GAUR8 - mila leiho zabalik

Jai arrotzak


Atzo jai eguna izan zen Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ikasleentzat. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako heziguneentzat urriaren 12a, Hispanitatearen Eguna, izan zen bezala. Orduan ere, ez zituzten heziguneak zabaldu. Salbuespenak salbuespen, horien artean Erandioko (Bizkaia) Altzaga ikastola, “Bagoaz lanera” lemapean eskolara joan baitziren.

Atzo, azaroak 11, Lehen Mundu Gerraren amaiera ospatu zuten Estatu frantsesean. Espainiako Estatuaren pean dauden lurraldeetan, urrikoaz gain, derrigorrez ospatu beharko dute abenduaren 6a, Espainiako Konstituzioren Eguna. Hirurak “jai arrotzak” deiturikoak.

Begiratzen den lekutik begiratuta, izugarria izan zen –hitzaren zentzurik beldurgarrienean– Lehen Mundu Gerrak Euskal Herriari eta euskaldunoi ekarri ziguna. Larrutik ordaindu genuen. Euskaldunok inoiz sufritu dugun zorigaitzik handiena izan zen.

Alde soziologokotik begiratuta, drama itzela: soldadu deitu zituzten 18 eta 45 urte bitarteko gizon denak, guda lekuetara joan ziren Frantziaren alde borrokatzera. Horietatik 6.000 hil egin ziren; 10.000 inguru intsumitu egin ziren, edota desertatu egin zuten. Herriak eta baserriak lanerako onak ziren gizonez hustu ziren –Gaindegiaren arabera, 20 eta 44 urte arteko 28.325 gizon daude egun Ipar Euskal Herrian–. Belaunaldi oso bat desagertu zen, beraz.

Alde kulturalari, soziolinguistikoari, identitarioari nahi bada, begira, zer esan! Iñaki Egaña historialariaren arabera, «euskal gazteria euskalduna zen frontera hurbildu zenean, eta frantsesa herrira itzuli zenean».

Frantzia defendatzera joan ziren euskaldun haietako askok ez zekiten frantsesez. Antza, horixe izan zen askoren heriotzaren arrazoia: frantsesa jakin ez eta aginduak ulertu ez izana. Hala, “morts pour la patrie” bihurtu ziren.

Herritarrak erabat frantsestu zituen gerrak: Frantziaren aldeko propaganda mezuak barreneraino sartu ziren. Frantseste hori, ordea, estrategia planifikatua izan zen, aspalditik eta ongi neurtutako hizkuntza politika baten azken txanpa, errematea. Izan ere, Iraultzaren ondoren, lehen mailako eskolez arduratuko zen Instrukzio Publikorako Batzordearen txostena egin zuten 1791n, eta, dekretuz, irakasle frantsesen izendapena xedatu zuten soilik frankofonoak ez ziren departamentuetarako. Baina denak ere ez ziren nahikoak izan Iraultzak amesten zuen hizkuntz batasunerako eskola politika arrakastaz martxan jartzeko. Mende osoa behar izan zuten eskola publiko, doako, derrigorrezko eta laikoa sortzeko. Frantsesez ari zena, noski. Helburua ez zen soilik denei eskolan frantsesa irakastea, baizik eta frantsesa ez ziren gainerako hizkuntza guztiak suntsitzea. Bistan da Iraultzaren asmoen artean hizkuntza-uniformetasuna zegoela, eskolaren bidez egitekoa. Baita asmatu ere!

Konbentzioak 1793an emandako datuen arabera, frantsesa herrialdearen barnealdeko hamabost departamentutan hitz egiten zen; gainerakoetan, beste hainbat hizkuntza. Frantziako eremu osoan %40k soilik zuen frantsesa jatorrizko hizkuntza. Frantsesaz gain, beste 30 hizkuntza hitz egiten ziren: bretoiera, normandiera, lorenera, proventzala, euskara, katalana, bearnesa, gaskoia, eta abar.

Ezin hobe kontatzen du “Morts pour la patrie” kanta ezagunak atzoko jaia zer den: «eskuara baizik etzakiten haiek, morts pour la patrie».

Ehun urte pasa dira gerra hura amaitu zenetik. Ordutik, euskarak, eta harekin euskal munduak, beherako martxan jarraitu du Frantziako Iraultzan hasitako amildegian, etenik gabe. Zenbat urte behar izan ditugu Seaskak lehenik eta giristinoen hainbat eskolak eta pixkanaka agertzen ari diren eskola publiko elebidunek ondoren gerrak sustraietatik eten zuen belaunaldiz belaunaldiko euskararen transmisioari emeki eusten hasteko?

Iraultza bat dugu artean egiteke, jai arrotzei bizkar emanez hasi daitekeena eta euskaraz bizi eta ikasteari eutsiko diona, behingoz politika soziolinguistiko eleaniztun euskaldunak garatuko dituena.

Munduko herri txiki zapalduok, akaso, pozik ospatuko genuke “Hezkuntzaren Deskolonizazioaren Eguna”! •