GAUR8 - mila leiho zabalik

Harremanak


Konplexuak dira jendarte honetan harremanak. Sentiberatasuna, lagunak, konplizitateak... Baina, bereziki konplexuak biren arteko harreman afektiboak dira, tartean sexualitatea, sexua, maitasuna edo maitemintzea dagoenean. Hasieran nekez daiteke jakin harreman batek ez nora ez nola eramango zaituen.

Ezagutzen dut “konpromisorik gabeko” istorio akordaturik, maiteminak urtutako historia bilakatua. Nago, baina, askok eta askok arriskurik hartu nahi ezagatik harremanei hasteko aukerarik ere ez dietela ematen. Arazo iturri direlakoan nahiago dutela kuadrillara mugatzea eta aldian aldiko beharrak asetzeko ordainpeko sexu-koitora jotzea… Jokabide hau agian kulturala da, gizarte eredu honek iltzatu dizkigun prejuizioek sortutako zalantza eta konfiantza faltaren emaitza, edo, besterik gabe, gizakiaren ezaugarri naturala da gaudenean geratzea eroso, urgentziazko beharrek astindu artean… Merezi du ordea arriskatzeak eta harreman-abenturak bizitzea zentzu guztietan, nora eta nola eramango zaituzten jakin gabe. Urrats-urratu bakoitzaren aurrekoak, uneko bizipenak eta ondorenak gozatzeak dizkizu giharrik txikiena ere tenkatuko, eta birika-albeoloak zabal-estuka sentiaraziko arnasketa bakoitzean. Horixe da bizitzaren gatza eta piperra.

Gustuak izan baditugu, ardo txuri, beltz edo cava, okel edo/eta arrain… Probatu zapore berriak beldurrik gabe. Harreman aukerak begi aurrean ditugu. Eta, gizarte kontsumista pozoitu honek geure aukerak diru-zorroaren, bularren edo zakilaren tamainaren arabera neurtzen dituen arren, gakoa bakoitzaren abilezian, elokuentzian eta artean dago. Baina, hauek soilik ibilian-ibilian arriskutan blaituz dira biltzen.

Bilatu besteekin harremanak, zu ere pertsona gisa aberastu egingo zaituzte eta. Bilatu batez ere sexu-harremanak, ziurgabetasun- eta beldur-murruak eraitsiko dituzu eta.

Ez egin kasu prejuizioei, ongi pasatzea baita dema. Lekuko, jasotako loreetatik gordetzen dudan ederrena: «hain gustura nago, izan ere, hainbeste barre egiten dut zurekin». Gainontzean, eman eta jaso plazera, abenturaren parte, osagarriak halere. •