteak. Egia esan, hezigune gehienetako lehen eguneko giroa ezagututa zaila da irudikatzea ilusioz beteriko aurpegi irribarretsuak. Hezitzaile horrek kontatu dit zein baliotsua den, edo izan den bederen bere jardunean, beste arlotan militatzea. Eta militantzia horri esker, bokazioa higatu baino aberastu egin du, eta hortik omen datorkio bere ilusio agorrezina.

Ikasturte hasieran beren hezigunean festa bat egiten dute, ikasturte hasiera ospatzeko. Gurean, hezigune gehientsuenek ospatuko dute ikasturte amaierako festa. Badira gutxi batzuk, baina irudipena dut gero eta gehiago direla, ikasturte hasierako festa egiten hasi direnak: neska-mutilek hezitzaileak ezagutzeko; familiek beren artean elkarren berri izateko; finean, hautatu duten eskola “sistema” bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzea helburu duen festa, hain zuzen.

Esperientzia deigarria egin zitzaidan hasieran, eta interesgarria ondoren. Zenbat esan nahi duen gauzak nola hasten diren. Eta zer ederragorik hain luze eta korapilatsu aurreikusten den, edo aurreirizten den, ikasturteari festa giroan hasiera ematea baino!

Festa gutxi munduan, ordea. Turkiari begiratu eta handik datozen berrien arabera egoera zailean legoke hezkuntza sistema. Antza, 1.000tik gora eskola pribatu itxi, 15.200 irakasle kaleratu eta 21.000 lizentzia baliogabetu dituzte. Frantzian, berriz, azken hilabeteetako atentatuek ikara barreiatu dute Estatuan zehar. Ondorioz, Frantziako Gobernuak hezigune guztiei agindu die ikasturtean gutxienez hiru simulakro egiteko, bat atentatuena. Ikasleak ohitu daitezen “azkar eta zuzen” erantzuten ezohiko egoera baten aurrean hezigunea azkar hustuz.

Eta beldurraren arrastoak jarraituz, Hego Afrikaraino iritsi da gure begirada. Han, hiriburu administratiboa den Pretorian, neska pila kalera atera da afrikar ilea lau haizetara eramateko debekua salatzera. Bide batez jakin dugu, apartheid-aren aurkako borrokan ikur den herrialdean bertako hizkuntzak galarazita daudela zenbait eskolatan. Neska horiek bihurtu dira hezkuntzaren deskolonizazioaren ikur.

Kolonizazioa entzun eta beste mende bateko kontuez ari ginela pentsatuko zuen, akaso, baten batek. Kolonizazioak badirau, jantzi berriekin, hori bai, garai berriei egokituta.

Badugu, hala ere, itxaropenerako motiborik gurean. Nafarroako Gobernuak duela sei urte galarazitako «Euskal Herria» hitza zuten testuliburuak berriro baimendu ditu, «kultura eta hizkuntzarekin duelako lotura, eta ez politikarekin» argudiatuz. Hortaz, ezin direla debekatu.

Eta nola diren gauzak eta nola den historia. Nafarroako Gobernuak erabaki hori hartu du altxamendu faxista egin zutenek Tolosan euskarazko liburuak erre zituztela 80 urte bete diren ia egun berean. 80 urte pasa dira, eta jada liburuak fisikoki sutara botatzen ez badituzte ere, suak orain dela 80 urte deuseztatu zituen gisan desagerrarazi nahian jarraitzen dute euskararekin eta euskal nortasunarekin zerikusia duen oro. Hego Afrikan gertatzen den bezala, kolonizazioak darrai gurean ere, sotilago, suaren beharrik gabe, eta bestela LOMCE ikusi besterik ez dago.

Estrategiak estrategia, herritarrak argi esaten ari dira zein den beren nahia. Iruñeko udal haur eskolena adibiderako. Aurten 963 ikasle izango dituzte eta hona hemen haien etxekoek egin duten hautua: herena baino gehiago, 364, euskarako ereduan eskolatuko dira; beste 354 gaztelaniakoan; eta 245 ingeleseko eta gaztelaniako ereduan.

Horrek, soilik, gure ilusioa piztu beharko luke... Lan ona egiten ari gara herri honen etorkizunerako! •