GAUR8 - mila leiho zabalik
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Iluntasunean itsasargia izateko bokazioari eutsi


Iritzi trukaketa arin bat izan dugu erredakzioan Trump-Vance-Musk hirukote bihozgabearen azken-aurreko infamia iritsi denean. Adimen Artifizialaren bitartez egindako bideoari buruz ari naiz, zeinetan Gaza, bonbek suntsitutako eremu bat izatetik, oraindik milaka gorpuzki hondakinen azpian direla, luxuzko itsasertzeko estazio izatera pasa daitekeela irudikatzen den. Oihartzunik ez ematea erabaki dugu, noski: Etxe Zuriaren propaganda bizkortzeko baino ez zuen balioko. Beste albo ondorio negargarri bat ahaztu gabe: haserrearen ordez barrea eragin zezakeela albisteak. Tristea da, gero, baina horrela dago mundua.

Gizagabetasunak arinkeriarekin bat egiten duenean, ekaitz ezin hobea sortzen da. Duela mende bat Hitlerrekin gertatu zen eta gaur berriro gertatzen ari da Trumpekin. Palestinan genozidio bat ikusi berri dugu, bertatik bertara eta gordinkeria osoz, eta megalomano eta psikopata den diktadore batera iritsi gara orain. Pailazoa dela pentsatzea ez da kontsolagarria, pertsonaia barregarria izatea ez baita bateraezina immorala, masa-hiltzailea edo gizateriaren «number one» etsaia izatearekin. Alderantziz. Trump Neron moderno bat da, ukitzen duen guztia erre dezakeena.

Izurrite honen efektu hedatzailea gure begien aurrean dago jada. Ukraina bere baliabide natural preziatuenak lagatzeko zorian dago, eta horrek 1930eko hamarkadako nazien jokamoldea gogorarazten du berriz. Eskubide zibil sozialen edo, oro har, giza eskubideen aurkako erasoa abian da mundu osoan. Bi muturreko adibide, gordinak eta egosiak: Argentinan, Mileiren Gobernuak aniztasun funtzionala duten pertsonei ergel deitu die idatziz, eta Alemanian, eskuinera egin dute herritarrek, nabarmen.

Trumpen aldeko laudorioak entzun ditut hemengo taberna batean, Zelenskiren aurkako oldarraldiaren biharamunean. Ez da kasu isolatua, inertzia bat da: Lakuako arduradunak eta enpresaburuen elkarteak lotsagabeki goraipatzen ari dira industria militarra. MAGA ez da Make America Great Again bakarrik, Make Authoritarianism Great Again ere bada; aginkeriak, gizagabekeriak, errukigabetasunak goia jo dute.

Inpotentzia tentazio errazegia da testuinguru ustel honetan. Zerbait egin dezake Euskal Herriak, bere txikitasunean, halako elur-jausi baten aurrean? Galdera honi erantzuteko, beharbada kanpotik begiratu behar diogu gure herriari, barrutik baino. Eta talaia horretatik, euskal erreferentzia gure dimentsio geografiko-humanoa baino askoz handiagoa da. Mende bat geroago errepikatzen hasi den 30eko hamarkada latz hartatik orain arte beti itsasargi bat izan da, orduko gudariengandik gaur egungo borroka ugarietara. Orrialde hauetan beretan, Turingo gizarte zentro batek Askatasuna izena hartu duela aipatu da berriki.

MAGAren aurrean, EEEE da aukera, alerta-deia dirudiena, Egin Ezazu Euskal Herria Ezberdin mezua laburbiltzen duena. Ezberdin, beti bezala, eta orain, behar handiagoz. Herri honek ez du mundua Trumpengandik salbatuko, baina iluntasunean argia izateko baldintzak baditu, bokazioa beharko luke, eta misioa bere (gure) egin. Eta M8a egun ezin hobea da erakusteko. •