GAUR8 - mila leiho zabalik

Astebete soilik elkarrekin eta dagoeneko gaizki


Aitormen bat egin nahi dizuet, autobusaren zain nagoenean ondoan daudenen elkarrizketak entzutea gustuko dut. Badakit ez dagoela ongi, baina nire burua justifikatzen dut esanez historialari moduan atzo eta gaurko gizartean dudan interesa asetzeko modua dela, edo, gaurko kasuan bezala, astekariko zutabearen gaia bilatzeko modua. Nire lanaldiaren amaiera nerabe askoren klaseetako irteera ordua izanik, autobusa neskatilez eta mutikoz betetzen da. Nerabezaroaren ezaugarri bat ez da apaltasuna, beraz, lana errazten didate: ozen eta ia oihuka entzuten ditut astelehenetan larunbateko azken mozkorraren nondik norakoak, ingeleseko azken azterketaren emaitzak edo kuadrillako baten Instagrameko azken argazkiaren gaineko iritziak. Ezer berezirik ez, egia esateko, baina atzo asko larritu ninduen elkarrizketa bat entzun nuen. Bi neskatila, hamasei-hamazazpi urte inguru, eta batak besteari; «astebete soilik Danirekin eta dagoeneko gaizki?». Eta besteak; «bai, gauza arraroak ikusten dizkiot». Lagunak aurpegi serioarekin begiratu zion, eta, galdetu, «adibidez?». «Ba ateratzen naizen bakoitzean abisatu egin behar diot, norekin nagoen azaldu… eta ez badiot abisatzen ‘pikatu’ egiten da». «¡No mola tía!» esan zion lagunak. Burua altxatu zuen bigarren neskak eta, «horrela jarraitzen badu, akabo!» esan zuenean, azkenik arnasa berreskuratu nuen.

Gutxitan, baina behin baino gehiagotan, entzun izan dut kalean emakume baten aurkako eraso bat eten dutela bizilagunek, edo bertatik pasatzen zen gizon edo emakumeren batek emakumea babestu duela. Beti galdetu izan diot nire buruari kasu horretan zein izanen zen nire jokabidea. Egia da ez nintzela eraso zuzen baten testigu izan, baina zerbait esateko gogoz gelditu nintzen. Bere lagunak esan zion «no mola tía!» horri beste hainbat gauza gehitu nahi nizkion; ez du eskubiderik, bera ez da zure jabea, hori ez da maitasuna, ez du merezi, sala ezazu eta alde egin ezazu lehenbailehen. Baina orduan ohartu nintzen emakumearen kontrako kanpaina gehienek erabiltzen dituzten leloak errepikatzen nenbilela eta ardura emakumearen gainean kokatzen ari nintzela. Gure burua zaindu behar dugu, noski, gure nahiak eta mugak errespetarazi. Baina hori ez litzateke horren beharrezkoa izanen aurrean dugunak muga horiek errespetatuko balitu. Beraz, benetan eta barrutik ateratzen zaidana eta gustatuko litzaidakeena mutiko horrekin hitz egitea litzateke. Gustura esango nioke bera ez dela neskaren jabe, kontrola ez dela maitasuna erakusteko modua eta hori ere indarkeria dela.

Beti entzuten dugu arazoa estrukturala dela, heziketarekin eta borondate onarekin gauzak aldatuko direla. Baina dirudienez hori ez da nahikoa. Munduko Foro Ekonomikoaren arabera gizonen eta emakumeon arteko berdintasun erreala lortzeko oraindik 170 urte igaro beharko dira. Beraz, ez nik, ez nire alabak, ezta autobus geltokiko neskatilen bilobek ere ez dute gizarte berri hori ezagutuko. Astero piztuko dute irratia eta emakume bat bere bikotekideak erail duela entzunen dute. Lana lortzen dutenean ikusiko dute nola beren lankide gizonek beraiek baino heren bat baino gehiagoko soldata jasotzen duten (EAE eta Nafarroa dira emakume eta gizonen arteko soldata ezberdintasun handienak pairatzen dituzten erkidegoak, Nafarroan, soldata ezberdintasuna %30 baino gehiagokoa izanik). Ama direnean jornada beraiek murriztuko dute eta ardura postuetatik aldenduko dituzte. Euren bizitzan zehar gutxienez bortxaketa saiakera bat jasanen dute, eta abar, eta abar, eta abar.

Gauzak ez dira denboraren pisu hutsez aldatuko, ez dira borondate onarekin soilik aldatuko. Azaroa indarkeria sexistaren kontrako hilabetea izanik, kanpaina eta mezu asko entzunen ditugu. Esan bezala, gehienak emakumeei zuzenduta egonen dira; sala ezazu, deiak ez du arrastorik uzten, ezetz esan, eta abar, eta abar. Lelo eta mezu gutxi jazarleei zuzenduta, Daniri zuzenduta. •