2019 IRA. 28 Gorputzetik Maider Iantzi Goienetxe Energetikoki, husteko garaia da iraila. Behar eta nahi ez ditugunei joaten uztekoa. Hiltzekoa, bizitzeko. Kanporatzekoa, gure barrenean bizipen eta ezaugarri berriei lekua egiteko. Haizegoak morkotsez bete ditu bideak. Oinak beren zimelean kolorerik ederrenak hartu dituzten hostoen artean sartu ditut. Naturarekin elkartuta, hobeki ikusten ditugu gure argi-ilunak. Eta gure izaerarekin batzen uzten ez diguten oztopoak askatzen has gaitezke. Sasoi ona da iraila gorputzetik idazten hasteko. Hitzak polit jostetik harago joaten saiatzeko. Arrazoitik, burutik, zentsuratik, autozentsuratik libre. Kiloka zintzotasun eta eskuzabaltasun eskatzen du horrek. Biluzik ibiltzea itsusiak iruditzen zaizkigun gure aldeak erakutsiz. Gure zauriak. Norbaiti inporta al zaizkio? Irakurle bezala, idazlea bilatzen dut testuetan. Poza hartzen dut lotzean, konpartitzean, identifikatzean. Agian zuk ere bilatuko nauzu ni. Nire gorputzak zer berri kontatzen ahal dizun asmatu nahian nabil. Gorputz bakoitza bakarra eta berezia izanik, hamaika istorio izanen ditu seguru, baina azalaren hizkuntza ulertzen ikasi behar dut. Arnasari entzuten, atzamarrei teklak edo boligrafoa jarraian zapaltzen uzten, zuzentasunak eta perfekzionismoak pausatu gabe. Zer kontatu nahi du nire gorputzak? Hori ere aditu behar dut, nahi duena egiten duelako... eta nahi duenean. Bere erranak harrapatzeko kale erdian apunteak hartzen ibili naiz, tarteka koadernoa motxilatik atera eta idazten. Gorputzetik idazteko, sabelari hitza ematen ikasi behar dut oraindik. Hitza sabelari itzultzen. Hitzari sabela ematen. Sabela hitzari bueltatzen. •