GAUR8 - mila leiho zabalik
PSIKOLOGIA EUSKARAZ

Abian dira psikologo euskaldunen sarea eta GuNETuz bilgune digitala

UEUko Psikologia sailak GuNETuz ataria aurkeztu zuen apirilaren 7an, «psikologo euskaldunak saretu, beraien lana euskaraz egiteko baliabideak eman eta gizarteari eduki baliagarriak eskaintzeko» helburuarekin. Ehunetik gora lagun bildu dira proiektu horretara dagoeneko, eta hura sendotzeko asmoa dute, gizartean sumatzen dituzten hutsuneei erantzuna emateko.

Gunetuz proiektuaren aurkezpena. (Jon URBE | FOKU)

Abian da UEUko Psikologia sailak apirilaren 7an aurkeztu zuen GuNETuz ataria, «psikologo euskaldunak saretu, beraien lana euskaraz egiteko baliabideak eman eta gizarteari eduki baliagarriak» eskaintzeko baliabide digitala, eta gune birtual hori eratzeko deiak erantzun ona izan duela dirudi, apirilaren 12an 109 psikologo baitziren sarean, eta kopuru horrek goranzko joera du.

«Psikologia zein euskara ipar ditugunon arteko sarea osatzea ezinbestekoa zela agerian geratu zen 2019ko azaroan Eibarren egin zen Psikologo Euskaldunen III. Topaketan. Halaber, premiazkotzat hartu genuen psikologia euskalduna egiten ari garenon lana bistaratu eta partekatzea». Pasarte hau Hazia UEUren Psikologia Saileko talde eragileak oraindik orain argitaratu zuen artikuluaren hasiera da, eta III. Topaketa hura, osatzen ari diren sarearen eta aurkeztu berri duten atariaren jatorria, Hazia taldeko kide Eneko Mendiluzek GAUR8ri azaldu dionez.

Hazia

«Hau guztia Psikologo Euskaldunen III. Topaketatik dator. Han gure lan arloari buruz hitz egin genuen arlo klinikoko psikologoek, irakaskuntzakoek, bai unibertsitateko irakasleek bai ikasleek, baita arlo profesionalean ari garenok ere… psikologo talde polit bat elkartu ginen eta euskarazko psikologiak hainbat hutsune zituela ikusita, horiei erantzuna eman nahian, poliki-poliki sarea osatzen, egonkortzen, sendotzen hasi gara». Eta GuNETuz baliabide digitala sortu dute.

Dagoeneko beren artean komunikatzeko eta behar horiei erantzuteko kanala dutela dio, eta lanik falta ez dutela izango iradoki du: «Esate baterako, psikologia tresnen %3 besterik ez dago euskaraz, irakaskuntza arloan hainbat behar ikusten ziren, eta hizkuntza arloan gure barne mundu honi buruz hitz egiteko termino egokien beharra».

Beraz, III. Topaketatik abiatuta, «orain beste martxa bat sartu dugu baliabide digital hau eskainiz». Topaketa hartan, Fernando Olabarrieta eta Xabier Isasi UEUko orduko Psikologia sailburuen lekukoa hartu zuten Luixa Reizabalek eta Mendiluzek. Han hasi ziren modu sakonagoan hitz egiten, zer egin zezaketen eztabaidatzen. «Kasualitatez artikulu bat idatzi genuen Luixa Reizabalek, Ana Novoak, Fernando Trebolek eta laurok zientzia eta humanitateen inguruan, 2020an Xabier Landabideak editatu zuen ‘K+: Zientziak eta Humanitateak COVID-19 osteko begirada multidiziplinarretik’ liburuan, eta ondoren Hazia taldea sortu genuen». Esan liteke, beraz, talde hori dela proiektuaren hazia.

Sarearen bultzatzaileen asmoa psikologo euskaldunen gune sendo bat sortzea da, gizartean sumatzen dituzten hutsuneei erantzuna emateko eduki baliagarriak eskainiz arlo horretan modu egokiagoan jardun ahal izateko. «Gizarte euskaldunak ere behar du kalitatezko arreta, psikologiarekiko kalitatezko harremana, eta guk ardura dugu zentzu horretan; guri dagokigu arreta eta eskaintza horiek puntakoak izatea gizartearen beharrei erantzuteko», dio Mendiluzek.

Lan mundua euskalduntzea

Apirilaren 7an aurkeztu zuten GuNETuz ataria, Munduko Osasunaren Eguna baita. Izan ere, Luixa Reizabalek esan zuenez, askotan osasunaz mintzatzean, alderdi fisikoan baino ez da fokua jartzen, eta «aintzat hartu behar da halabeharrez osasuna ongizate fisikoa ez ezik, mentala eta soziala ere badela». Halaber, aurten UEUren 50. urteurrena ere bada, eta bi data horiek elkartzeko asmoa zuten agerraldia egiteko.

UEUren egiteko garrantzitsuenetako bat euskal komunitate zientifikoarentzat topaguneak sortzea da. Izan ere, aditu, ikertzaile, irakasle eta ikasle euskaldunak sakabanatuta egoten dira, eta «UEUrentzat ezinbestekoa da horiek guztiak elkarri eragin diezaioten guneak izatea elkarren berri izan, beharrak aztertu, eztabaidatu eta gune horien bidez proiektu berriak sortzeko». Gainera, GuNETuz alor horretako profesionalak euskalduntzeko akuilua izango dela uste du Kepa Sarasolak, UEUko zuzendariak: «UEUn badaukagu erronka eta erantzukizuna lan mundua euskalduntzeko, euskara estandarizatzeko alor honetan ere. GuNETuz bide horretan pauso handi bat izango da, zalantzarik gabe».

Ataria

Luixa Reizabal irakasle eta ikertzaileak esan duenez, «ezinbestekoa» zen sarea osatzea: «Premiazkotzat hartu genuen euskarazko psikologia egiten ari garenon lana bistaratu eta partekatzea; hauspotzea, azken batean». Gizarteari egingo dion «ekarpen esanguratsua» ere nabarmendu du Eneko Mendiluzek, eta bilgune izaera: «Psikologiarekin edo harekin lotutako bestelako diziplinetan lanean diharduten profesional, ikasle zein erabiltzaileen bilgunea, hain zuzen».

Euskara hutsean jarduten dute, eta euskararen erabilera zuzenerako baliabideak eskaintzen ditu atariak. Bestalde, webgunearen bitartez psikologia osatzen duten askotariko arloekin zerikusia duten ezagutzak hedatuko direnez, dibulgaziorako aproposa da.

Ana Novoa irakasle eta ikertzaileak aurkezpenean nabarmendu zuenez, GuNETuz «informala eta, aldi berean, formala» da: «Intuitibo eta erabilerraza izango da, hainbat profiletako psikologoengana iristeko; lankidetzan oinarritua, unibertsitate, ikertalde, erakunde edota eragileen arteko elkarlana sustatzeko».

Bestalde, GuNETuz atariaren oinarrietako bat genero arteko parekidetasuna sustatzea da.

Atalak

Zenbait ataletan antolatuta dago webgunea, eta guztietan hainbat erreferentzia, orientabide eta baliabide daude eskuragarri: foroak hitz eta pitz aritzeko eta elkar ikusteko aukera eskaintzen du; beste atal batean askotariko albisteak ikusgai daude; beste batek ikastaroen eta lan eskaintzen berri ematen du; “Psikologia” atalean diziplinarekin zerikusia duten argitalpenak, galdetegien itzulpenak, ikerketak, orientazioa, eragileak eta bideoak ikus daitezke; “Parekidetasuna” izenekoan, berriz, genero parekidetasuna sustatzeko webguneak, bideoak, esku-hartzeak eta bestelako baliabideak daude; azkenik, “Baliabideak” atalak euskarazko datu -baseak, sare sozialak, webguneak eta euskararen erabilera tekniko eta egokirako tresnak eskaintzen ditu.

Abian dira, parte hartzeko gonbit argi batekin: «Zeu ere, nahi duzun eran, egile izan zaitezke».

ENEKO MENDILUZE

«Gizarte euskaldunaren beharren mailan egoten jakin behar dugu»

UEUko Psikologia sailburua da, Luixa Reizabalekin batera. Agintzari gizarte ekimeneko kooperatiban lan egiten du, adopzio eta harrera familiekin, eta Iruñeko Udaleko Gurasotasun baikorreko programaren ardura dute. Mendiluzek harreman arazoak izan dituzten umeekin jarduten du, haien harreman gabezia asetzeko asmoz. «Ume horiek bigarren familia bat dute, biologikoa ez dena; gure zeregina, finean, haurren eskubideak bermatzea da». Hori bere lan ofiziala dela dio, «eta, beste alde batetik, psikologo euskaldunen sarearekin eta gizartearekin dudan joera eta jarrera konprometitua da».

Pandemiaren eragina nabarmena omen da buru osasunean, besteak beste.

Bai, bai. Orain ari gara antzematen zer bizi izan dugun. Pandemiaren eragina nabarmena izan da maila psikologikoan eta gizartean, eta orain ikusten ari gara eragin horren ondorioak. Poliki-poliki ikusten ari gara zer-nolako errealitateak dauden. Esate baterako, antsietate kasuen gorakada; teknologia berrien erabilera, gero eta gehiago hitz egiten da sustantziarik gabeko adikzioari buruz; elikadura nahasmenduak gazte eta nerabeen artean; harremanak izateko beldurrak eta zailtasunak, honek dakarrenarekin… Eta jakin behar dugu pandemian gizarteak sufritu zuela sufritu dezakeen egoerarik latzena; hau da, mugimenduak mugatzea eta etxean geratu behar izatea, espazio fisikoa, alde batetik, eta harreman sozialak, bestetik, urrituta. Beraz, hemen baditugu osasunerako aldagai inportanteenak kolokan. Gizarteak osasun ikuspuntutik sufri dezakeen egoerarik latzena.

GuNETuz sortu duzuenontzat, oso garrantzitsua da hizkuntzaren eta diziplinaren arteko lotura. Batzuek, aldiz, profesional onak behar direla diote, ez euskaldunak; baina, zuk diozunez, gizarte euskaldunak ere kalitatezko arreta behar du.

Gure lan arloa harreman arloa da, eta gure bitartekoa, hitza; beraz, ondo legoke hitzaren inguruko hausnarketa bat egitea. Eta gizarte euskaldunak behar psikologikoak ere dituela jakinda, behar horien mailan egoten jakin behar dugu, gizarte horrentzako baliabideak garatzen, eta horretan dugu geure ardura eta geure burua kokatuta.

Izan ere, hainbat kasutan kalitatezko arreta izateko, euskaraz behar du, ezta?

Zalantzarik gabe, hizkuntzak horretan erabateko garrantzia du: hizkuntzaren aukerak aztertu behar dira. III. Topaketan psikologo batek zioen psikologian hitz berriak sortzen direla; esate baterako, “atxikimendu” hitza psikologia arloan erabilita, izaera nahiko akademikoa du, eta akademikotasun hori gizarteratzeko lan egin behar da. Gaur egun “atxikimendu” hitza, hain hedatua dagoena, amarekiko edo aitarekiko ume baten lotura da, psikologiaren garapenarentzat hain garrantzizkoa dena; pertsona batek agian ez du hitz hau ezagutzen, eta kontzertazioak garrantzitsuak dira, zeren, finean, errealitatea kontzertazioen bitartez garatzen da, errealitatea izendatzen dugun heinean ezagutzen dugu. Beraz, izendatze horrek erabateko garrantzia du gu munduan kokatzeko garaian.

Lacanek aztertu zuen sakon hitzaren garrantzia, eta hura kontuan hartuta sakon hitz egin genezake hitzari buruz. Edo azken garaiko Finlandiako korrontea: horiek ere erabateko garrantzia ematen baitiote hitzari eta ireki berri baitute kontzeptu bat, euskaraz “elkarrizketa irekia” esan geniezaiokeena; adibidez, psikosiaren tratamenduan garatzen ari diren eredua, Psikologiaren garapen prozesuan hitzaren garrantzia nabarmentzen duena.

Orain abian duzue horrelako ikerketak eta hausnarketak partekatzeko bilgunea.

Lehenik, horri buruz hausnartzeko kanala dugu, eta sarea egonkortu eta sendotu nahi dugu. Sarea ondo osatuta egonda, gizartean dauden beharrak antzeman eta horiei erantzuna eman nahi diegu.

Aurrekoan galdetu ziguten ia sortu behar genuen psikologo euskaldunen direktorio bat, eta eskuragarri jarri, jendeak jakiteko non dauden psikologo euskaldunak… Eta egia esan, ideia bat da. Aurkezpenean esan genuen galderak ideia bilaka daitezkeela. Gurea bizirik dagoen gunea da, duela zortzi hilabete hasi ginen berriak jasotzen, psikologia eta euskara lotzen dituztenak. Egin ziguten galdera bat eztabaidarako ideia bilakatu da. Hau guk osatzen dugu, baina zeu ere egile izan zaitezkeela diogu, hori esaten diegu psikologoei; finean, guztion artean osatzen ari garen gunea da, foroetan parte hartuz edo webgunetik mezu bat bidaliz, horretarako atal bat baitago. Horrela jasotzen ditugu ideiak eta ikusiko dugu zer erritmo hartzen duen honek; agian epe laburrean Psikologo Euskaldunen IV. Topaketa egin beharko dugu eta hurrengo martxa sartu. Ikusiko dugu zer abiada hartzen duen izen emateak, adibidez, foroetan zer harrera eta zer gai ikusten diren eta, horren arabera, zer-nolako pausoak ematen ditugun.

Bikaina izango litzateke, adibidez, GuNETuz euskarazko tesien bilgunea izatea, momentu honetan psikologia mailan ikertzen ari direnen arteko harremana, elkarlana… sustatzea. Psikologia eta euskara biltzen dituen esparru birtuala.

Gu-NET: zuok sarean bilduta.

Bai, gu, psikologook; NET, sarea, eta hitzaren amaierak horretan ari garela adierazten du: gu elkartuz, gu saretuz. Eta etorkizunean eragileekin harremanetan hasi nahi genuke, irakaskuntza arlokoekin, gizarte arlokoekin, elikadura nahasmendua tratatzen duten profesionalekin, harrera eta adopzio arloan, suizidioaren inguruan, doluaren inguruan, sustantziarik gabeko adikzioetan lan egiten dutenekin... Haiekin hitz egin, haien lanaren berri izan; esate baterako, elkarrizketak egin eta argitaratu, podcastak... Azkenean, gizartean lanean ari den jendearekin harremanetan egon nahi dugu, esan bezala gizarteari eduki baliagarriak eskaintzeko. Eta behin sarea osatu eta egonkortuta, gertuko harremana izan nahi dugu.

Harreman hori elikatu egin beharra dago.

Nahi genuke hilero barne mezu bat bidali, gauzak nondik nora doazen jakinaraziz; adibidez, hasierako orrian hilabetekaria dago, eta bertan hilero irudi bat jarriko dugu esaldi batekin eta bideo bat ikusteko gomendioa ere egingo dugu, gero horren inguruan hausnartzeko. Hil honetako irudian «barne bidaiak merezi du» esaldia ageri da, eta proposatzen duen bideoa “Ur handitan” telebista programakoa da, harrera familien ingurukoa. Hilabetekariko gaia, jakina, hilero aldatuko da, beti hilaren 7an, GuNETuz aurkeztu genuen egunez.

Momentuz kanala dago, gizartean beharra badago eta gu gogotsu gaude. Ea hemendik zer eraikitzen dugun.