2016 URR. 01 Basamortuetan galtzea atsegin zuen txirrindularia Ander Izagirre - @anderiza Kazetaria Hiru egun pasatu zituen Tunisiako mendi idorretan bizikletarekin galduta: lehenengo egunean janaririk gabe gelditu zen, bigarrenean urik gabe, eta hirugarrenaren ilunabarrean oasi bat aurkitu zuen. Hura poza! Gizon batek tea eta itzala eman zizkion. Esperientzia beldurgarria bizi izan zuen Sergio Fernandez Tolosa bartzelonarrak: eta errepikatzea erabaki zuen. Munduko basamortu zabalenak bizikletaz zeharkatzen hasi zen, beti bakarrik. «Beti bakarrik»; hori da besteok pentsatzen duguna. Sergiok eulien lagunartea aipatzen du. Australia, Atacama, Mojave, Namib, Kalahari, Gobi eta Saharan, bidaiatzea jarduera ezin monotonoagoa da, orduak eta orduak ezer gertatu gabe joaten dira, eguzki-galdatan. «Eta azkenean barne erritmo bat lortzen duzu; pedalei etengabe eragitea meditazioaren antzeko zerbait bihurtzen zaizu, aspaldiko arazoak eta bizitzako katramilak argi ikusten dituzu bat-batean. Beste une batzuetan, aldiz, burmuinak fantasiak sortzen ditu. Australian, eguzkipean kiskaltzen ari nintzela, euli pila bat jarri zitzaizkidan besoetan. Tira, beraiek ere gaizki pasatzen ariko dira, edan dezatela nire izerdia. Eta euliekin hitz egiten hasi nintzen. Beste aukera bakarra haserretzea eta etsitzea da. Eta basamortua zeharkatzeko lasaitasuna behar da». Naturaren lege gogorrenen kontra aritu zen, gero lege horiei men egin behar ziela ikasi zuen, eta basamortuan bizitzen dakiten gizakiek txunditu zuten. Bizikletaz joan nahi zuen: gailu umila delako, nekearen edo zulatu baten ondorioz Namibiako herrixka batean geldiarazten zaituelako, inor gelditzen ez den herrixka batean, eta bertakoek begi onez hartuko zaituztelako. «Trukaketa bat izaten zen. Etxeetara gonbidatzen ninduten, jana eta lotarako lekua eskaintzen zidaten eta aholkuak ematen zizkidaten. Mauritanian bero-kolpe bat jasan nuen, Mongolian ekaitz bortitz batek harrapatu ninduen, eta bertakoek etxean hartu ninduten. Ez zuten dirurik nahi izaten, baina jakin-mina pizten zitzaien bizikletaz agertzen zen estralurtar bizardun bat ikusita, eta nire kontuak entzun nahi zituzten. Eskualde oso bakartietan, berritasun exotiko bat nintzen. Ulertzekoa da. Turistak ibiltzen diren lekuetan, aldiz, ez zen gauza bera gertatzen. Marokon lehenengo gauak ostatuetan pasatu nituen, baina hirietatik aldentzen joan nintzen eta, halako batean, Atlaseko herri galdu batean, igeltsero batzuek eraikitzen ari ziren etxean lo egitera gonbidatu ninduten eta kuskusa prestatu zidaten. Orduan konturatu nintzen benetako bidaia hasten ari zela». Badirudi, beraz, turistaren eta bidaiariaren artean alderik badagoela. «Bai, baina bertakoek erabakitzen dute, ez zuk. Bertakoek nola hartzen zaituzten: zuri alfonbra bat saltzeko beste asmorik ez badute, turista bat zara; etxean hartzen bazaituzte, zure bizitzaz eta zure herrialdeaz galdetzen badizute, orduan bidaiari bat zara, talde antolatu batean joanda ere. Haiek erabakitzen dute zu zer zaren. Tira, ganoraz jokatzea da garrantzitsuena: begirunez, besteen bizitzetan kontu handiz sartuz… edo sartu gabe». Bidaiari mantsoa da Sergio. Kontinenteak orduko hamabost kilometroko abiaduraz zeharkatzen ditu, eta herri txikietan egun mordoxka bat igarotzea gustatzen zaio. «Badira bidaiari ausartagoak, oldarkorragoak, ez dakit nola deitu, baina nik denbora behar dut. Walatan, Mauritaniako basamortuko herrixka batean, aste oso bat pasatu nuen. Okinak, gosaria ekartzen zidan andreak, dendakoak... denek ezagutzen ninduten. Hitz-asperturen bat egiten genuen. Eta azkenean etxeetara gonbidatzen ninduten. Beraiek eskatzen zidaten argazkiak egiteko. Horiexek dira irudirik baliotsuenak niretzat: orain begiratzen ditudanean, badakit pertsona haiekin argazki bat baino askoz gehiago bizi izan nuela». • www.anderiza.com