GAUR8 - mila leiho zabalik

Sutara!


Gizateriarengan agintzen omen zuten jainko(sa) ugari eman digute mitologia ezberdinek. Oraindik ere jende askok sinesten du jainko(s)en eraginaz. Nik nahiago dut eguzkia, ilargia eta lurraren arteko harreman zientifikoa edo haizea, ura eta suak ingurunean eta gizakiongan duten eragina aintzat hartu.

Gaur, San Joan bezperako gaueko suak harrapatu egin nau eta su garbitzailearen miresle bihurtu. So naiz geratu eta gar gorri-laranja bizi artetik txinparta goria jauzi zait bekokira eta hurbileko miserien flashek, filminak lez, inguratu egin naute bira etengabean. Zorabioan, guztiona dena beretzat hartzetik jainkoak bezala bizi diren asko eta asko sutara jaurtitzeko bultzada sentitu dut, nahiz guztiz desagerrarazi ez, errauts bihurtzeko.

Orduan ikusi dut argi inkisizioaren sua helburuz eta garaiaz erratu egin zela, pizturik behar zukeela egungo piztiak errausteko… eta bat-batean, tiobiboan lez, izen lodikote hainbat hasi zaizkit buruan burrunbaka.

Harrokeriaren jainko Rafael Hernando, listu pozoitsuaz irainduz gozatzen duena, sutara.

Lapurretaren jainko Mariano Raxoi: herritarrei etxe, pentsio, soldata eta energia kostuak lapurtu eta banku eta enpresa lobby-entzat hartu dituena, baita PPrentzat eta patrikarako arpilatu duena, besterik gabe langile arrunt izatera itzuli?

Garbitu ardurak, sutara.

Justiziaren jainkoa, peluka lizundudun Espainiako AntiJustizia hau, hats okagarria ahulenen aurpegira listuka etengabe mehatxu egiten duena Iñaki Urdangarin, alias Pablo Escobar kotoi artean zaintzen duen bitartean, sutara! •