2016 URR. 29 Euskal (logikaren) Gym Gorka Zozaia - @zotz_ Kimikaria Pasa den asteburuan Gasteizen izan den gimnasia erritmikoaren ekitaldi garrantzitsuaren harira, euskaldunoi garun-gimnasia pixka bat ere ondo etorriko zaigula otu zait. Izan ere, artikulazioak herdoildu eta mitxelinak pilatzen diren bezala, garuna ere atrofiatzen zaigu erabiltzen ez badugu, eta oro har, ohituagoak gaude sinistera pentsatzera baino! Ate joka dugun Halloween, adibidez. Belaunaldi gehienok kontsumoan oinarritzen den asmakizun yanki bat dakusagu, izan itsuki festan parte hartzeko, edo alderantziz, inposizioa gaitzetsi eta ospakizuna ukatzeko. Nik neuk ez nuen duela urte gutxira arte jakin euskaldunontzat Arimen Gaua izan dela beti All Hallows’ Even (“arima guztien bezpera/ arratsa”), eta Gabonak, inauteriak edo sanmartinak bezala, neguko festen tradizioaren parte dela. Alegia, uzta ospatzetik hasi eta neguaren amaierako katarsira luzatzen den epealdian ematen den tradizioaren parte, zeinaren errituetan mozorro eta kuestazioak ardatz diren (nolabait, hurrengo uzta ona izan dadin, zomorroari limosna emanez baratza bakean utziko duelakoan). Eta euskaldunontzat esan dut, baina bistan da Lurrarekin dugun milurteko loturatik heldu direla erritu hauek, behinola kristautasunak moldatuak eta gaur kapitalismoak erabat bahituak. Gabonak logika bihurri horren erakusle garbi dira; egunak luzatzen hasten direneko ospakizun nabarmena, kristautasunak lehenik eta Coca-Colak gero erabat eraldatuak. Eskerrak oraindik adineko pertsonak badiren gaztetan, azaro aldera, kalabaza eta arbiak hustu eta barruan kandela bat jarriz jendea izutzen zutela oroitzen direnak! Logikarekin tentuz ibili beharraren adibide bat ere eman digu zientziak asteon. Behatu berri dutenez, Capivara mendilerroko (Brasil) tximu kaputxinoek kuartzo harriak ezpal edo harri zati zapaletan apurtzen dituzte, gizateriaren hastapenei egozten zaizkien pieza arkeologikoen antzeko “erremintak” sortuz. Tximuek, baina, miazkatzeko baino ez dituzte erabiltzen, eta horrek orain arteko lan arkeologiko asko errebisatu beharra utzi du agerian. Alegia, halako arrastoak topatzean arinegi ondorioztatu ahal izan dugula gure arbasoenak zirela. Tira, esan bezala, pentsamendu okerrak ekiditeko garuna forman mantentzeko ariketa batzuk proposatzera natorrela beraz lerrootan. Hiru ariketa proposatuko ditut. Bata, irudiko labirintoa osatzea, sarreratik irteerarako bidea zirkulu eta izarrak txandakatuz eginez. Bigarrena, “Einsteinen igarkizuna” bezala ezagutzen dena, esaten denez gizateriaren %2k soilik ebatz dezakeena, baina inondik inora horren zaila ez dena. Eta hirugarrena, hau bai, logika igarkizun zailena bezala ezagutzen dena. “Einsteinen igarkizuna” euskaldunduz, horrela gelditzen da problema: «Bost etxe ditugu, bakoitza kolore batekoa. Bakoitzean, herri ezberdin bateko pertsona bat bizi da. Pertsona bakoitzak neguko festa ezberdin bat du gogoko, eta azokara joanda, produktu ezberdin bat erosi du eta edari ezberdin bat hartu poteoan. Jarraian ematen diren datuak emanez, asma ezazu nor den gaztainak erosi dituena. –Lizarrakoa etxe gorrian bizi da. –Donibane Garazikoak txistorra erosi du. –Kanpezukoak ardoa edan du. –Etxe berdea zuriaren ezkerretara dago. –Etxe berdekoak txakolina edan du. –Gabonak gustuko dituenak onddoak erosi ditu. –Etxe horikoak inauteriak ditu gogoko. –Erdiko etxean bizi denak patxarana edan du. –Karrantzarra lehenengo etxean bizi da. –Arimen Gaua gogoko duena, kalabaza erosi duenaren ondoan bizi da. –Arbia erosi duena, inauteriak gogoko dituenaren ondoan bizi da. –Sanmartinak gustuko dituenak garagardoa edan du. –Tolosarrak Santa Ageda du gogoko. –Karrantzarra etxe urdinaren ondoan bizi da. –Arimen Gaua gogoko duenaren bizilagunak sagardoa edan du». Eta azkenik, logika problema zailena: «Bi fauno eta gizaki bat ditugu, itxuraz berdinak hirurak. Fauno batek beti egia esaten du, beste faunoak gezurra beti, eta gizakiak egia edo gezurra esan ahal du, axolagabe. ‘Bai’ edo ‘ez’ moduan erantzuteko galdera bi proposatu behar zaizkie, hiruren artean gizakia nor den identifikatzeko». •