GAUR8 - mila leiho zabalik

Ahanzturaren ajeak


Deigarria iruditu zait betidanik ume askok, txikienek batez ere, gauzak nahita ahazteko duten gaitasuna. Amorratuta egon daitezke edo triste, eta istant batean gai dira reset antzeko bat egin eta ezer gertatu ez balitz bezala beste jarrera batekin beste gauza zeharo desberdin bat egiten hasteko. Haurtzaroak, bizitzako fase guztiek bezalaxe, zailtasunak ere baditu, baina helduok umeez asko dugu ikasteko.

Haurtzaroan bizi izandakoak asko baldintzatzen du bizitza eta bera ikusteko modua. Hala gertatu zitzaion berari: haurtzaro zaila izan zuen, gogorra; anai-arrebarik ez eta gurasoek ez(in izan) zioten behar zuen berotasuna eta maitasuna eman. Gabezia hori izan zuen beti, afektu falta handia, eta, bakarrik, bizitzari galdetzen zion horren zergatia. Urduria zen, oso, eta horrek zaildu egiten zion besteen aurrean agertzea eta harremantzea. Nerabezaroan sartuta, drogek eman zioten ustezko segurtasuna, motxilan zeramatzan gabezia horien guztien ahanztura, eta gauetako zein lorik gabeko biharamun luze horietako paradisu artifizialetan askotan eman ohi den berotasun, kamaraderia eta buen-rollismoa aurkitu zituen. Gauak luzatzen ziren, egunetara kateatu eta etxera, bakardadea eta oroimena begi aurrean jarriko zituenera, itzultzeko gogorik ez. Baina itzuli beharra zegoen, lehenago edo beranduago motxila bizkarrean zeukan berriro, eta, paradisu horretan bizi izandakoarekin alderatuta. are eta pisutsuagoa gainera. Dependentziak sortzen dira, aukerazko ahanztura honetara itzultzeko behar eta nahia; eta ondorioz egunerokoa zaildu egiten da, maldatsuagoa bihurtzen da.

Bidean musikaren paradisua topatu zuen

Bidean beste paradisu bat aurkitu zuen, musikarena. Jende gutxi ezagutu dut inongo instrumenturik jo gabe ere, musika halako grinarekin bizi zuena. Bai, musikak txoratzen duen jende asko ezagutzen dut eta gauza asko egin ahal dituzte musikarekiko pasioak bultzatuta. Baina ez dut ezagutu musikak hainbeste ase duen beste inor. Musikalitateak berak, kantuen hitzek, interprete edo kantuen sortzaileen nondik norakoek, denak. Erreferentziazkoak zituen aldizkariak argitaratu ahala irensten zituen; hainbeste, fisikoki ere txikitzen zituela. Berari entzun edo berarekin eztabaidatzeko gogoa genuen gutxiok –ez dakizue zer galtzen zenuten besteok!– zur eta lur uzten gintuen ehunka talde zein diskoekiko zuen jakinduria handiarekin.

Guztia zen muturrekoa, demasekoa; ez zeukan erdibiderik eta guztia ematen zion begi aurrean jartzen zitzaionari. Eta ume txikiak bezala zoriontsu zen –eta hala azaleratzen zuen– lagun on batzuen konpainian bazegoen, eta zer esanik ez horietakoren bati bromaren bat egiten edo txantxa horien aurreneko ilarako ikusle izaten. Dena zuen bihotza, onerako eta txarrerako. Eta gauza guztiak, txiki zein handi, horrela hartzen zituen. Horregatik batzuetan zaila zen ulertzeko, konpartitzeko... Telefono dei batek, mezu batek... barruko ezinegona arintzen laguntzen zion. Askotan irribarre bat behar zuen, norbait ondoan zegoela jakitea, nahiz eta inoiz-inoiz ez zuen laguntzarik eskatu nahi izan.

Gero distantzia etorri zen eta horrek bakardadea areagotu zuen. Distantziak bere krudeltasunean urrundu egiten ditu nahiak, ahaleginak, sentimenduak, intentzio onak... eta horren guztiaren gainetik gailentzen da egunerokoa, errutina eta, ondorioz, norberekeria. Oharkabean reset egin dugu, beste gauza batzuei eman diogu denbora eta atentzioa. Halako gordina da bizitza.

Eta halako batean musika eten egin da. Gain egin dio bakardadeak, gabezia mingarri hori arintzen ez asmatzeak eta bizitza maldatsu honetan oinarri sendoko makulu gabe aurrera eta aurrera egin beharrak.

Baina ez dugu hain errez reseteatuko, ez dugu nahi. Zurekin bizi izandako pasarte eta anekdotak –tarteka kafkiarrak– ez ditugu ahaztuko; zailtasunak zailtasun bizitzako une bakoitza intentsitatez, pasioz, azken tanta xurgatzeraino bizitzeko izan duzun jarrera, barre egiteko erraztasun hori, bizitzako irakaspen handi bezala gordeko ditugu gurekin. •